Bizikletari garraioaren edota ingurumenaren ikuspegitik begiratu ohi izan diogu. Kirolaren ikuspegitik ere, izan ikusle gisa, izan bi gurpilen gainean igota. Baina nola aztertu bizikletaren eredu sozioekonomikoa? "Ekonomia ziklistari buruzko kontabilitate zorrotz batek eragin guztiak hartu beharko lituzke kontuan; alegia, ez soilik zuzenean sortutakoa, baizik eta zeharkakoa eta sektorean lan egiten duten langileek eragindako bestelako gastuak ere", defendatu du Edorta Berguak. Formazioz soziologo eta urbanista, Gipuzkoako Foru Aldundian (GFA) egiten du lan Bizikleta teknikari bezala. "Ezer baino lehen, argi utzi nahi dut nire iritziak eta ideiak jasotzen ditudala jarraian; alegia, ez dute zertan islatu Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspuntu ofiziala", gehitu du azalpenekin aurrera egin aurretik.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Berguak erreferentzia egin dio ECF Europako txirrindularien federazioak 2018an eginiko estimazio makroekonomikoari, Europar Batasuneko 28 Estatu kideetan bizikletaren erabilerak sortzen zituen mozkin ekonomikoei buruzkoa: 156.265 milioi euro; alegia, 350 euro biztanleko. Aipatzekoa da gerora zifra orokor hori ez dela eguneratu, baina bai bertan jasotzen diren zenbait aldagairi loturiko informazioa.
Bizikletari loturiko mozkinen %8 inguru dator sektoretik bertatik Europan. BIMP bizikletaren industria eta merkatuaren profila jasotzen duen urteroko txostenaren arabera, sektoreak sortzen duen enplegu kopurua 1.025 lan-postutan hazi zen urtebetean, 2024tik 2025era; bestela esanda, 67.076 behargin izan ziren iaz horretan lanean. Bestalde, 10,82 milioi bizikleta ekoitzi ziren kontinente zaharrean, aurreko urteko zifraren pareko. Eta horretan ezin ahaztu Euskal Herriko marka ezagunak daudela: Orbea, BH edo Giant, esaterako.
10,82 milioi bizikleta ekoitzi ziren kontinente zaharrean 2025ean, aurreko urteko zifraren pareko
Produkzioa mantendu izanagatik ere, urtebetean beherakada sumatu da ohiko bizikleten zein elektrikoen —e-bike delakoen— salmentan: %2,6ko jaitsieraz ari gara, 15,61 milioi unitate saldu baitziren. Salmenta balioa 18.252 milioi euroan kokatu zen, 2024koaren %0,84 azpitik. Beraz, datuok erakusten dute pandemia ostean izandako booma egonkortu egin dela.
Era berean, beste hainbat eremutan gertatu bezala, bizikleten esparruan ere deslokalizazio industriala azpimarragarria izan da XX. mende amaieratik, Berguak gogorarazi duenez. "Herrialde Asiatikoekiko, bereziki Txina eta Taiwanekiko, menpekotasun nabaria sortu zen". Eta beste esparru batzuetan jazo den bezalaxe, bizikleta —zehazki, elektrikoen— ekoizpenaren berlokalizazioa eskatu dute hainbat ahotsek.
Guztira 212 milioi europarrek dute oztoporen bat bizikleta mantentzeko. Ondorioak zehatzak dira: inkestan parte hartu zuten bost pertsonatik bat beste garraiobide batzuetara aldatu zen
Erronka dago, era berean, sektoreari zuzenean loturiko beste arlo baten: konponketak. Bizikleten mekanikan espezializatutako profesional eta tailer gutxi dago. "Egoera horrek administrazio publikoen erantzuna eskatuko luke, bizikleta-konpontzaileen lan-gainkarga arintzeko eta langile mekanikoen prestakuntza-beharrei erantzuteko", azpimarratu du teknikariak. Zentzu horretan, Frantzian martxan jarritako Académie des Métiers du Véloren gisako formakuntzen beharra azpimarratu du.
Berguak esandakoa, Shimano txostenak beste ikuspegi batekin plazaratu du. Zera dio: "Guztira 212 milioi europarrek dute oztoporen bat bizikleta mantentzeko. Ondorioak zehatzak dira: inkestan parte hartu zuten bost pertsonatik bat beste garraiobide batzuetara aldatu zen, eta %16,4k bizikleta utzi zuen erabat".
Mozkinak begirada zabalarekin: osasungintza eta turismoa
Sektoreak zuzenean bizikletari loturiko mozkinen %8 soilik sortzen badu, nondik dator gainontzekoa? "Azterketa begiratuz gero, ikus dezakegu mozkinen %47k osasunarekin dutela zerikusia. Izan ere, praktika erregularrak gaixotasun larri eta kroniko gutxiago dakartza, eta bizi-itxaropena luzatzea. Horrek eramaten du osasungintza sistemaren kostuen beherakadara, eta, beraz, kutxa publikoetako aurrezkia ere esanguratsuagoa izatera", kontatu du. 2022ko datuaren arabera, 73.000 milioi euroko aurrezkiaz ariko ginateke. "Bestela esanda, txirrindularitzari esker, urtean 18.110 heriotza goiztiar saihesten dira".
Beste esparru gako bat turismoa da: eragin positiboaren %28 hortik dator. Grand Review Researchen azken azterketak jasotzen duenez, 48.686 milioi euro inguruko etekina litzateke, Europatik eginiko turismorako bizikleta desplazamenduak ez ezik —2.300 milioi bidaiatik gora—, zikloturistek egiten duten gastua ere aintzat hartuta. Ikerketa horretan baieztatzen da, gainera, turista txirrindulariek "beste bidaiari batzuek baino gehiago" gastatzeko joera dutela, eta 2033ra %10.9 hazi daitekeela bere eragina. Sektore bereziki garrantzitsua ere bada enplegu ikuspegitik, bizikletari loturiko 5 enplegutik 4 sortzen baitu.

Txirrindulariek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena ere azpimarratu du Berguak. "Lehen autoa erosketak egiteko erabiltzen zuten bezeroen galera soberan konpentsatzen da ondoren oinez edo bizikletaz joaten diren bezeroekin", kontatu du. Ikerketek erakusten dutenez, autoz doazen pertsonek bisita bakoitzean gehiago gastatzen dute, baina bizikletan doazenak gehiagotan joaten dira saltokira eta orotara diru gehiago utzi.
"Europako hurbileko merkataritzak are onura handiagoa izan lezake txirrindularien kuota modala bikoiztea lortuko balitz", azaldu du. GFAko teknikariak azpimarratu duenez, 27.389 milioi euro gehiago sortuko lirateke tokiko merkatarientzat. New Yorken kasuaz mintzatu da: espazio publikoan eginiko hobekuntzek tokiko establezimenduen merkataritza bolumena %49 bitarte handitu zuten.
Edorta Bergua: "Europako hurbileko merkataritzak are onura handiagoa izan lezake txirrindularien kuota modala bikoiztea lortuko balitz"
Helburu hori lortuko bada, beharrezkoa da hiri-nukleoen diseinu konpaktua egitea, zeinak ahalbidetuko duen bizikleta txertatzea bizitokietan eta gune komertzialetan, oro har txirrindulari eta oinezkoentzako espazioak areagotu eta autoenak murriztea, bizikletak tarte batez utzi ahal izatea erosketak egiteko, edota ibilgailu horrekin zenbait guneetara iristeko sarbideak hobetzea.
Dena ezin da dirutara eraman
Bizikletaren mozkin ekonomikoei buruzko ikuspegiak beste hainbat esparrutan ere jartzen du fokua: absentismoak behera egitea, auto-pilaketak gutxitzea, CO2 isuriak edo erregaia aurreztea, edota bide-azpiegiturak eraikitzeko eta mantentzeko kostuak murriztea. Harago joanda, baina, den-dena ezin da dirutara murriztu. "Jakin badakigu bizikletaren erabilerak pertsonen ongizate fisiko zein mentalean, klima sozialean eta hiriko bizi-kalitatean oso modu baikorrean eragiten duela. Horiei balio ekonomiko bat jartzea zaila da", nabarmendu du Berguak.
Azterketa integral analitikoa egingo bada, esparru horiei buruzko "kontabilitate eta auditoria soziala" ezinbestekotzat joko lituzke GFAko Bizikleta teknikariak, eta erreferentzia egiten dio Fiona Rajé eta Andrew Saffrey ikertzaileek 2016an eginiko The Value of Cycling lanari. "Horrek ahalbidetuko luke ekarpen kualitatiboak barnebiltzea, izan sozialak, lurraldekoak, ekonomikoak edo ingurugiroarekin zerikusia dutenak", plazaratu du.
Edorta Bergua: "Jakin badakigu bizikletaren erabilerak pertsonen ongizate fisiko zein mentalean, klima sozialean eta hiriko bizi-kalitatean oso modu baikorrean eragiten duela. Horiei balio ekonomiko bat jartzea zaila da"
Etorkizunari begira, Europako ziklisten federazioak pozez jaso du Europako egiturazko funtsetatik jasotako 3,21 bilioi euroko laguntza bizikleta proiektuetara bideratzeko. Hala ere, ohartarazi du epe luzeko finantzazioa jokoan egon daitekeela, tokian tokiko proiektuak gauzatzeko apustua egiten ez bada
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta