Bilbollywood: zinema eta dirua

Ibarretxe anaiek amets egin zuten Bilbollywoodekin. Horretarako lehen pausoa izan zen 'Un mundo casi perfecto' filma. Aldiz, ondoren ez zuen jarraipenik izan

'Un mundo casi perfecto' filmeko kartela 'Un mundo casi perfecto' filmeko kartela

Wonderful!” whatsappa jaso nuen mugikorrean, urtarrilaren erdialdera edo. Esteban Ibarretxek bidali zidan azkenekoa. Bi aste geroago, 66 urte zituela, hil egin zen. Bere fisikoagatik ez ezik, bere izate eta dimentsio artistikoagatik ere handia izan zen Esteban Ibarretxe. Wonderful, indeed. Aurretik joan zitzaizkigun, bere bi anai Javi eta Josemi bezalaxe. Artistak, on puskak, umoretsuak eta jakituria handikoak. Batez ere hori. Nik ez nizkien ezaugarri guzti horiek berehala igarri Ibarretxetarrei, nik Esteban ezagutu nuen garaian nire burua besterik ez nuelako nabarmendu nahi. Eta damu naiz. Geroxeago itzuliko naiz kontu honetara.

Ibarretxe brothers izenarekin ziren ezagunak Javi, Josemi eta Esteban. Produktore, gidoilari eta zuzendari, hurrenez hurren. Estebanek and sisters gaineratzen zion apelatiboari, hastapeneko film laburretatik hasita, Susana, Tere eta Inés arrebak ere han izan zirelako. Eta, geroago, Marina, Ander eta Iñigo De La Fuente, Irune eta Guillermo Llaguno ilobak eta Jone Ibarretxe Josemiren alaba ere hor izan eta izango direlako, baita beste hainbat lehengusu-lehengusin artegatsu eta lagun mordoa ere. Horiek gehienak Golem zinemetako areto nagusian batu ginen aurreko igandean; Ibarretxe brothers and sisters.

Ibarretxe brothers izenarekin ziren ezagunak Javi, Josemi eta Esteban. Produktore, gidoilari eta zuzendari, hurrenez hurren. Estebanek and sisters gaineratzen zion apelatiboari, hastapeneko film laburretatik hasita, Susana, Tere eta Inés arrebak ere han izan zirelako.

Bilboko FANT jaialdiak programatuta Malditas sean las suegras film laburraren eta Sólo se muere dos veces anaien opera primaren emanaldiak ikusi genituen. Marabilla bi. Eta zenbat izen eta izan handi kredituetan: Alex Angulo, Jon Inciarte, Rosana Pastor, Jon Arretxe, Esti Markiegi, Kiko De La Rica, Santi Ibarretxe —anai musikaria—… 35 milimetroko formatuan proiektatu zuten gainera mundu osoan den filmeko zeluloidezko ale bakarra, Edu Carneros produktoreak (familiaren abizenik ez daraman Ibarretxetarra) aurkezpen gozagarrian aipatu bezala.

Mundu ia perfektua

2010ean, euren Un mundo casi perfecto filmerako ibili nintzen produkzio laguntzaile gisa, lokalizazioetan, produkzio buru zen Sara Bergasaren esanetara. Zeregin nagusien artean, besteak beste: baimenak eskatu, bai grabatzeko, bai furgoak aparkatzeko; aktoreen aldageletarako eta makillajerako toki aproposak bilatu; prezioak negoziatu. Boroako segurtasun-enpresa batek errodajerako furgoi blindatu bat musutruk lagatzea lortu genuen. Esteban oroitzen dut enpresa hartako pabilioiaren goiko solairuan, behean aparkatuta zeuden bospasei furgoi blindaturi begira: “Afrikako elefanteak dirudite, atseden hartzen”, zioen.

Baina goazen harira. Edo dirura, hobeki esanda. Un mundo casi perfectok Eitbren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Kultur Ministerioaren dirulaguntzak jaso zituen, baina ez zen sekula ere egingo Bilboko udaleko bi erakunderen laguntzarengatik izan ez balitz. Batetik, Udal Etxebizitzakek San Ignazio auzoko bi eraikin handi errodajean erabiltzeko debalde utzi zituelako. Bestetik, Lan Ekintzak ekipoko partaide batzuen soldatak bere gain hartu zuelako.

Orduko hartan, ez zegoen ez Bilbao Ekintzarik, ez Bilbao Bizkaia Film Commissionik, are gutxiago gaur egun dagoen bertako eta kanpoko errodajeak erakartzeko egiturarik ezta estrategiarik ere. Burura datozkit urte beretsuan Pagafantas eta La máquina de pintar nubes egin zirela. Film luze bakarra, edo gehienez jota bi grabatzen ziren urtero; orain, aldiz, zenbat izango dira, lau edo bost bider gehiago?

2010ean, Game of Thrones bezalako mundu mailako arrakasta Gaztelugatxera ekartzea pentsaezina zen. Bada, Ibarretxetarrak horretan ere bisionarioak izan ziren.

2010ean, Game of Thrones bezalako mundu mailako arrakasta Gaztelugatxera ekartzea pentsaezina zen. Bada, Ibarretxetarrak horretan ere bisionarioak izan ziren. Jakin bazekiten, Javik bereziki, zinema eta dirua bateragarri direla. Box-officeko emaitzetatik kanpoko intangibleak ere badituztelako ikus-entzunezkoek: turismoan onura eta ofizio artistikoetako enpleguan eragina, besteak beste.

Bilbollywood Ibarretxetarren ametsa izan zen. Eta San Ignazioko eraikin haietan amets horren gauzapenaren hasiera. Zoritxarrez Un mundo casi perfectoren grabaketa bukatu eta gero, jarraian ezin izan zutenez bestelako pelikularik egin, lokal haien giltzak itzuli behar izan zituzten —genituen—. Ametsa ez zen konplitu.

Bilbollywood izan zenetik igaro nintzen orain dela gutxi. Bi eraikinetatik batek hutsik jarraitzen du; bestean haurtzaindegi bat ireki dute. Nahiz eta hiru anaiak desagertu diren, ez da haririk eten, Jone Ibarretxe, Nere Flanaganen, Alvaro Ordoñezen, Maria Maestreren eta Edu Carnerosen laguntzarekin batera, bere aita eta osaben inguruko dokumental bat prestatzen ari baita: Esto no es Hollywood.

Esteban Ibarretxe ezagutu nuen egunean, Atxuriko enparantzako monasteriora joan ginen berarekin lokalizatzera. Guztira bost minutu eman genituen lokalizatzen, eta ordu eta erdi pintxo-potean, tartean alboko Botxo tabernan. Askok flipatzen genuen gauza hauekin garai hartan. Eta disimuluan (askotan ezta disimuluan ere) trufa egiten genien anaiei. A zein frikiak. Bost minutuko lana, eta ordu eta erdiko aisia. Zein seriotasun gutxi. Urteak pasata, ulertu nuen irakaspena: lehenik, bizi, eta lana, geroko. Ordena horretan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK