EAE moda jasangarriaren buru

Gero eta gehiago dira jantzien jasangarritasunari begiratzen dioten euskaldunak

Moda jasangarria indarra hartzen ari da azken urteetan | Argazkia: iStock Moda jasangarria indarra hartzen ari da azken urteetan | Argazkia: iStock

Modaren industria munduko bigarren sektorerik kutsatzaileena da, petrolioaren atzetik. Arropa kontsumitzeko modu masiboak kalitate eskaseko jantziak ekarri dizkigu, oso bizitza erabilgarri laburrarekin. Erosi bai, baina berehala bota ere bai. Euskal Autonomia Erkidegoa da ehun-merkataritzan gehien gastatzen duen hirugarren erkidegoa, batez beste 527 euro urtean pertsona bakoitzeko. Eustat Euskal Estatistika Erakundearen azken datuen arabera, ehungintza euskal industriaren %3,2 da eta 6.000 langile inguru ditu.

Ehungintzaren sektoreko kontsumismo ikaragarri horrek ingurumena kaltetzen duten hondakinak sortzen ditu. ‘Fast fashion’ delakoak, dendatik kontsumitzailearengana eta handik zaborrera pasatzen den modak, hondakin-uren %20 sortzen du, Nazio Batuen Erakundearen arabera. Datuak ere jakinarazi ditu: kotoizko kamiseta bat egiteko, esaterako, 2.700 litro ur behar dira, pertsona batek hiru urtean edaten duen ur kantitate bera.

“Kotoizko kamiseta bat egiteko, esaterako, 2.700 litro ur behar dira, pertsona batek hiru urtean edaten duen ur kantitate bera"

Horrek ondorio larriak ditu ingurumenean, gizartean eta ekonomian, eta enpresak horretaz ohartu dira. Azken urteotan, enpresak arreta handiagoa jartzen hasi dira arazo etikoetan eta ingurumenekoetan; gero eta marka handiagoak dira, era batera edo bestera ekintza ekologikoetan parte hartzen dutenak eta produktu jasangarriagoak diseinatzen dituztenak. Ekodiseinu terminoak protagonismoa hartu du eta transmititzen dituen balioek gero eta indar handiagoa dute.

Hala ere, moda jasangarriaren alde egitea ez da lan erraza. Arazo nagusia da iraunkortasunaren aldeko apustuak eragin zuzena duela euskal negozioen errentagarritasunaren murrizketan. Euskadin, profesionalek nabarmendu dute zaila dela lehengai iraunkorra aurkitzea; hala ere, horien %70ek tokiko lehengaiak kontsumitzen dituzte, CIKLOren arabera. Illuminatio, adibidez, %100 birzikla daitekeen kotoidun arropa-marka bat da. Bask, SKFK, Ternua, asko dira Euskal Herrian sortutako moda jasangarriaren markak ere. Aipatzekoa, Ternuak, gainera, bere lehen denda fisikoa ireki duela Donostian:  “Aurreko dendako altzariak berrerabili eta berrinterpretatu ditugu, apal berriak birziklatutako hondakin zelulosikoetatik datoz, Honext markako ekonomia zirkularraren eredua, grafikoekin egindako lanak material birziklatu eta birziklagarriarekin eginak daude, eta moketa ere material birziklatuekin egina dago”, dio Imanol Muñoz, Ternuako marketin zuzendariak “berezko izaerari eutsiz egindako denda” dela azaltzean.

Jasangarriaren ezberdintasunak

Printzipioz, kotoi organikoa, lihoa eta kalamuaren erabilera orokortuago dago, baina badira biodiseinuarekin lan egiten duten enpresak ere. Basque BioDesign Centerren, esaterako, organismo bizidunetatik eta materia organikoetatik abiatuta, material berria sortzen saiatzen ari dira. Adibidez, sagar edo mahats hondakinetatik eratorritako, edota bertan landatzen duten onddo baten bakterio-zelulosarekin larru beganoak sortzeko saiakeran dihardute.

Beste kontuetako bat materiala ekoizteak dakarrena litzateke: energia-kontsumoa, garraioa, paketeetan biltzea eta bestelakoak ere hartzen dira kontuan. Guztiak behar du jasangarri izan: “Kontuan hartzen dugu ea nondik sortzen den material hori, non sortzen den lehengaia, hurbiletik edo urrunetik datorren, edota produktu bilakatzeko behar duen energia zenbaterainokoa den”, azaldu dute zentroan, baina, batez ere, produktuaren bizi-amaierari begiratzen diotela jakinarazi dute.

Argi diote materiala aldatuta arropen ukimena eta usaina ere aldatu egiten direla, eta kontsumitzaileak ohitu beharra duela halako aldaketetara. Bestalde, “prezioak oso altuak direla eta, agintariek ere materialen kostu eta erabilera kontrolatzeko neurriak” hartu beharko lituzketela uste dute.

“Jasangarri izateko kontuan hartzen dugu ea nondik sortzen den material hori, non sortzen den lehengaia, hurbiletik edo urrunetik datorren, edota produktu bilakatzeko behar duen energia zenbaterainokoa den”

Zailtasunak zailtasun, marka horiek produktu bera saltzearen aldeko apustua egiten dute, baina hobetuz, jasangarriagoa eginez, petrolioarekiko mendekotasuna saihestuz, eta zuntz naturalen aldeko apustu handiagoa eginez. Markak bat datoz goraldi horrek lehiakortasun handiagoa dakarrela esatean. Gizartea gero eta kontzientziatuago dago, gero eta eskari handiagoa dago, baina baita marka gehiago ere. Espero dute gizarte-kontzientziazio horrek eskaintza zabaltzea lehengaiak eskuratzeko eta ehungintza mota horren ekoizpena ere errazteko. Zaila da materialak aurkitzea, baina hori aldatu egingo da, oihartzuna gero eta handiagoa baita, diote sektoreko langileek. Euskal gizarteak gero eta gehiago baloratzen ditu artisaua eta kalitatea. "Denek gauza bera esaten digute: ukitu egiten duzu eta nabari da", diote zentroan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK