Baionako xingar feria gazi-gozoa

Xingar onenaren sari nagusia Michel Istillar heletarrak eskuratu zuen ostegunean

Baionako xingar feria
Baionako xingar feria
VpZtp uM 400x400
Kazetaria
2026ko apirilaren 25a - 05:30

Urdaiazpikoaren azokaren 563. edizioa egiten ari dira egun hauetan Lapurdiko hiriburuan. Osteguna eta igande arratsa bitartean milaka bisitari espero dituzte aspaldiko hitzordu honetan, eta aurten ere ekoizleen 17 erakusmahai ezarri dituzte Roland Barthes enparantzan, Errobi ibaiaren bazterrean. Sektoreak 5.000 lanpostu biltzen ditu Baiona inguruan, eta Frantziako Estatuan kontsumitzen den xingarraren %13 ekoizten du, %5 mundu osoan, batik bat Alemania, Belgika, Herbehereak eta Japonia bezalako herrialdeetan.

 

Ostegun goizean Michel Istillar heletarrari eman diote xingar onenaren sari nagusia. 16 urdaiazpikoen artean harek aurkeztu zuena hoberena zela erabaki zuten lehiaketaren epaimahaikideek. “14,7 kiloko xingarra da. Lehen aldia da parte hartzen dudala lehiaketa ospetsu honetan. Nire sekretua da baratxuria, ozpina eta Ezpeletako piperra erabiltzea xingarra ongi prestatzeko”, zioen harro 72 urteko baxenafarrak. Ohitura segituz, Xurrasko eta Bar François ostatuek enkantean erosi dute aurtengo xingar hoberena, 1.750 euroko prezioan.

Christian Montauzer Bardozeko ekoizlea eta azokaren antolatzailea da, eta biziki begi onez ikusten du jende gaztea gero eta gehiago ikustea erosleen artean

Baionako xingar feria munta handikoa da tokiko ekoizleentzat, batzuek urteko salmenten %10 egiten baitituzte egun horietan. Diotenez garrantzitsua da aspaldiko erosleak ikustea eta berriak lortzea. Christian Montauzer Bardozeko ekoizlea eta azokaren antolatzailea da, eta biziki begi onez ikusten du jende gaztea gero eta gehiago ikustea erosleen artean. “Beti plazerra da hitz ordu ederra baita giro atseginarekin. Gazteak ikusten ditugu eta horiek biharko bezeroak dira, noizbait beren emazteekin eta seme-alabekin etorriko dira-eta”, dio.

 

Pierre Oteiza ekoizle aldudarrak ere urtero parte hartzen du azokan. Duela zenbait urte hainbat laguntzailerekin galzorian zegoen euskal txerriaren arraza berpiztu zuen, eta orain Kintoa labelaren pean saltzen dute. “Aldude ibarretik urrun, Baionan bertan gauza ederra da denei erakustea nola lan egiten dugun eta nola egina den Kintoa xingarra”, dio irriz Oteizak. Kintoa sormarkan 72 ekoizle daude, urtean hiru mila txerri hazten dituzte eta esportazioak egiten dituzte ere hamabi herrialdetara.

Hitzordu gazia

Urdaiazpikoaren azoka dela eta, Baionak betiko itxura erabat aldatzen du. Gehiegi batzuen ustez. “Txikiak ginelarik aitatxirekin etortzen ginen eta harek etxeko bi xingar ekartzen zituen sorbaldan”, gogoratu du Xexili Foix irrati aurkezle baionarrak. Azoka behin baino gehiagotan tokiz mugitu dutela deitoratzen dute baionar askok. “Lehen jendea etortzen zen lehiaketan parte hartzera eta kofradiak zigilua ematen zietelarik ohore handia izaten zen. Galtzerdiak, zapiak eta horrelakoak saltzen ziren ere”, oroitu da Foix. Lehenengo izpiritua ez dela gehiago sentitzen deitoratzen dute Lapurdiko hiri nagusiko herritar anitzek.

“Oharra pertsonala da baina ez naiz bakarra. Orain zapi arrosa hedatu dute eta jende asko molde berean janzten da txuriz eta arrosez, baina horrek ez du ez bururik ez buztanik. Ohitura atxiki nahi badugu bada besterik egiteko. Nahikoa da Baionaren gorri eta berdea berreskuratzea. Arrosa koloreak seinale txarra ematen du: Disneylandia erraldoiarena”, zehaztu du ahoan bilorik gabe. Betiko baionar batzuek diote azokak beste zerbait izan behar lukeela: gune bat elkartzeko laborantzarekin, loturak indartzeko barnealdeko baserriguneekin, eta oroz gainetik, toki bat xingarra dastatzeko.

Guillaume Irigoyen: "Mugimendu beltza ikusten dugu Baionan, bertako herritarrek ezin baitute parte hartu. Masifikazioa pena da, gurea ez den eta baztertzen gaituen zerbait"

Baionan Kantuz talde herrikoiaren kideak ere iritzi berekoak dira. Aurten, lehen aldiz, ezin izanen dute beren errepertorioa hiri erdialdean plazaratu Jacques Porte plazan baizik, segurtasun neurriengatik omen. “Jatetxeen mahaiek gero eta toki gehiago hartzen dute karriketan eta gainera ezin izan dugu ostatu bat aurkitu gure gonbidatuekin lasai bazkaltzeko”, dio Guillaume Irigoyen euskaltzaleak eta Baionan Kantuz taldeko kideak.

“Hego Euskal Herriko 60 laguni ezin diegu toki goxoa eskaini eta azkenean unibertsitatearen jantegian egon beharko dugu. Mugimendu beltza ikusten dugu Baionan, bertako herritarrek ezin baitute parte hartu. Masifikazioa pena da, gurea ez den eta baztertzen gaituen zerbait. Egoera iluna da; halere, karrikara ateratzen gara euskal kantuak aurkeztera”.