Eurovision esperimentu teknologiko gisa sortu zen

Europako kantagintzaren jaialdiak 67 edizio daramatza abangoardia teknologikoan

2023ko finalaren simulazioa | Irudia: Eurovision 2023ko finalaren simulazioa | Irudia: Eurovision

Iritsi da ikuskizunaren eguna, ezinezko jantziena, burua zulatzen duten abestiena, eta nola ez, polemikoena. Inoiz inor axolagabe uzten ez duen telebista-saioetako bati buruz ari gara, gizartea bereizten duena, gorrotatzen dutenen eta maite dutenen artean: Eurovision jaialdia. Historian luzeena izan den programa honen atzean bitxikeria asko ezkutatzen dira, asko eta asko garapen teknologikoarekin lotutakoak, zeinak telebista-programa berritzaileenetako bat bihurtu duen. Jarraian, duela ia 70 urte jaio zenetik kantuaren jaialdi europarrak lortu dituen mugarri teknologikoak errepasatuko ditugu.

Eurovisionen lehen edizioa 1956an iritsi zen pantailetara, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta 11 urtera. Jaialdi politiko bat dela dioten iruzkinak ugariak dira; eta hala da. Eurovision gerraosteankontinente zaharreko herrialdeak batzeko asmoz sortu zen, baina proba teknologiko gisa ere. Garai hartan, telebista europarren etxeetara iristen ari zen, eta herrialdeak beren telebista-kate nazionalak sortzen ari ziren. 1950eko hamarkadan zuzeneko emanaldiak egitea oso zaila zen, ia pentsaezina aldi berean hainbat herrialdetan egitea.

Eurovisioneko lehen jaialdia baino sei urte lehenago sortu zen EBU Irrati-difusioko Europar Batasuna, Europako telebistek edukiak eta zerbitzu teknikoak parteka zitzaten eta elkarrekin lan egin zezaten. Hala, 1956an, Eurovision esperimentu gisa sortu zen, hainbat telebistetan aldi berean zuzeneko emisio bat probatzeko lehen aldiz. Esperimentua arrakastatsua izan zen, eta urtez urte herrialde gehiago gehitu zitzaizkien hasierako zazpiei.

Telefonoa, eta argiak

Eurovision jaialdi bakoitzeko unerik zirraragarrienetako eta esperotakoenetako bat bozketen unea da. Lehen urteetan, herrialdeek telefono dei bidez ematen zituzten botoak jaialdiko platora. Epaimahaiak horrela eman zituen botoak, eta horrek, batzuetan, konexioa galtzea, edo elkar ulertzeko arazoren bat sortzea ekartzen zuen. Hori dela eta, urte batzuk geroago, bideo-deialdietara aldatu zen, eta horixe da gaur egun arte erabiltzen jarraitzen den metodoa.

Intervision Sobietar Batasunak antolaturiko jaialdian zentral elektrikoetako erregistroek tentsio igoera bat atzematen zuten, eta horrek aukera ematen zuen gehien gustatu zen abestia zein zen neurtzeko

Eurovisioni erantzunez, Sobietar Batasunak antzeko jaialdi bat jarri zuen abian 1977an: Intervision. Europakoan inspiratutako jaialdi honek sobietar errepublikak eta Europa ekialdeko herrialdeak biltzen zituen.  Eta ikusleek botoa emateko telefono-sare nahikorik ez zutenez, oso modu burutsua asmatu zuten. Herrialde parte-hartzaileetako herritarrek argi guztiak itzalita ikusi behar zuten jaialdia, eta, ondorioz, sare elektrikoak tentsioa bat-batean jaisten ari zela nabaritzen zen. Herrialdeetako emanaldietan bozketa hastean, publikoak argiak piztu behar zituen abesti hori gustukoena izanez gero. Horrela, zentral elektrikoen erregistroek tentsio igoera bat atzematen zuten, gehien gustatu zen abestia zein zen neurtzeko aukera ematen zuena.

Sistema berriak

Eurovisioneko emanaldi asko zuri-beltzean gogoratzen ditugu, baina jaialdia hasi eta hamabi urtera, koloretan eman zen lehen aldiz. Londresko Royal Albert Hallen ospatu zen 1968ko edizioa izan zen koloretako jaialdiaren lehen emanaldia. Hori bai, zorioneko batzuek bakarrik gozatu ahal izan zuten teknologia berri horretan; izan ere, zortzi herrialdek bakarrik eman zuten koloretan, eta oso gutxi ziren ezaugarri horietako telebista bat zuten herritarrak.

1990eko hamarkadaren amaieran hasi ziren gaur egun ezagutzen dugun telebozketa sistema sartzen. Sobietar bertsioan ez bezala, oraingoan herrialde gutxi batzuetako herritarrei aukera eman zitzaien telefono bidez bozkatzeko modu berri hori probatzeko. Mende berria sartzearekin batera, 2001ean funtzio hori gainerako herrialdeetan sartu zen, eta horrek harrera ona izan zuen, baina aldi batean ekialdeko herrialdeak edo baltikoak posizio onean geratu ziren, kultur senidetzearen ondorioz.

Gaur egun telebozketa-mota berriak sartzen ari dira, Internet iritsi denetik. Eurovision Junior bertsioan dagoeneko edizio batzuetan webgunetik zuzenean ematen da botoa IP bidez

Ikus-entzulearen bozka pisua aldatuz joan da denborarekin eta emaitzetan izan duen azken pisua aldatuz, gaur egun arte, non emaitzaren % 50 den, beste % 50a epaimahai profesionalaren esku geratzen da. Gaur egun telebozketa-mota berriak sartzen ari dira, Internet iritsi denetik. Eurovision Junior bertsioan dagoeneko edizio batzuetan webgunetik zuzenean ematen da botoa IP bidez. 2023ko Eurovision edizioak lehen aldiz sartuko du modalitate hori, baina parte hartzen ez duten herrialdeentzat soilik izango da, lehen aldiz herrialde bakar bat balitz bezala bozkatu ahal izango baitute.

Eurovisionek bizitza osoa darama urtez urte emisioan, kontinenteko elementu historiko bihurtuz. Urtez urte, jaialdian teknologia berriak txertatuz berritu du, eta ia ziurtasun osoz jarraituko du datozen urteetan ere. Ikusiko al dugu Eurovision bat errealitate birtualean edo adimen artifizialak sortutako partaideekin?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK