Escape room: enigma-jokoak sektore

Aisialdirako jarduera geroz eta ezagunagoa izanda ere, diseinu, dekorazio, elektronika edo zurgintzan aritzen direnentzat aukera profesionalak eskaintzen dituzte 'escape room'-ek. Horrek, baina, inbertsioa eskatzen du

Gasteizko 'Dragon Born' jokoaren irudia | Argazkia: Mad Mansion Gasteizko 'Dragon Born' jokoaren irudia | Argazkia: Mad Mansion

2007 urtea. Takao Kato gidoilari eta anime zinema-zuzendariak Real Escape Game jokoa sortzen du Japonen. Helburua: lagun-talde bat areto batean giltzapetu, eta buru-abilezia erabiliz askotariko misterioak eta enigmak ebaztea 60 minututan aretotik ateratzea lortzeko. Formatuaren arrakastak kontzeptua mundura zabaldu zuen, eta hala jaio ziren escape room edo ihes-gela delakoak.

Jokoa izanagatik ere, sektore bilakatu da. Hego Euskal Herriko lehenengoak 2014 eta 2015 urte inguruan jaio ziren, eta 2017 eta 2019 urte bitartean sekulako booma izan zuten, baita Espainian ere. Espainiar estatuan, 2019. urtean 173,5 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, eta ordurako 1.000 enpresa ziren ihesaldi aretoei lotuta lanean.

Espainiar estatuan, 2019. urtean 173,5 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, eta ordurako 1.000 enpresa ziren ihesaldi aretoei lotuta lanean

Pandemiaren kolpearen ondoren, suspertze bideari ekin zion sektoreak 2021ean. ScapeUp erakundeak Espainia mailan eginiko inkesta baten arabera, enpresen % 77k adierazi zuen berriro ere susperraldi garaian zeudela, eta gutxi batzuek pandemia aurreko datuak hobetzea lortu ztuela. Azterketa berean jasotzen denez, 1.500 enpresa inguruk osatzen dute sektorea.

“Zentzu horretan, esango nuke pandemiaren garaiarekiko errekuperatzen ari dela, baina ez dakit escape roomak hasi zireneko boom mailara itzuli garen, 2017 eta 2019 bitartekora. Guk lan handia egiten dugu hala izan dadin, eta nahiz eta izen dezenteko enpresa eduki egun, esango nizuke hasi nintzenean desberdina zela”, esan du Fermin Ciaurriz Velasco Puppet Factory eta Distrito 7ko arduradun eta fundatzaileetako batek.

Sektorearen gorakada

Ciaurrizek Iruñean ditu bere negozioak, Sara Santana Perez bere bazkidearekin batera: batetik, 2018tik, Puppet Factory, ihes-gelei elektronikari eta aretoen automatizazioari loturiko soluzioak eskaintzen dituena; bestetik, 2021eko maiatzetik Distrito 7 aretoa, hiru jokorekin. Sektorean, baina, 2015tik darama, urte horretan The Way out Iruñeako lehen ihes-gela zabaldu baitzuen beste bazkide batzuekin.

Ieltxu Aginako Molinuevo, berriz, Gasteizko Dragon Born aretoko langilea eta bazkideetako bat da. Dragoi Bola telesailean inspiratutako jokoa dute bertan, eta Mad Mansion ihes-joko euskal marka ezagunaren parte da. Hain zuzen, Alberto Romerok jarri zuen martxan marka hori —Hego Euskal Herriko lehen aretoa sustatu zuen pertsona berak—, eta Gasteizen beste areto garrantzitsu bat du: MaytoKingdom.

Fermin Ciaurriz: "esango nuke pandemiaren garaiarekiko errekuperatzen ari dela, baina ez dakit 'escape room'ak hasi zireneko boom mailara itzuli garen, 2017 eta 2019 bitartekora"

Aginakoren ustez, oraindik ere hazten jarraitzen ari den sektorea. “Jende asko dago ez dakiena zer den escape room bat”. Zenbaitetan, ordea, gehiegi hazten ez ote ari den ere mahai gaineratzen du. “Guk nahiago dugu norbait aisialdi mota hau erabiltzen hasten denean, kalitatezko zerbitzu bat izatea, errepikatu dezan eta horrela hiriko beste escape roomera joan dadin”.

Gainera, garapenak berak, eta kalitatearen eta originaltasunaren aldeko apustuak bestelako profesionalei eta digitalizazioari atea zabaldu die. Ciaurrizek hainbat kasu aipatzen ditu: “lehen filmak dekoratzen aritzen zen dekoratzailea, eta orain escape roomak ere dekoratzen dituena. Edo etxeko elektrizitate sistema guztiari lotuta lan egiten zuten elektrikariak, eta orain ihes-jokoen sistema ere egiten dutenak. Profesionalizatu egin da”. Arotzak, diseinatzaileak, musikariak... ere behar izaten dira. “Escape rooma martxan jartzen duenak gaitasuna badu ez du halakorik kontratatuko, baina bestela agian bai”, dio Puppet Factorykoak.

Inbertsio beharra

Horrek, baina, inbertsioa eskatzen du, eta zifretan bat datoz Ciaurriz eta Aginako. Espazioak eta eskaini nahi duenaren konplexutasunak eragin dezake, baina 80 bat metro koadroko espazio baten “ondo egindako zerbait egiteko” gutxi gora behera 40.000 eta 70.000 euro bitarte behar dira. “Mad Mansion markan parte hartzeko, adibidez, inbertsio minimo bat izan behar da. Kalitatezko marka denez, berdin du norbaitek ideia ordaintzea, gero ez badu diru nahikoa escape room joko ona egiteko”, dio Dragon Bornekoak.

Ieltxu Aginako: “Mad Mansion markan parte hartzeko, adibidez, inbertsio minimo bat izan behar da. Kalitatezko marka denez, berdin du norbaitek ideia ordaintzea, gero ez badu diru nahikoa 'escape room' joko ona egiteko”

“Egin dezakezu zerbait txikiagoa eta merkeagoa, agian parte batzuk zuk eginda norbait kontratatu ordez. Halako adibide onen bat badugu hemen. Baina normalean zerbait tradizionalagoa izango da”, plazaratu du Puppet Factorykoak. Gainera, horrek denborak luza ditzake. Langileak kontratatuta, batez beste sei hilabete eta urtebete inguru behar izaten dira halako ihes-gelak sortzeko. Distrito 7ko lehen jokoa muntatzeko —Noche de perros, 2 eta 5 jokalari arteko taldeentzat—, esaterako, sei bat hilabeteko epea behar izan zuten, “oso argi genuelako”; Dragon Bornen kasuan, urtebete eta lau hilabete, “bakoitzak beste enpresa bat ere zuelako”. Halaber, horretan guztian, sormena ezinbestekoa da, kalitatezko eskaintza originala egin ahal izateko.

Lagun-taldeak batez ere

Ihes-jokoak, batez ere, aisialdirako eta entretenimendurako tresnak izan ohi dira. Distrito 7ren jokoetan zein Dragon Borneko aretoetara batez ere lagun-taldeak joaten dira, baita familiak ere. “Gure kasuan, normalean erreserbak egiten dituztenak emakumeak dira, 25-40 urte bitartekoak, eta % 60ean neskak etortzen dira”, dio Aginakok. Eta % 40 inguru Gasteiztik kanpokoak.

Hala ere, pandemiaz geroztik aldaketak sumatu dituzte. "Gure escape roomean bi eta sei lagun bitarteko taldeek joka dezakete, eta taldeen batez besteko partaide kopurua murriztu egin da. Lehen lau baino gehiagokoa zen, eta orain hirukoa”, partekatu du Dragon Bornekoak.

Ihes-jokoak, batez ere, aisialdirako eta entretenimendurako tresnak izan ohi dira. Distrito 7ren jokoetan zein Dragon Borneko aretoetara batez ere lagun-taldeak joan ohi dira, baita familiak ere

Era berean, maiztasun gutxiagorekin, enpresen team building edo taldea sendotzeko egunak egiteko proposamenak ere jaso ohi dituzte. “Badira enpresa psikologiari lotutakoetarako ere erabiltzen dituztenak, taldeen gaitasunak neurtzeko komunikazioari, lidergoari, eta abarri dagokionez. Edo rolak identifikatzeko proba gisa”, adierazi du Ciaurrizek. Biek iraganean eta halako kasu gutxirekin lan egin dutela diote, portzentaje txikiena baitira. “Guri halakoak ez zaizkigu gustatzen, ez delako erosoa. Gainera, azkenean enplegatuek ez dituzte escape roomak begi onez ikusiko", ohartarazi du Aginakok.

Sarien bultzada

Sektorearen hazkunde bidean sariek ere euren tokia topatu dute. Nazioarte mailan, Terpeca sariak dira nagusiak, ingelesez jokatu daitezkeen joko guztietatik onenekin zerrenda egiten dutenak. Iaz, 12. postua lortu zuen Dragon Bornek, eta 19.ena Distrito 7ko Noche de Perrosek. Mundu mailako lehenengoa ere euskalduna da: Mad Maisonen MaytoKingdom, Dragon Bornen marka berekoa,. Over the time Iruñarrak ere 17. eta 28. postuak lortu zituen.

Halakoek bezeroak erakartzen laguntzen diete. “Hasiera baten ez duzu aintzat hartzen publiko hori, baina bat-batean agertzen da. Gaur, esaterako, San Frantziskoko gazte batzuk izan ditugu, eta asteburuan Los Angelesekoak. Tourrak egitera datoz”, azaldu du Ciaurrizek. “Azken bi hilabeteetan hamar bat talde-edo izan ditugu. Ez da oso altua portzentajea, baina ikusten da atentzioa erakartzen duzula”, azpimarratu du Aginakok.

Nazioarte mailan, Terpeca sariak dira nagusiak, ingelesez jokatu daitezkeen joko guztietatik onenekin zerrenda egiten duena. Iaz, 12. postua lortu zuen Dragon Bornek, eta 19.ena Distrito 7ko Noche de Perrosek

Espainia mailan Escape Room Awards sariak dira garrantzitsuenak. Kasu horretan, urte horretan bertan zabaldutako jokoek ahal dute parte hartu. Ondorioz, azkeneko edizioan Distrito 7ko Noche de Perrosek eta La terapia de la doctora Wozniakek parte ahal izan zuten. Lehenengoak, Proba Onenaren saria eta Escape Room Onenaren bigarren saria lortu zituen; bigarrenak, aipamen berezia izan zuen. "Iruñean, EAEn.... Maila handia dago. Aipaturiko sarietan gure escape roomak oso goiko postuetan izaten dira sailkapenean", bukatu du Puppet Factorykoak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK