Dirua da bide bakarra

Kantari onak omen gara euskaldunok. Azken batean, kantatzen duen herria ez da inoiz hilko... Ezta aberastuko ere. Egiari zor, ez diogu ez bereziki xamur kantatu euskaldunok diruari

Nirvanaren 'Nevermind' diskoko portada, musika arloko ezagunenentako bat Nirvanaren 'Nevermind' diskoko portada, musika arloko ezagunenentako bat

Dirua. Bost letra baino ez. Hitz laburra neurriz baina sakona esanahiz. Gerren jatorri eta bikote bitxien sortzaile, maitasun beste gorroto sortzen duela zalantzarik ez dago. Arteak ederto jakin izan du bere kontraesan guztiak biltzen. Musikan, toki garrantzitsua izan du beti, maitasun istorioekin batera, hori bai. Azken batean, musika eta diruaren artekoa ez al da amodiozko istorioa?

Kit Kat Klub Cabaretera garamatza diruak, Sally Bowles kantariren historia tristera. Alemaniako egunik ilunetara. Bitxia diruak egin dezakeena. Baldin baduzu, ez duzu behar. Eta ez baduzu, behar duzu. Diruak baina, ezin du zoriontasunik erosi. Liza Minellik horrela kontatu, eta kantatu zigun. Pink Floydek txanponen hotsa erantsi zion Money kantari. Berritzailea ematen zuen baina euskaldunok aspaldi asmatu genuen gure kantak txin-txin, diruaren hotsaz zipriztintzen. ABBAk diruak dibertigarria behar zuela esan zigun, gizon aberatsaren munduan (emakume aberatsik ez, antza).

Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko. Ezta aberastuko ere.

Money Money Bilbotik ere kantatu ziguten, Money, money, hiria titanioz estali Money, money, ta gu pikutara bidali. Baina dirua zertarako? Ezertarako ere ez. Dire Straitsek argi esan zigun: money for nothing. Diskoen azaletan ere dirua protagonista, Nirvanaren Nevermind diskoarena, kasu. Agian historiako portadarik ezagunetariko bat. Nirvana eta dirua... uztargarriak al dira? Diruak dena egiten du posible.

Gurean, herri txiki zahar honetan ere kantatu izan diogu diruari. Dirua dela bide bakarra aldarrikatu izan dute, hip-hop erritmotan. Kantari onak omen gara euskaldunok. Azken batean, kantatzen duen herria ez da inoiz hilko... ezta aberastu ere. Ez diogu ez bereziki xamur kantatu euskaldunok diruari.

Euskaldunok aspaldi asmatu genuen gure kantak txin-txin diruaren hotsaz zipriztintzen

Ekonomia eta diruari kantatu dioten euskal kanten inguruan galdetu nion aurrekoan txoritxoaren herriari. Laurogei erantzun jaso nituen. Hau marka! Badok.eus euskal musikaren atarian ere bilduma dezente daude. Halako laguntzarekin merke aterako zait artikulu hau. Nire artikulua, hortaz, oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari (edo begiei, kasu honetan).

Ez dugu, ez, euskaldunok, harreman onik diruarekin. Errebeldia sena azaleratzen dugu diruaz solastean. Gurasoen mundu aldrebes hau ez dugu onartzen. Diruaren morroi izaten erakutsi omen digute. Kapitalismoarekin lotzen dugu dirua baina iraultzaileak ere bagara. Kapitalismoak dakarren katai ta zapalketa indar askatzailea bihurtu nahi izan dugu.

Ez dugu diruaren morroi izan nahi baina jakin badakigu munduko gauza guztiak gastatzen direla, eta munduko gauzarik iraunkorrena, gogorrena dirua dela. Ezin dugu burutik kendu. Nahi izanda ere, diruaz galdetu egiten digute. Maiteak, esaterako, galdegin zautan poltsa banuenentz. Poltsa bai, baina dirurik ez. Horixe gure drama. Dirurik ez. Hil behar dugu gu biok gosez. Txiroak bai, baina erromantikoak. Gosez hil behar baina, elkar maitez.

Hori da gure patua, diru gabe gelditzea. Ez digu diruak asko irauten patriketan. Hilabete erdian bukatu dut dirua, abuztuan erdia poltsikoan negua. Gastatzeko joera dugu bai, arin eta erraz. Bizkaitarrak, esaterako, Bilboko dendekin zoratzen omen gara. Bere garaian Kale Nagusian ireki zituzten saltoki handietan, batez ere. Bertan sartuko balitz Euskaldun baldresa, Dirua gastatzeko manera erreza. Zer ez genuen egingo guk dirua lortzeko? Zer ez genuen egingo txanpon baten truke? Mundua hankaz gora jarriko luke eskaleren batek, eta zazpi eskalek, are gehiago.

Zer ez genuen egingo guk txanpon baten truke?

Lan egin behar, beraz, dirua lortzeko. Lanaz, egia esateko, asko dakigu euskaldunok. Herri langile nekazaria gara eta gainera lana bihurtzen dugu kantatzeko gaia. Euskal musikak langileak harro aldarrikatu ditu, azken batean langile baten semeak (eta alabak) gara, aita (eta ama) bezala langile. Eguneroko ahaleginetan soldata baten egile. Nagusiekiko harremana, ordea, konplikatuagoa dugu. Ez gara ongi moldatzen, ez ditugu gustuko. Asko exijitzen digute. Ahal bezain ongi zerbitzatu behar ditugu, eta hori gutxi balitz, gauean langileek pottotta ta ipurdia nagusiarendako eskeini behar. Benetan da miserable euskaldunon jornalaNormala langileria sutan egotea. Normala baldintza hobeak aldarrikatzea. Eta behin eskatzen hasita, noizko sei hilabeteko oporraldia? Are gehiago, noizko ihauteriak izango dira urte osoan?  

Badira, baina, bestelako alternatibak lanari ihes egiteko. Beti negarrez eta penetan ibiltzeaz aspertuta bazaude, jornal txikiaren truk lanean aritzez, ez duzu gaizki egingo sartzea soldadu. Ameriketara joatea ere badago, bertara zentimorik gabe joanda bost milioiren jabe bueltatzen omen zara...

Bada dirua lortzeko beste modu bat: Ameriketara joatea. Bertara zentimorik gabe joanda bost milioiren jabe bueltatzen omen zara

Euskaldunok luze eta zabal kantatu diogu diruari, hortaz. Laboak, Letek, Feminek, Errobik, Danbak , Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ,eta askoz egile gehiagok ere. Ezin denak artikulu bakar batean sartu.

Kantek garbi utzi digute euskaldunok, Bizkaiko aberatsak salbu, ez garela diruzaleak. Argi dugu diruak zoriontasunik ez digula ekarriko. Poztasuna beste nonbaiten topatzen badakigu. Batzuk aspaldi jabetu ziren horretaz. Izan ere, Kausinok esan omen zuen, hizkera landuan, alegrantzia baino hoberik ez dagoela munduan. Ez diamante, ez perla, ez urre gorririk, alegrantzia baino zer gauza hoberik! 

Herriari ikasitako kantak

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK