Euskal ohiturak soinean

EzKexa eta Katxi Klothing Ipar Euskal Herriko arropa markek euskal kontuak islatzen dituzten jantziak egiten dituzte

Euskal kontuekin zerikusia duen kamiseta modeloetako bat | Argazkia: EzKexa Euskal kontuekin zerikusia duen kamiseta modeloetako bat | Argazkia: EzKexa

Urteak dira Euskal Herriko kaleetan euskal marken etiketa daramaten arropak sumatzen direla, izan kamisetak, jertseak, biserak, zein txanoak. Baina, ikusi al duzue Xalbadorren edo Elkanoren kamisetarik? Eta arraunari, erremonteari edota txotxari erreferentzia egiten dionik? EzKexa eta Katxi Klothing arropa markek egiten dituzte halakoak. Ipar Euskal Herrian sortuak izateaz gainera, badute biek beste ezaugarri komun bat ere: euskal kontuekin zerikusia duten jantziak egiten dituztela. Hala, keinu polita egin nahi izan diete euskal kulturari, euskal kirolari, euskaldunei, eta orokorrean, euskal lurralde osoari.

Diseinu ausartekin pentsamendu bat eragitea eta, garrantzitsuena, euskara hutsean egindako lana soinean izatea. Bi helburu horiek ezarrita atera zuen 2016an EzKexa jantzi markak bere lehen arropa kolekzioa. Frantxoa Usandizaga itsasuarra eta Jon Paterne saratarra dira markaren sortzaileak, nahiz eta egun lau lagun aritzen diren beharrean. Usandizaga da ilustrazioak egiten dituena, diseinatzailea, eta Paterne saltzen duena, baina elkarrekin aritzen dira, dituzten ideiak besteari azalduz. Hala, elkarrekin, lasai daude, kezkatzeko arrazoirik gabe, iparraldean maiz esaten den moduan: “ez kexa”.

“Frantxoa hasi zen lehenik kamisetak egiten, duela hamahiru bat urte, Loreak Mendian edota Kukuxumusu aintzat hartu eta antzeko eslogan gogoangarriekin. Orduko hartan ez zen ofiziala, lagunei saltzeko helburuz egiten zituen kamisetak. Geroago elkartu ginen biok, biziki interesgarria iruditzen zitzaidan berak egiten zuen lana, eta jendeak ere maiteko zuela iritzita, enpresa muntatzea erabaki genuen”, azaldu du Jon Paternek, amestutako helburu bat lortu zuela adieraziz.

Jon Paterne: “Kamiseta guztiek euskal kulturarekin, euskal kirolarekin, euskarazko kantu edo bertso batekin, edota euskaldun batekin dute zerikusia. Denek dute euskal kontuekin loturaren bat”

Orduz geroztik, ia zazpi urtean, kamiseta andana sortu dute. Urtero bi kolekzio ateratzen dituzte: bata udan, neguan bestea. Paternek azaldu bezala, “kamiseta guztiek euskal kulturarekin, euskal kirolarekin, euskarazko kantu edo bertso batekin, edota euskaldun batekin dute zerikusia. Denek dute euskal kontuekin loturaren bat”.

Baina haratago ere joan nahi izan dute EzKexan, eta nazioarteko gaiak ere nolabait uztartu nahi izan dituzte, esaterako, Freddie Mercury txotxean sagardoarekin ageri den ilustraziodun jantziekin, edota Xalbador bi korrikalari afroamerikarrekin. Azken honen diseinuan, Xalbador bertsolari handia ageri da atzean Tommie Smith eta John Carlos korrikalari afroamerikarrak dituela, hain justu ere, 1968an Mexikoko olinpiar jokoetan urrea eta brontzea irabazi ondotik, saria jasotzerako unean Botere Beltzaren agurra egin zutenak eskularru beltza aireari eskainiz. “Xalbador bertsolari handiari Donostian egin bezala, bi korrikalariei ere txistua jo zieten. Bien arteko antzekotasuna islatu nahi izan dugu ilustrazioarekin, gerora arrazoia eman zaielako eta legenda bilakatu direlako”.

Jon Paterne eta Frantxoa Usandizaga EzKexaren sortzaileak | Argazkia: utzitakoa
Jon Paterne eta Frantxoa Usandizaga EzKexaren sortzaileak | Argazkia: utzitakoa

Bere webgunea duen arren, Saran du saltokia EzKexak. Kanpoaldean, Xabi Tapia artista urruñarrak zuri-beltzean egindako horma irudi erraldoia ikus daiteke, Paterne, Usandizaga eta Tapiak adostutako kontuekin. Tartean ikus daitezke, Xalbador eta Mattin bertsolariak, duela urtebete zendu ziren bi lagunen aitei egindako omenaldia, Maddi nazien aurka borrokatu zuen emakume euskalduna, edota Mikel Laboa abeslaria.

2022ko udan, Larrun mendiaren tontorrean bigarren denda ireki zuen EzKexak, denda ez iraunkorra, aurtengo udan ere martxan izango dena. “Aukera izan genuen bertan ere beste mural bat egiteko eta Iturengo Lazaro Erregerena joalduna ageri da bertan, Lucio Urtubia ezkerreko anarkista zenarekin, eta Freddie Mercuryren txotxeko irudiarekin batera”, dio Paternek. Bi saltoki horietaz gainera, Euskal Herriko 30 bat arropa dendatan ere EzKexa markako jantziak dituzte salgai, eta hazten jarraituko dutela azaldu du taldeko kideak, beste bost saltoki gehiagotan salduko dutelako udako kolekzioa. “Denboraldi berrirako aurreikuspen oso onak ditugu eta oso pozik gaude alde horretatik”.

Izena eta izana

Bere diseinuak euskal kulturan oinarritzen ditu Katxi Klothing Donibane Lohizuneko jantzi markak ere, baina “turistentzako jantzi tipikoetatik ihesi”, adierazi du Thibaud Lenoir markaren sortzaileetako batek. “Pertsonaia historikoetatik eta Euskal Herriko eguneroko bizimodutik hartzen dugu inspirazioa, eta ez soilik ikurrinetik. Gure sorkuntzen artean daude Juan Sebastian Elkanoren edota Sabino Aranaren irudia duten kamisetak, baina argi esan nahi dugu politikarekin ez dutela inolako zerikusirik”, nabarmendu nahi izan du. Hala, baleekin eta arrantzarekin, euskal kirolekin, edota Gernikako arbolarekin lotura duten ilustrazioekin egindako jantziak dituzte.

Thibaud Lenoir: “Pertsonaia historikoetatik eta Euskal Herriko eguneroko bizimodutik hartzen dugu inspirazioa, eta ez soilik ikurrinetik. […] baina argi esan nahi dugu politikarekin ez dutela inolako zerikusirik”

Baina, kontua ez da irudietan soilik geratzen, euskal izena baitute jantzi guztiek: “euskal irudiez gain, euskal izenak jarri dizkiegu jantzi askori. Langilea, lau haizeak, atuna, pintxo, Gernika, edota Elkano bezalako izeneko jantziak ditugu, garrantzitsua iruditzen zaigulako produktuaren izenak eta izanak bat egitea”.

Katxi Klothingeko taldea | Argazkia: Katxi Klothing
Katxi Klothingeko taldea 'Kabino' izeneko kamisetarekin | Argazkia: Katxi Klothing

Kalitatezkoak, jasangarriak, euskaldunak

“Erosleak kamiseta baten truke 30 eurotik gora ordaintzea nahi badugu, kalitatezko produktua eskaini behar dugu. Horregatik, kotoi organikoa erabiltzen dugu, biologikoa, eta egiteko moduak birziklapenerako bideak irekita izan behar ditu”, adierazi du Lenoirek. Beraien kasuan, Indiatik ekartzen dute kotoi organikoa, Senpereko tailer batean egiten dute joskintza, eta Baionan serigrafia.

Bide bera jarraitzen dute EzKexa taldeko jantziek ere, eta, hain zuzen ere, horixe da jantziak euskaldun egiten dituen beste ezaugarria: azken etiketak Saran josiak direla, eta serigrafia eta bordatua ere euskal Herrian eginak direla, Miarritzen eta Irunen. Arteari eskutik helduta, halaxe baitoaz bi jantzi markak Euskal Herritik mundura.

 
 

 

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK