• LAN ETA BIZI
  • Euskal musika tresnen artisautza, Arenzaren eskuetan

Euskal musika tresnen artisautza, Arenzaren eskuetan

Andoni Arzallus usurbildarrak euskal musika eta dantzetako hainbat instrumentu egin eta konpontzen ditu

Andoni Arzallus usurbildarra, Arenzako tailerrean | Argazkia: Andoni Canellada / Foku
Andoni Arzallus usurbildarra, Arenzako tailerrean | Argazkia: Andoni Canellada / Foku
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko abuztuaren 29a - 05:30

Arenza euskal musika tresna tradizionalen eraikuntza eta konponketa lantzen duen Andoni Arzallusen tailerra da. Txirulak, dultzainak, albokak eta perkusiorako hainbat makila egiten ditu, besteak beste, eta musika tresnak konpontzen ere aritzen da. Horrez gain, erraldoien munduarekin lotutako lanak egiten ditu. Artisautza eta euskal kultura uztartzen dituela esan daiteke, beraz.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Proiektua 2021ean sortu zen, COVID-19aren pandemiak kultur jarduerak geldiarazi zituen garaian. Arzallusek berak, Janitz Enparantza eta Manex Zabaleta lagunak ziren elkarren artean. Musika tresna tradizionalak jotzen zituzten, baina emanaldirik eta bestelako jarduerarik egin ezin zutenez, denbora libreari beste erabilera bat emateko aukera bilatu zuten. "Garrantzirik gabeko elkarrizketa batean azaldu zen ideia", gogoratu du usurbildarrak. Tornu txiki bat eta hainbat erreminta erosi, eta erabiltzen zituzten tresnak konpontzen eta egiten hasi ziren. Zaletasun moduan hasi zena, pixkanaka handitzen joan zen.

Arenza izena ere hiruren abizenetatik dator: Arzallusen "Ar", Enparantzaren "En" eta Zabaletaren "Za". Hasierako fase horren ostean, ordea, bakoitzak bere bidea hartu zuen. Zabaleta soinu teknikaria da, eta Enparantza orkestra zuzendaritza ikasten ari da. Beraz, Arzallus da Arenzaren tailerra aurrera eramaten duena. "Gaur egun tailer honen parte ni naiz bakarrik", azaldu du, nahiz eta noizean behin laguntzera etortzen diren besteak ere.

 

Eskuekin egindakoa, kulturaren parte

Arenzan egiten dituen lanen artean instrumentu guztiek pisu bera dute. Alegia, antzeko maiztasunez eskatzen diote txirulak, dultzainak, albokak eta perkusiorako makilak egiteko, eta konponketek ere badute lekua tailerraren egunerokoan. Gainera, bezero bakoitzaren beharretara egokitutako lanak egiten dituenez, eskaerak askotarikoak dira.

Lanaren alderdirik erakargarriena, ordea, gustuko duen horretan aritzeko aukera izatea da. "Benetan gustatzen zaidan zerbaitetara eskaintzea da gehien gustatzen zaidana", dio. Horri beste osagai bat gehitzen zaio: bere eskuekin egindako objektuak euskal kulturaren parte direla ikustea. "Zure eskuekin egindako zerbait gure kulturaren parte dela ikusteak eta jendeak hori baloratzeak asko betetzen nau". Bere lana, beraz, ogibide izateaz gain, "gure kulturari eta gure ondareari egiten zaion ekarpen txiki" gisa ulertzen du.

Arenza 2
Arzallusek ondutako alboka bat | Argazkia: utzita

Bidea egitea, araurik gabeko esparru batean

Arenza sortu zuenetik Arzallusi gehien kostatu zaiona tailerraren beraren funtzionamendua aurkitzea izan da. Euskal Herrian artisautzaren inguruko merkatua txikia da, eta ez dago beti prozesuak ikasteko edo beste artisau batzuekin esperientziak partekatzeko aukerarik. "Hemen ez dago ezer idatzita", dio. Une batean, aurrera egiten jarraitzeko zailtasunak izan zituenean, Galiziara joan zen bertako arte eta artisautzaren inguruan ikastera, eta han ikasitako prozesuak Euskal Herriko bere lanera egokitzeak lagundu zion.

Gaur egun, ordea, badu beste kezka bat: etorkizuneko ziurgabetasun ekonomikoa. "Edozein autonomori bezala, hilabete bukaerara iristeko ziurgabetasuna da beldur gehien ematen didana". Merkatua txikia izanik, ezin du ziur jakin hurrengo hilabetean zenbat lan izango duen. Hala ere, erabakia hartutakoan ziurgabetasun hori jokoaren parte dela onartzen du: "Etorriko da etorri behar dena, eta aurrera egin beharko dugu".

Andoni Arzallus: "Edozein autonomori bezala, hilabete bukaerara iristeko ziurgabetasuna da beldur gehien ematen didana"

Arenzaren kasuan, sare sozialek erakusleiho funtzioa betetzen dute. Instagram eta Facebook erabiltzen ditu batez ere egindako lana erakusteko. Webgune tradizional batek ez luke hainbesteko zentzurik izango, bere produktuak ez baitira katalogo itxi baten barruan sartzen. "Horrelako tailer batek ez du normalean katalogo finko batekin lan egiten, produktuak oso pertsonalizatuak direlako". Sare sozialek, gainera, publiko gazteagoarengana iristeko aukera ematen diote. 

Tradizioa tailer txikietan ere bizi da

Halako tailerren lana ez da soilik lanbideari dagokiona. Euskal musika tresna tradizionalak egiteko eta konpontzeko gaitasuna mantentzea ere bada, eta horrek lotura zuzena du ondarearen transmisioarekin. Gazteak nabarmendu du gaur egun lanean diren artisau asko zahartzen ari direla, eta beste batzuk erretiroa hartu dutela edo hil direla. Horregatik, belaunaldi berriek lekukoa hartzea ezinbestekotzat jotzen du.

Musika tresna tradizional bat eskuz egiteak, objektu bat sortzea baino gehiago esan nahi du. Tresnaren atzean dagoen ezagutza eta teknikak ere mantentzen dira. Arenzaren moduko proiektuek, tailer txiki batetik, tradizio horren transmisioari eusten laguntzen dute. Izan ere, ekintzailearen hitzetan, “baten batek egin behar du”.

Arenza 4
Arzallusek instrumentuak egiteko eta konpontzeko erabiltzen duen makineria | Argazkia: utzitakoa

Etorkizuneko bizi-proiektu

Etorkizunera begira, Arzallusek argi du Arenzarekin jarraitzeko asmoa duela eta tailerraren inguruan bere bizi-proiektua eraiki nahi duela. "Etorkizunean hemen jarraitzea espero dut". Epe ertain eta luzera tailerrean jarraitzeko asmoa du, eta Arenza bere bizimoduaren ardatz bihurtzea gustatuko litzaioke.

Oraingoz, ordea, ez du beste inor kontratatzeko asmorik. Proiektua oraindik berria dela argitu du, eta lehenik berak bakarrik aurrera egiteko modua baduen ikusi nahi du. “Printzipioz, ematen dit, eta gero ikusiko dugu zer egin”. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain