Eskalada: zaletasun bezain negozio

Loraldian dabil eskaladaren negozioa Euskal Herrian. Pandemiaren osteko kirolaren grinak hauspotuta, erabiltzaile asko irabazi dute rokodromoek. Aste honetan Arizkunen eskalada gune berria ireki dute, eta Bizkaian hiru rokodromo berri izango dira aurki

Bikote  bat rokodromo batean | Argazkia: iStock Bikote bat rokodromo batean | Argazkia: iStock

Mendia maite duen herria da Euskal Herria. Gailurrak, bailarak, arroilak eta trokak maite dituen herria.  Naturarekiko pasioaren lekuko dira herri eta auzoetako mendi taldeak eta baita memoria kolektiboan zizelkatutako mendizale mitikoen izenak ere. Eskaladarako ere grina nabaria da euskal mendizaleen artean. Baltzola, Etxauri, Atauri, Araotz, Mugarra, Gaubea-Valdegobia, Mondarrain... Zientoka dira harriari ekiteko aukerak. Egunerokotasunean, ordea, rokodromoetara jotzen dute eskalatzaileek eskalada gosea asetzeko. Jarduera kolektibo gisa ulertu izan dute euskaldunek eskalada eta horretarako hainbat arkupe, zubien azpikalde eta gaztetxe ekipatu dituzte auzolanean. Herri ekimenaz gain, kirol elkarte zein udal askok ere rokodromoak ireki dituzte eskaladarako zaletasuna piztu eta entrenatzeko. Ekimen pribatuko rokodromoak ere badira gurean.

Berriobeitiko (Nafarroa) Rocópolis rokodromoa aitzindaria izan zen eta aurton 20 urte beteko ditu. Azken urteotan indoor eskaladaren aldeko hautua asko indartu da Europan barrena eta joera hori Euskal Herrira ere heldu da. Horren adibide Bilboko Piugaz eta Iruñeko Bihatz rokodromoak dira. Gianni Foggiana eskalatzaile italiarra 2014ean Florentzia utzita Bizkaira etorri zen bere bikotearekin batera. Italian rokodromo bat kudeatzen zuen eta Bilbon antzeko proiektua abiatzea erabaki zuen. 2015ean Zorrotzaurre aukeratu zuen bertan Piugaz eskalada gune berria irekitzeko. Egun erreferentziazko rokodromoa da Bizkaitarrentzat. Entrenatzeko gunea izateaz gain, bestelako eskaintza ere badu: eskaladarako hastapen eta trebatze ikastaroak, Yoga... Taberna txikia ere badu rokodromoak, eskaladarako giroa entrenatu eta gero luzatzeko.

Piugaz Bilbon, The Roof Baionan eta Bihatz Iruñean: eskalatzaileen topaleku bihurtu dira azken urteotan irekitako rokodromo berriak

Piugazen bezala, eskaladarekiko grina izan zen 2016an ateak ireki zituen Baionako The Roof eskalada gunearen proiektuaren jatorria. Marine Papa, Simon Caussé eta Cédric Provost dira Ipar Euskal Herriko handiena den rokodromo honen sustatzaileak. 600 metro koadroko eskalada gunea du Baionako rokodromoak eta 100 bloke baino gehiagotan trebatzeko aukera ematen du. Proiektuari ekiteko Ipar Euskal Herriko ekonomia garapenerako Herrikoa elkartearengana jo zuten. Bere web atarian jasotako elkarrizketan Simon Caussek azaldu bezala “behar genituen 500.000 euroak aurkitu eta bildu behar izan ditugularik, zinez ez ginen eskalada pareta batean bezain eroso. Baionako MIGan hitzordu batzuk izan ondotik, Herrikoarengana igorri gintuzten. finantzamendu modu bat adostu eta azkar abiatu ginen.” Ekonomia sozialean oinarritutako proiektua da The Roof eta horregatik kooperatiba gisa eratzea erabaki zuten. Entrenatzeko guneaz gain, taberna eta denda ere badu The Roofek, bertoko produktuen aldeko hautua eginez. Baionako proiektuak harrera ona izan zuen Lapurdi eta inguruko eskalatzaileen artean eta filosofia horretan oinarrituta Frantzian zehar antzeko proiektu gehiago zabaldu dituzte. Gaur egun Brest, Poitiers, Reno eta El Havre hirietan Baionakoa bezalako filosofiari eusten dioten guneetan eskalatu daiteke.

Eskaladaren jatorrizko filosofiari eusten

Baionakoa baino urtebete beranduago abiatu zen Iruñeko Bihatz eskalada gunea. 2017an Maite, Ana eta Gorka gazteek sortutako proiektua da. Haien esanetan "eskaladak protagonismo osoa izango duen espazio bat, kirol hau maite dutenak, eskaladan oso osoan aritzen direnetatik hasi eta lehen aldiz aurkitu nahi dutenetara, etxean bezala sentitzeko lekua izan nahi duena.” Gorka Karapeto Arrue sortzaileetako bat da eta EnpresaBIDEAri proiektuaren berri eman dio. Aspaldiko eskalatzailea da Gorka eta oso argi zeukan filosofia jakin bati heldu behar ziola Bihatzek. Eskalada elkarrekin aritzeko kirol gisa ikusten dute Bihatzen eta pozik dago ideia horri eutsi diotelako. “Oso soziala da Bihatz, jendeak elkarri laguntzeko jarrera bultzatzen duena eta sinetsita nago gurera datorren jendea filosofia honetaz kutsatzen dela”.

Rokodromoaren ideiari ekitea erronka handia izan zela nabarmendu du Bihatzeko sortzaileak. “Oso inbertsio inportantea egin behar izan genuen eta zalantzaz josita ibili ginen”. Emaitzarekin pozik dago, gaur egun “heldu nahi zuten puntuan daudelako, buruan zituzten helburuak lortu dituztelako”. 550 metro koadro eskalagarri baino gehiago du Bihatzek, 60 bloke eta kirol eskalada praktikatzeko 9 bide. Erabiltzaileak bazkideak izan daitezke edo behin behinean sarrera ordaintzen dutenak eta ikastaro gama zabala eskaintzen dute. Bere filosofiarekin bat eginez gazteentzako ikastaroak ere sortu dituzte, “hutsunea” ikusten zutelako: “Bazen tarte bat, eskolaz kanpoko jarduera eta helduentzako aukeren artean, erreferentzia gabe zegoena. Gazteak helduegiak ziren umeekin aritzeko baina gazteegiak helduekin ibiltzeko”. Ireki eta urte gutxitara pandemiak ixtera behartu zuen rokodromoa. “Ezjakintasun handiko hilabeteak izan ziren. Apustua egin berri ginen eta dena itxi behar izateak beldurra eragin zigun” baina aurrera egin zuten. Izan ere, pandemiagatik ezarritako murrizketek jendearengan ohitura aldaketa eragin zutela uste du Gorka Karapetok. “Konfinatuta egon eta gero jendeak bazuen kirola egiteko beharra eta, beste kirolekin batera, eskaladan gorakada sumatu genuen”. 

Eneko Arietaraunabeña (entrenatzailea): "Hilero 50 lagun berrik ematen dute izena hastapen ikastaroetan"

Iritzi horrekin bat dator Eneko Arietaraunabeña Irusta eskalatzaile bizkaitarra. 2019ko Espainiako Unibertsitateko Eskalada Txapelketan podiuma lortu zuen Arietaraunabeñak eta 2019tik aurrera Bilboko Piugazen lanean dabil irakasle eta entrenatzaile gisa. EnpresaBIDEAri azaldu bezala pandemiaren ostean eskaladaren boom bat eman zen eta jende berria hurbildu zen rokodromoetara. “2021ean hastapen ikastaroak eman nituen eta hilero 50 lagun inguruk eman zuten izena. Pentsa, 500 ikasle inguru izan nituen iraila eta ekaina bitartean”. Ikastaroez aparte jende asko bere kabuz hasi dela nabarmentzen du baina argi dauka eskaladan guztientzako tokia badagoela. Bihatzeko Gorka Karapetok bezala, Enekok argi du eskaladak baduela berezko filosofia: “norbera bere buruaren kontra aritzen da lehian eta ez besteen aurka”. Azken urteotan eskaladarekiko jarrera aldatu dela uste du Arietaraunabeñak: “Lehenago jendeak astean zehar rokodromora jotzen zuen entrenatzeko baina asteburuetan mendira egiten zuen alde, harrira, eskalatzera. Orain asteburuetan ere rokodromoa betetzen da. Jendeak kirol oso eta dibertigarri bezala hartu du eskalada eta hori polita da”. 

Olinpiar Jokoen mugarria

Pandemiaz gain, Tokioko Joko Olinpikoetan lehen aldiz eskalada parte hartu hartu izana, eta Espainiako Alberto Ginesek urrezko domina lortzeak ere eskaladari bultzada eman diola uste du Arietaraunabeñak. Alberto Gines eskalatzaile espainiarra Rocopolisera joaten zen abiadura lehiaketarako entrenatzera. Izan ere 2019an erabaki zuen Berriobeitiko rokodromoak modalitate horretarako bidea irekitzea bere instalazioetan. Gasteizko Hegoaldeko udal kiroldegiko rokodromoak ere abiadura motarako instalazioak estreinatu ditu. Nafarroakoa ez da izan, ordea, Joko Olinpikoetarako prestatzeko eskalatzaileak hartu dituen euskal rokodromo bakarra. Izan ere, 2019an Piugazeko Giannik Txinako Eskalada Federazioaren deia jaso zuen hango sei eskalatzaile trebatzeko. Lan aparta egin zuten Bilboko rokodromoan eta bi eskalatzailek Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu zuten. 

Txinako Eskalada Federazioko kideak Bilboko Piugazera etorri ziren Olinpiar Jokoetarako prestatzeko

Tokioko Joko Olinpikoek eskalada bogan jartzeko ezinbesteko mugarria izan zen eta horren erakusle da Discovery Channel telebista enpresak hurrengo urteetarako eskaladarako eskubideak erostea da. Alberto Ginesen urreak hauspoa eman zion eskaladari eta Espainiako mendi federazioren federatu kopuruan gorakada nabarmena eman zen. 2021 urtean % 10 handitu zen federatu kopurua eta Federazioaren sarrerek % 18 egin zuten gora. Eskaladaren boomaz jabetuta hainbat enpresek negozio aukera izan dute. Zara moda enpresak, esaterako, katu oinak eta magnesiorako zorroa merkaturatu ditu aurten.

Fakturazioaren eskalada

Eskaladarako negozio aukera ikusita hedapen plan handiak ezarri dituzte Espainiako rokodromo kate handiek. Bi dira estatu mailan punta-puntako enpresak. Alde batetik Chris Sharma eskalatzaile estatubatuarraren Sharma Climbing enpresa eta bestalde Sputnik Climbing. Munduko eskalatzailerik ezagunetarikoa da Sharma eta hainbat enpresen irudia ere izan da, Mango moda etxearena, besteak beste. 2015ean bere lehen rokodromoa ireki zuen Bartzelonan eta, arrakasta ikusita, hurrengo urteetan beste bi eskalada gune gehiago ireki zituen: Madrilen (2020) eta Gavan (Bartzelonan, 2021ean). Azken hau irekitzeko 3,5 milioi euroko inbertsioa burutu zuen. 2022rako Sharmak 5 milioi euroko fakturazioa lortzea espero du, aurreko urtean baino % 51 gehiago. Aurreko urteetan galerak izan ditu Sharma Climbingek, pandemiak eta inbertsio berriek eraginda, baina aurten mozkinetara bueltatzea espero du. 

Sputnik rokodromo kateak 2022an fakturazioa % 84 igotzea aurreikusi du, eta Chris Sharmarenak %51

Sputnik Climbing da estatuko bigarren kate ezagunetarikoa da. Gaur gaurkoz Madrilen baino ez ditu rokodromoak (Alcobendas eta Las Rozasen) eta aurki Euskal Herriratzeko asmoa du. Berangon (Bizkaia) irekiko du bere hirugarren eskalada gunea. Sputnik katearen negozio zifrek argi erakusten dute eskalaren boomaren bilakaera. 2020ean 1,3 milioi euro fakturatu zituen, 87 mila euroko mozkina lortuaz. 2021ean fakturazioa eta mozkina bikoiztu zuen Sputnikek, 2,9 milioi euro fakturatuz eta 168 mila euroko irabaziak lortuz. 2022rako % 84 haztea aurreikusi du Sputnik kateak, 6 milioi euroko sarrerak lortuz.

Rokodromo berriak Euskal Herrian

Sputnik ez da Bizkaia helburu duen kate bakarra. Aste honetan bertan Baztanen Mugarki eskalada gune berria inauguratu dute, Arizkunen (Nafarroa). Arantxa Blanco, Txomin Iribarren eta Imanol Iribarren izan dira ekimen honen sustatzaileak eta bi urteko lanaren ostean kirolgunearen ateak ireki dituzte. 120 metroko boulderra eta 214 metroko hormak ditu rokodromoak eta entrenatzeko aukeraz gain, trebatzeko ikastaroak ere eskainiko ditu. Laudiok ere aurki izango du rokodromo berria. Bertako udalak Latiorroko pilotalekuan eskaladarako gunea eraikitzea erabaki du. 75 mila euro inguru inbertituko ditu instalazio berrietan. 144 metroko rokodromoa izango du eta 44 metroko boulderra.

Bizkaia izango da irekiera gehien bilduko dituen lurraldea. 2022ko irailean Climbat kateak rokodromo berria ireki du Portugaleteko Ballonti merkatal gunean. 800 metro koadroko eskalada gunea eta 25 metroko boulderra dauka. Hurrengo hilabeteetarako beste hiru irekiera espero dira. Berangoko Sputnik kateko gunea ez ezik, Indoorwall kateak Trapagaranen instalazio berriak irekitzeko asmoa azaldu du eta Derion Biwak Climbing enpresa berriak Euskal Herriko rokodromorik osoena irekiko du. 5.000 metro koadroko eraikin berriak eskalada modalitate guztiak hartuko ditu bere baitan. Enpresa talde bat dago ekimen honen atzean eta kudeaketa eskalada gustuko duten enpresarien esku egongo da. Argitara emandako informazioaren arabera enpresa talde sustatzaileak 3,5 milioi euro inbertituko du eta zuzeneko 50 lanpostu sortzea aurreikusi dute. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK