• LAN ETA BIZI
  • Barrearen bidea Euskal Herrian: Iruñetik Gasteizera

Barrearen bidea Euskal Herrian: Iruñetik Gasteizera

Mundu mailan modan dagoen kirol diziplina berria Euskal Herrian ere bere tokia egiten ari da. Núcleo eta Minuet estudioak dira horren adibide

Iruñean kokatuta dago barrea praktikatzeko Núcleo estudioa | Argazkia: Núcleo
Iruñean kokatuta dago barrea praktikatzeko Núcleo estudioa | Argazkia: Núcleo
image0(1)
Kazetaria
2025eko urriaren 19a - 05:30

Ballet, pilates, yoga eta fitnessa bateratzen dituen diziplina da barrea, Euskal Herrian geroz eta presentzia handiagoa duen, besteak beste, denboran bat egin duten bi egitasmo berriri esker. Ikasturte hasiera honetan, Iruñean eta Gasteizen barrearen lehen ikasketa espezializatutako zentroak ireki dituzte: Núcleo eta Minuet. Bi proiektu desberdin dira, baina motibazio komuna dute: herritarrei oraindik ezezaguna den praktika bat hurbiltzea eta ongizate modu berrietarako lekua dagoela erakustea.

 

Apustu berritzailea

Barreak, zeina oso hedatua dagoen New York, Londres edo Madril bezalako hirietan, euskal hiriburuetan lur hartu du orain, fitness eta zaintza pertsonalaren arloan negozio eredu bereizi baten aldeko apustua egitea erabaki duten ekintzaileen eskutik. Bere hirira zerbait berria ekartzeko nahitik sortutako estudioak dira Núcleo eta Minuet. Diziplinari honi buruz ia inork entzun ez duen lurralde batean barre egiteko zentro bat martxan jartzeak erabakia eta konfiantza asko eskatzen du.

Iruñeko Núcleoren sortzaileak, Ines Detraux eta Irene Apellaniz, errioxarrak dira. Oso harrituta geratu ziren autonomia erkidegoen artean kirolarekiko dagoen kontrastearekin. “Nafarroan, txiki-txikitatik ikasten dute kirolarekin bizitzen,” dio Detrauxek. Haiek gustura joango ziren estudioa sortu nahi zuten. Faltan botatzen zuten horrelako leku bat, aurreiritzirik gabeko eta kirolean eroso aritzeko espazio berri bat. Hala, barreari bidea irekitzeko aukera ikusi zuten, bestelako esperientzia bat bilatzen duten pertsonentzat zuzenduta.

 

Minuet estudioaren kasuan, Alazne Uralde eta Ander Curielen bideek egin zuten bat. “Nik bizitza osoa daramat dantzaren munduan, eta gogoa nuen komunitate bat sortzeko eta nire esperientziatik jendea prestatzeko”, dio lehenengoak.

Alazne Uralde (Minuet): “Nik bizitza osoa daramat dantzaren munduan, eta gogoa nuen komunitate bat sortzeko eta nire esperientziatik jendea prestatzeko”

“Alaznek Barreari buruz hitz egin zidan eta sareetan arrakasta handia zuela ikusi genuen. Beraz, analisi bat egin ondoren, Gasteizen horrelakorik ez genuela ikusi eta lehenak izateko aukerari heldu genion,” aitortu du Curielek. 

IMG 7820
Mundu mailan oso modan dagoen kirol diziplina da barrea | Argazkia: Minuet

Gorabidean dagoen sektore batean ekiteko erronkak

Negozio berri bat irekitzea ez da bide erraza, eta gutxi ezagutzen den jarduera bat garatzeak konplexutasun maila igotzen du. Publikoarekiko pedagogiak, hasierako komunitatea sortzeak eta ziurgabetasunaren kudeaketak baldintzatzen dute estudioaren lehen hilabeteak: barrea zer den azaltzea suposatzen du, probatzea merezi duela erakustea eta pertsonen eguneroko bizitzan nola integratu azaltzea. Erronka hori da, aldi berean, aukerarik onena: tokiko merkatuan joera global bat sartzen lehenak izatea.

Uralderen ustez, oso diziplina osoa da, gorputza indartzeko aukera ematen duena, irudi idealaren helburuaren beharrik gabe. Betidanik kirolaria izan den Curielen kasuan, lehenengoz probatu zuenean “flipatu” egin zuela dio. Gorputzaren eta posturak zaintzearen kontzientzia nabarmendu du.

Bai Iruñean bai Gasteizen, ekintzaileak bat datoz alderik zailena eskola martxan jartzea baino, tramite burokratikoei aurre egitea izan dela. Lizentzia eskaerak, administrazio-izapideak eta ekintzailetzarako laguntzak eskuratzea arlo nahasi eta ulertezin bihurtzen dira. Egoera horiek zailtasuna areagotzen dute hutsetik negozio bat ireki nahi dutenentzat, denbora eta energia kenduta proiektuaren garapenari.

Irene Apellaniz (Núcleo) “Ekitea gure bizitzako erronkarik handiena izan da. Kontuan hartu sei eta hamar urteko lan esperientzia dugula, ez garela lan munduan hasi berriak"

Ez Minuetek ez Núcleok ez dute aholkularitza zerbitzurik izan. Beraz, lehen lerrotik bizi izan dute administrazio mundua. Negozio berri bat irekitzeak gastu handiak dakartza eta aurreztu daitekeen guztia ondo dator sor daitezkeen ustekabeetarako.

Curielek, atzera begiratzean, negozioa aurrera ateratzea ez zela hain zaila izan pentsatzen du, nahiz eta burokraziak asko zorabiatu duela onartu: “Alde batetik bestera zoazela sentitzen duzu”. Minueteko bi sortzaileek lana ondo zehaztu zuten hasieratik: Uralde irakaskuntzaz arduratu zen eta Curiel arlo ekonomikoaz. Dena den, gerora estudioaren beharretara egokitzeko premia dela eta, "behar den guztia" egiten dutela aitortu dute. Núcleoko neskak ere bat datoz: “Denetarik egiten ikasten duzu: arotzeria, aparejadore lanak, elektrizitatea…”

Ekintzailearen bide zaila

“Ekitea gure bizitzako erronkarik handiena izan da. Kontuan hartu sei eta hamar urteko lan esperientzia dugula, ez garela lan munduan hasi berriak. Hala ere, informazioa ez dago batere argi, iturri bakoitzak emaitza desberdina ematen baitizu. Ikerketa lan handia egin behar da”, aitortu du Apellanizek. Arabako estudioaren kasuan, Gasteizko Udalaren ekintzailetzarako laguntza izan dute. Lasaitasun pixka bat eman die Minuet irekitzeko prozesuan. Nafarroakoak ordea, ez du inolako laguntzarik lortu.

Horrelako istorioek agerian uzten dute proiektu gazteen arteko elkarlanaren garrantzia: ezagutza partekatuan oinarrituz, elkarrekin hazteko ahaleginak batzen dituzten profesionalak. Sektore berritzaileetan, gero eta pertsona gehiagok ekiten duten ingurune batean, sinergia horiek funtsezko osagai dira.

WhatsApp Image 2025 10 15 at 22.09.00 (1)
Núcleo estudioaren espazio bat, Iruñean | Argazkia: Nucleo

Komunitatea sortu, tokian tokikotik abiatuta

Ikasleak erakartzeaz eta klaseak betetzeaz harago, mugimenduaren inguruan komunitatea eraikitzea da bi barre zentroen helburua. Norbere burua zaintzeko, espazioa partekatzeko eta gorputzarekin konektatzeko gunea. Bide horretan, komunikazioak funtsezko papera jokatzen du. Horrela, estrategia digitala ekintzaileentzako aliatu bihurtzen da zentroaren egunerokoa erakusteko, entrenamenduei ikusgarritasuna emateko eta oraindik ere askorentzat exotikoa den praktika bat herritarrengana hurbiltzeko.

“Kirola guztiontzat da, baina egia da, barrea emakumearen irudiari oso lotuta dagoela. Mutil gehiago etortzea gustatuko litzaiguke. Mutil-laguna etor zitekeen galdetu diguten neskak izan ditugu; mundu guztiari eta adin guztiei irekitako gunea dela nabarmendu nahi dugu,” diote Minuetekoek.

Alazne Uralde: "Kirola guztiontzat da, baina egia da, barrea emakumearen irudiari oso lotuta dagoela. Mutil gehiago etortzea gustatuko litzaiguke"

Komunitate osasuntsua eraiki nahi dutela dio Detrauxek. “Núcleo izeneko gene bat egon dadila, estudiora datozen neskek izan dezatela espazio komun bat. Bakarrik etortzen bazara ere eroso egotea nahi dugu, ezagutzen ez dituzun arren Núcleo neskak direla dakizulako,” amaitu du Apellanizek.

Martxan aste batzuk bakarrik daramatzaten arren, bi ekimenen begirada etorkizunean dago jarrita. Helburua da lurraldean Barreak gero eta leku handiagoa hartu eta gero eta jende gehiagok bere egunerokotasunean integratzea.

IMG 7806
Gasteizko Minuet estudioaren barruko irudi bat | Argazkia: Minuet

Etorkizunari begira

Barrearen bidea hasi baino ez da egin Euskal Herrian, baina ekintzailetza horien bidez mundu mailako diziplinak tokiko testuinguru batean lurreratzea lortu du, negozioa aukera bilakatuz. Era berean, gogora ekartzen du ekintzaileen bidea ez dela bakarrik egiten: komunitatea, lankidetza eta sormena uztartu behar dira.

Ines Detraux (Núcleo): "Erreferente izatea nahi genuke. Izena aukeratzea oso garrantzitsua zen guretzat. Núcleo esatearekin jendeak zertaz ari zaren jakitea nahi genuen"

Curielek uste du barreak gorputz diziplina berriak sartzeko bidea ireki dezakeela. Uraldek aitortu du oraindik kosta egiten zaiola hiru urte barru estudioa nola egongo den ikustea, hasi berriak baitira. Biak ados daude komunitate polit eta gertukoa sortu nahiko luketela.

“Erreferente izatea nahi genuke. Izena aukeratzea oso garrantzitsua zen guretzat. Núcleo esatearekin jendeak zertaz ari zaren jakitea nahi genuen. Indar, ahalduntze eta espazio seguru baten esentziaren erreferente,” diote errioxarrek.