Etxetik mugitu gabe eguzki-eklipse osoa ikusteko aukera ez da oso sarri izaten. Gaur 19:30ak inguru hasiko den fenomenoaz, baina, Euskal Herritik gozatzeko aukera izango dugu. Izango da literalki bere bizitokitik mugitu gabe eklipsea behatuko duenik. Aitzitik, oso-osorik ikusi nahi duenak Euskal Herriko ekialdera eta hegoaldera egin beharko du bidaia, tartean Bilbo edo Gasteiz bezalako hirietara, Arabako Errioxara edota Nafarroako Erriberara.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Baina harago joanez, aztertu al daiteke eklipseak gurean izango duen eragina ekonomia ikuspegitik? Zifrek baietz diote. Euskal Herrian proiektu esanguratsua abiarazi duen entitateetako bat Nafarroako Gobernua izan da, NICDO sozietate publikoaren bitartez. 2026ko aurrekontuetan, 335.000 euroko partida jakin bat bideratu da Eklipse Proiektua deritzonera. Transferentzia izan da Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko departamentutik sozietatera eginikoa.
Diru horren parte bat urtean zehar egin diren jarduera dibulgatzaileak antolatzeko erabili da, tartean Los 12 del Eklipse izeneko solasaldi-sortara. Aurrekontuaren beste parte bat foru lurraldean eklipsea ikusteko 20 behaketa puntu ezartzera joan da. Puntu horiek 50.476 pertsonentzako lekua dute orotara. Bertarako sarbidea ez da doakoa izango, 5 euroko kostua baitu —trukean betaurrekoak, merchandisinga eta eremuan sartzeko pultsera jasota—. Eklipsebus delakoa ere abiatu du gobernuak, eremu horietara autobusez joan nahi duenarentzat, 6 euroko kostuarekin pertsonako. Alegia, publikotik inbertitutakoaren parte bat bueltan jasotzeko aukera izango du. Aipatzekoa da, oro har Nafarroan proiektua prestatu ahal izateko estimatutako aurrekontua 700.000 eurokoa dela Juan Luis García Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari ohiak 2025 amaieran emandako zifren arabera, zifra horrek entitate desberdinek eginiko apustua biltzen duelarik.

Eusko Jaurlaritzaren kasuan, hedabide honek ez du topatu aurrekontu partidarik eklipse izeneko proiektu jakin batentzat. Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak bai azaldu zuen sailaren koordinaziopean elkarlanean ari zirela beste sail batzuk —Segurtasuna, esaterako—, aldundiak eta udalak, "eklipseaz ahalik eta baldintza onenetan gozatu ahal izateko", baina bertan ez zuen zifrarik eman. Euskadiko zerbitzu publikoen kontratazioko portala begiratuta, bi kontratu ageri dira: lehena, Norarte Visual Science izeneko enpresaren izenean dago, eta Bi ilunabarreko eguna eguzki-eklipse osoari buruzko erakusketa ibiltariaren sormen eta garapen lanak hartzen ditu barnean, 11.205 euroko kontratua izanik; bigarrena, Triza 21 izeneko enpresaren izenean dago, 12.750 eurokoa, betaurrekoen erosketarako. Horrekin batera, Eklipsea Euskadi izeneko webgunea martxan jartzeko proiektua ere aintzat hartu behar da, EHUko Zientzia Planetarioen Taldearekin eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia taldearekin elkarlanean.
Zenbateko itzulkina?
Jaurlaritzak eta Foru Gobernuak ez dute eragin ekonomikoari buruzko zifrarik aurreratu momentuz. Espainiako Ekonomia Ministerioak, aldiz, estimazioa egin du fenomenoak Estatuan izango duen eraginaz. Izan ere, gurean ez ezik, beste 32 probintziatan ikusi ahalko baita eklipsea osotasunean, tartean Errioxan, Sorian, Leonen edo Palentzian. Horren arabera, 374,6 milioi euroko ekarpena egingo dio Espainiako ekonomiari, eta hotelen erreserbek %17,6 inguru egin dute gora 2025eko abuztuaren 12tik 13ko gauari dagokionez.
Turismoaren hazkundea ez da soilik Espainiatik mugitutako bidaiarien ondorio; nazioartetik ere jende andana etorriko baita fenomenoaz gozatzera, eta lehenengo taldearen gastua 340 euroan kokatzen badu, bigarren taldeak 1.500 eurotik gora utz ditzakeela mahaigaineratu du Ekonomia Ministerioak. Era berean, DGT trafikoko zuzendaritza orokorrak aurreikusi du gaur 400.000tik 1,5 milioira desplazamendu gehiago egingo direla errepideetatik. Bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak "ezohiko mugikortasuna" izango dela ohartarazi dute, baita horretarako neurriak iragarri ere. Esaterako, 7500 kilogramotik gorako ibilgailu astunek ezingo dute EAEko errepide-saretik zirkulatu 17:00etatik 23:59ra bitartean; Nafarroan ere debeku berdina aplikatuko da 17:00etatik 23;59etara AP-68 ko bi puntutan izan ezik (162,56 eta 166,85 kilometro artean; eta 201,62 eta 236,98 kilometro artean).
Jaurlaritzak eta Foru Gobernuak ez dute eragin ekonomikoari buruzko zifrarik aurreratu momentuz
Debekua, baina, "neurrigabetzat" jo du Fenadismer Espainiako Garraiolarien Elkarteen Federazioak: "Guztiz bateragarria da bide-segurtasuna eta trafikoaren arintasuna bermatzea, errepideko garraioa bezalako funtsezko sektore baten jarduera ekonomikoa ito beharrik gabe", adierazi dute. Hasiera baten debekuak 24 ordu iraun behar zuen EAEn, baina azkenean EAEko Auzitegi Gorenak atzera bota zuen erabakia, eta debekua eten egin beharko dute.
Zerbitzu batzuetan murrizketak ikusi ditugun bitartean, beste batzuetan, berriz, indartu egingo dira. Esaterako, Osakidetzak zein Osasunbideak Oftalmologia arloetako profesional sarea indartu egin du. Izan ere, eklipse partzialak betaurrekorik gabe begiratzeak arazo larriak ekar ditzake begien osasunean. Horregatik da hain garrantzitsua ezarritako neurriak bete eta betaurreko homologatu egokiak erostea. Gutxi gora behera 3 eta 5 euro bitarteko kostua izan dezakete optiketan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta