• LAN ETA BIZI
  • Zaldien bidez giza-ongizatea bermatzea, Yolanda Moreno nafarraren negozio-ideia berritzailea

Zaldien bidez giza-ongizatea bermatzea, Yolanda Moreno nafarraren negozio-ideia berritzailea

Caballos del Bosque Igoa herrian sortu zen 2013an. Erreskatatutako zaldiak baliatzen ditu terapiak eta bestelako jarduerak gauzatzeko

Caballos del bosquek klub hipiko tradizionaletik harago joan nahi du | Argazkia: utzitakoa
Caballos del bosquek klub hipiko tradizionaletik harago joan nahi du | Argazkia: utzitakoa
Imagen 122
Kazetaria
2025eko irailaren 28a - 05:30
Eg. 2025eko irailaren 29a - 08:54

Oporretan zegoela, “oso konbentzionala” ez zen klub hipiko batekin egin zuen topo Yolanda Moreno 55 urteko iruindarrak. Hango jarduera “gehienbat zaldiekin zelaietan zehar ibiltzean zetzan, eta euren egitekoa amaitzen zen animaliekin lotura estua lortzerakoan”.

 

Bizipen horretan inspiratuta, Morenok bere klub hipiko propioa — “tamaina txikikoa”— sortu zuen 1996ean Madrilen. Espainiako hiriburuan bizi eta lan egiten zuen, Iruñean Enpresen Kudeaketa ikasi eta gero. Garai hartan ere erosi zuen bere lehen zaldia, Naranjito deiturikoa.

Morenok bere klub hipiko propioa — “tamaina txikikoa”— sortu zuen 1996ean Madrilen. Hala ere, hori “gutxi” iruditu zitzaion eta “bestelako jarduera berritzaileak” bururatu ahal zitzaizkiola pentsatu zuen

Han “hipika batek eskaini ohi duena” hasi zen eskaintzen. Hala ere, hori “gutxi” iruditu zitzaion eta “bestelako jarduera berritzaileak” bururatu ahal zitzaizkiola pentsatu zuen.

 

Munduan bueltaka eta berriz Nafarroara

Formazioa eskuratzea komeni zitzaiola ikusita, Moreno zaldi-etologia ikasten hasi zen: “ez era formalean, baizik eta irakurketa eta esperientziaren bidez”. Asmo horrekin, Ingalaterrako hego-mendebaldeko landa-eremura joan zen, eta hango baserritar batekin “asko” ikasi zuen zaldiei buruz.

Gero Estatu Batuetara abiatu zen, New York estatuan kokaturiko etxaldeetara. “Han oso argi gelditu zitzaidan zer nolako gauzak egin nahi nituen zaldiekin, eta zeintzuk ez”, ziurtatu du Morenok.

2
Proiektuak hileko kopuru baten bidez diruz laguntzen duten amabitxiak ditu, eta horren truke nahi dutenean etorri daitezke, bakarrik edo lagunekin batera. | Argazkia: utzitakoa

Bere proiektuan honakoa nahi zuen: “zaldien izateko modua errespetatzea, haiei ahalegin handirik eskatu gabe; bestela esanda, haiek lasai bizitzeko aukera izan dezaten, beraien behar biologiko funtsezkoenak asetuta, eta zaintza zenbat eta xumeagoa izan, orduan eta hobeto”. Hala, Madrilera itzuli eta jolasetan espezializaturiko enpresa baten lan egiten aritu ostean, 2013an Caballos del Bosque proiektua sortu zuen, bere familiak Basaburua ibarreko Igoa herrian zeukan landetxe baten inguruan.

23 zaldi, 23 istorio

Gaur egun 23 zaldi bizi dira landetxeak duen eremuan. Morenoren arabera, “urtero bost edo sei aldiz” jasotzen dituzte telefono deiak edo Interneteko mezua, zaldiak eskaintzen dituen jendearen partetik. Batzuek beste pertsonen propietate izaten jarraitzen dute, baina Caballos del Bosquek apopilotzat hartzen ditu. Beste batzuk “klub hipikoetatik erretiratutakoak dira”.

Animalia bakoitzak “bere istorioa du”. Monterok horietako batzuk kontatu dizkio EnpresaBIDEAri: bi zaldi Ávilan zegoen komunal akigarri batetik ekarri zituen Windsor Square deituriko elkarte batek, "gosez jota zeudela”. Beste bat emakume batek ekarri zuen, jabeari zaldi hori gaizki tratatzeagatik salatu ondoren”. Beste emakume batek “zaldi bat lortu zuen, hura zaintzeko jadanik interesatuta ez zegoen jabetik. Haragia egin behar zuten harekin, eta hori ekiditeko 200 euro ordainduta eskuratu zuen. Hala, Caballos del Bosquera ekarri zuen”.

“Urtero bost edo sei aldiz” jasotzen dituzte telefono deiak edo Interneteko mezua, zaldiak eskaintzen dituen jendearen partetik

Jaca deituriko beste zaldi bat Nafarroako Zenoz izeneko klub hipikotik zetorren, administratzaile berriek nahi ez zutelako, hazteria zeukalako eta herrena zelako. Oraindik ere albaitariak kortikosteroideak eman behar dizkio, eltxoen ziztadek eragiten dioten erantzun alergikoei aurre egiteko.

3
Zaldiak eta izarrak izeneko ariketa batera etorri zen lagun-taldea | Argazkia: utzitakoa

Zaldien bizitza luzatzea

Zaldi horiek “osasuntsuak, baina 'adinekoak' dira”. Batek, adibidez, 30 urte bete ditu. "Klub hipiko tradizionaletan zaila da 18 urte baino gehiagoko animaliak aurkitzea, haien diseinu naturalarekin bat ez datorren bizimodua daramate eta”.

Caballos del Bosquen, bisitariei “mundua zaldien ikuspegitik irakasten zaie”. Proiektuaren sustatzailea ez dago “zaldiak kirola edo landa-lanetarako erabiltzearen aurka; izan ere, etxekotuta daude, gizakiengatik genetikoki hautatuak, eta hori dela eta ezin dute naturan erabat beren kabuz biziraun”. Dena den, animalia horiekin egin daitezkeen bestelako ekintzak proposatu nahi ditu, “kirolerako edo lanerako balioa galdu dutenean oraindik ere bizitza bat eduki dezaten”. Gainera, Igoako proiektuan dauden zaldiak “atseginak" dira, eta haiekin "ziurtasun handiz" egon daiteke, nahiz eta haurrekin, noski, kontu handiagoarekin ibili behar den.

Bi jarduera-mota nagusi eskaintzen dituzte. Lehenak zaldiekin bakarrik era ludikoan egotean datza. Bi ordu edo bi ordu eta erdi inguru dirau, ekintza pribatua da. Ariketa hori moldatu egiten da pertsonen, haien adinaren eta abarren arabera. Pertsona bat edo bi izan, kostua 60 eurokoa da; eta hortik gorako taldeetan deskontua dago, "pertsona kopuruak gora egin ahala, pertsonalizazio hori txikitu egiten delako". Edozein kasutan, “jarduera lasaigarria" da; esaterako, asteburuetan egunerokotik ateratzeko.

Bi jarduera-mota nagusi eskaintzen dituzte. Lehenak zaldiekin bakarrik era ludikoan egotean datza. Bigarrena komunikazio ez-bortitzeko tailerrak dira

Bigarrena komunikazio ez-bortitzeko tailerrak dira. Horiek oinarri dute “emozio desatsegin gehienak asetuta ez dauden beharren emaitza direla. Hala, "emozio horiei irtenbidea bilatzeko saioak egiten zaizkie", Morenok kontatu duenez. 10:30etik 18:00etara irauten dute eta helduentzako jarduerak dira.

Erabiltzaileen artean aniztasun handia dago: “Familiak haurrekin, bikoteak, pertsonak etxe-animaliekin, eta abar”. Hala ere, Caballos del Bosquera doazenak gehienbat emakumezkoak dira, 20 eta 40 urte inguruko lagun taldeak. Morenok kalkulatzen du profil horretako pertsonek osatzen dutela “erabiltzaileen %75 eta %80 artekoa”.

6
Mendekotasuna duten pertsonen taldea eta haien monitorea | Argazkia: utzitakoa

Ukuilua birmoldatu eta Instagram indartu

Proiektuaren sortzaileak aitortu du “hutsune bat” dagoela Caballos del Bosque ezagutarazterakoan. Orain arte, “ahoz ahokoan” oinarritu da, “erabiltzaileek beste pertsonei egindako gomendioetan”. Hori hobetzeko, Instagramen erakargarriagoa izateko plangintza egin du.

Azaroan “ukuilua birmoldatzeko obrak” hasiko ditu, bisitariak ostatatzeko gelak eraikitzearren. Azken finean, Caballos del Bosquek Hego Euskal Herri osotik, Errioxatik, Burgosetik, eta abarretik bisitak jasotzen ditu, eta batzuetan Madriletik ere. "Beraz, ongi izango litzateke haiei ostatu eman ahal izatea”. Horrela, gainera, esperientzia are sakonagoa izan dezakete, besteak beste, animalien soinuekin lo egin eta esnatuta.