Gero eta globalizatuagoa den eta ekoizpen azkarra nagusi den sektorean, enpresa gutxik lortzen dute hazkundearen, kultura-nortasunaren eta familia tradizioaren arteko orekari eustea. Zuluaga familiaren bitxigintza tailerretik jaiotako Eguzkilore salbuespen horietako bat da. Joan den mendearen erdialdean, artisau-negozio txiki gisa hasi zena, gaur egun bere egitura profesionalizatzea lortu duen marka da bere sustrairik intimoenari uko egin gabe: eguzki-lorearena, euskal kulturaren ikur babeslea eta bere unibertso sortzailearen ardatza.
Igotz Zuluaga enpresako gerenteak honakoa dio: “Aita 14 urterekin hasi zen maisu bitxigile lanbidea ikasten. Urteetara, ama ezagutu zuen eta bera ere negozioan sartu zen. Amaren profila komertzialagoa zenez, ezin osagarriagoak ziren; bata artisaua eta bestea saltzailea. Bikote indartsua osatzen zuten”.
Igotz Zuluaga: “Aita 14 urterekin hasi zen maisu bitxigile lanbidea ikasten. Urteetara, ama ezagutu zuen eta bera ere negozioan sartu zen. Amaren profila komertzialagoa zenez, ezin osagarriagoak ziren; bata artisaua eta bestea saltzailea. Bikote indartsua osatzen zuten"
Azken hamarkadetan, Eguzkilorek finkatu egin du diseinu propioa, artisau ekoizpena eta identitate posizionamendu indartsua uztartzen dituen enpresa-eredua. Horrek, estandarizazioak saturatutako merkatuaren barruan bereizteko aukera eman dio. Bere indargune nagusia horixe izan da: ikur tradizional bat balio kultural erantsia duen produktu bihurtzea, hainbat belaunaldirekin eta Euskal Herritik kanpoko kontsumitzaileekin konektatzeko gai dena.
Zuluagak dio amaren gauza izan zela: “Gure etxean euskal mitologia oso garrantzitsua izan da beti, beraz, bere bi pasioak elkartu zituen: bitxigintza eta mitologia. Hortik gure marka sortu zen: lehen pieza, eguzkilorearen brotxa bat izan zen”. Gainera, zera gehitu du: “Artisautzak berezitasunak dakartza. Hori euskal mitologiarekin batzean, gure historiari ahotsa jartzea da gure helburua, jendea harro egon dadila bere sustraiak soinean eramateaz".
Artisautza abantaila lehiakor bezala
Eguzkiloreren lantegietan, elkarbizitza bat dago teknologiaren eta hamarkadaz hamarkada ukigabe mantendu diren eskuzko prozesuej artean. Azken leunketa, zenbait grabatu eta modelaketaren zati handi bat eskuz egiten jarraitzen dute, pieza bakoitzari akabera bakarra ematen dion doitasun lan batean.

Artisautzaren aldeko apustu hori ez da kontu estetiko bat soilik, enpresa-estrategia baizik: industria-kateek menderatzen duten merkatu batean, bereizgarria seriean erreplika ezin daitekeenetik hori da. Gerentearen hitzetan, oraindik ere ahal duten guztia artisau moduan egiten jarraitzen dute. Bere anaiak, Ander Zuluagak, dena eskuz lantzen duela dio: “Horrek gure kalitatea bermatzen du; legezko urrearekin lan egiten dugunez, piezak 'betiko' izatea lortzen dugu”.
Identitatearen garrantzia
Euskal kulturan sakon errotuta egon arren, Eguzkilorek lurraldeko muga fisiko eta sinbolikoetatik haratago zabaltzea lortu du. Euskal Herriko hiri berrietan duen presentziak eta online merkatu gero eta handiagoak, bezero profil askotarikoagoa erakarri dute, bitxi bakoitzaren atzean dagoen historia ezagutu nahian. Hedapen horrek enpresa profesionalizatzea eskatu du. Hala ere, familiak behin eta berriz dio mugimendu horietako batek ere ez duela bere esentzia diluitu, indartu baizik.
Espainiako Estatuan denda gehiago irekitzeko iradokizunak iritsi zaizkie, baina argi dute hori ez dela nahi dutena. Negozioa zabaltzeak markaren berezko balioak baztertzea ekarriko luke: “Behin eta berriro eskatzen digute Madrilen eta Bartzelonan dendak irekitzea, baina guk ezin dugu produkzio handiagorik egin industrializazio batean sartu gabe. Hori ez da gure helburua. Gure filosofia tailer familiarra mantentzea da; enpresa txiki eta kalitatezkoa izatea da gure identitatea eta ez diogu horri uko egin nahi”, komentatu du Zuluagak. “Artisau bitxigintza barruan daramagu eta ez dugu hori galdu nahi”, gaineratu du Zuluagak.
Zuluaga: "Enpresa txiki eta kalitatezkoa izatea da gure identitatea, eta ez diogu horri uko egin nahi”
“Gure asmoa ez da nazioarteko marka bat egitea, hemengoari balioa ematea baizik. Lurraldea bisitatzera etortzen diren turistengana iritsi ahal izatea? Aparta, baina ez dugu askoz gehiago zabaltzeko asmorik”, argitu du.
Jasangarritasuna eta trazabilitatea zutabe gisa
Bezeroengatik gehien baloratutako ezaugarrietako bat da material jasangarrien aldeko apustua; haien artea, birziklatutako urrea, pieza zaharrak berrerabiltzea ahalbidetzen duen jardunbidea. Horri esker, ingurumen inpaktua murriztu egiten da. Berrerabilerak, dimentsio emozionalari lekua ematen dio: familia oroitzapenak bitxi berrietan bihurtzea.
Euskal Herriko hiri berrietan duen presentziak eta online merkatu gero eta handiagoak, bezero profil askotarikoagoa erakarri dute
Jendeari urrea erosten diote, pieza zahar horietatik berriak sortzeko. Urrea nahi beste birziklatu daiteke, beraz metodo hori asko erabiltzen dute. Prozesua horrela azaltzen du gerenteak: “Erosi ondoren, urre puru pixka bat bota behar zaio, gero Eusko Jaurlaritzako kontrastera bidali behar da. Bueltan dugunean, analisi batzuetatik pasa behar dugu pieza beste produktu berria egin ahal izateko. Prozesu honek oso zirkularrak izatea baimentzen digu”.
Tradizioaren eta berrikuntzaren artean
Belaunaldien arteko erreleboak bilakaera naturala ekarri du. Belaunaldi berriak komunikazio digitala, diseinu garaikideagoa eta bilduma berriak txertatu ditu, marka identifikatzen duen estetika eta sinbologia mantenduta. Berrikuntzaren eta tradizioarekiko errespetuaren arteko nahasketa hori bihurtu da bere jarraitutasunaren gakoetako bat.

Abenduaren 22an, 66 urteren ondoren, Zuluaga bitxigileak Bilboko Alde Zaharrera itzuli dira establezimendu berri bat irekiz, familiarentzat ere esanahiz beteriko proiektua dena. Tenderia 48 kalean, Ixidor Zuluagak 1959an lehen bitxitegia ireki zuen lekutik hurbil, Zuluaga-Eguzkilore bitxitegi berria dago.
Hori ospatzeko, bitxi berri bat sortu dute, hiriari, Alde Zaharrari, eta bere taupadari bizirik eusten diotenei omenaldia egiten diena. Zazpi kaleen trazadurak marrazten duen forma da Bilboko Bihotza. Erdigunea Santiago Katedralean du, bitxi-dendatik oso gertu, eta bitxian zirkonita baten distiraz markatuta dago. Arima eta esanahia duten bitxien proposamena Alde Zaharrera eramatea du helburu, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den ofizioa bizirik mantenduta.