Flamenkonomia: ekonomia ulertzeko beste modu bat

Egun bizitzen ari garen krisia eta ohiko kontzeptu ekonomikoak flamenko doinuekin uztartuta azaltzen dizkigu Flamenkonomiak, modu ezberdin eta ulerterrazago batean

Flamenkonomiako taldea | Argazkia: Oscar Garcia Flamenkonomiako taldea | Argazkia: Oscar Garcia

Salvador Tavora aktore andaluziarrak argi ikusi zuen gure birraiton-birramonen garaian flamenkoan erabili ohi zen ‘ai!, ai!’ oihuak lotura zuzena zuela beldurrarekin, etsipenarekin eta konformismoarekin. Are gehiago, bizi zuten egoera sozioekonomiko latza salatzeko erabili ohi zuten oihua zela. Historian zehar flamenkoak eta ekonomiak izan dute halako lotura berezia, beraz. Halaxe iritsi da Flamenkonomia proposamen artistikoa ere, batzuentzat ezezaguna, baina pixkanaka indarra hartzen ari dena.

“Flamenkonomia ez da flamenkoa, ez eta ekonomia ere. Flamenkonomiak ez du inolako autoritarismorik onartzen, dena parez-pare jartzen du. Flamenkonomia gisatu baten erakoa da, osagai ezberdinez eratuta dagoena: alde batetik, ordenagailuan jarritako musika du; bestetik, flamenko letrak; poesia ez dirudien poesia ere bai, gertatzen zaigunari buruz hitz egiten duelako; eta, azkenik, ekonomia ere badu, baina modu ulerterraz batean azaldutako ekonomia”. Gisa honetan definitzen du Flamenkonomia Oscar Garcia Jurado ekonomialari andaluziarrak, “ekonomia ulertzeko era ezberdin eta erraz” baten gisan. Proposamen artistiko bat dela dio, kultura eta arte flamenkoa lagun, alde ekonomikora hurbiltzea helburu duena.

Oscar Garcia ekonomialaria: “Flamenkonomia proposamen artistiko bat da, kultura eta arte flamenkoa lagun, alde ekonomikora hurbiltzea helburu duena eta ekonomia modu ezberdin eta erraz batean ulertzen laguntzen duena”

Manuel Delgado Cabeza maisuarentzat, Sevillako Unibertsitateko Ekonomiako katedradunarentzat, “kultura bizitza ulertzeko modu bat da, baina, aldi berean, bizitzeko modu bat ere bai, hau da, hari aurre egiteko modu bat; arlo ekonomikoa, berriz, zati bat baino ez da, irakaskuntzaren dimentsio bat”. Horri lotuta, kultura ugaritasuna, aniztasuna, mugagabea eta ederra dela uste du Garciak. Ekonomia, aldiz, urri, mugatu, eta homogeneo bilakatu izanaren sentsazioa du. Gauzak horrela, Flamenkonomiak ekonomiari indarra eta aberastasuna ematen dizkiola uste du, “egiaz ekonomiaz ari garela ez delako nabari”, eta “zergatik batzuk hainbeste putzu dituzten, eta beste batzuk egarri baino ez diren azaltzen saiatzen delako”. Azken finean, ekonomia eta flamenkoa, ezagutza herrikoia eta akademikoa, eta musika eta poesia uztartuta, Flamenkonomiak edertasuna bilatzen duela dio. Are gehiago, ekonomiari lotuta egoteaz gain, bizitzarekin, gertatzen ari denarekin eta gertatzen ari zaigunarekin ere lotura zuzena duela azaldu du ekonomialari andaluziarrak.

“Flamenkonomiak edertasuna bilatzen du. Are gehiago, ekonomiari lotuta egoteaz gain, bizitzarekin, gertatzen ari denarekin eta gertatzen ari zaigunarekin ere lotura zuzena du”

Taula gainera ordenagailua hartuta eta paperez beteta igotzea oso flamenkoa ez dela aitortzen duen arren, gertatzen zaigunaz, gure arazoez, eta bizi dugun egoera sozioekonomikoaz gure pentsamendutik eta sentimendutik hitz egitea oso flamenkoa dela uste du Garciak.

Flamenkonomia zabalduz

Proposamen artistiko honetaz, lau lagun arduratzen dira: Sara Holgado flamenko-kantaria abesteaz, Jose Alcantara musikaria doinuez, eta Ana Ruiz irakasle eta flamenkoaren historian aditua eta Oscar Garcia ekonomialaria errezitatzeaz.

‘Flamenkonomia, ekonomiari buruzko nozioak eta beste kantu batzuk’ proposamen artistikoarekin Espainian barrena biran dihardu laukoteak.  Euskal Herrira ere iritsi dira eta Donostian dute eskaintzekoa hurrengo emanaldia. Jabetza, lana edota balioari lotutako ekonomia-nozioak izango dituzte aztergai, betiere flamenko doinu eta letrekin ekonomia kontzeptu garrantzitsuenak azalduz.  

Era berean, webgune batean ere ekonomiari buruzko gaiak lantzen dituzte, betiere flamenkoari keinu bat eginez, eta podcast formatuan ere entzungai jarri dituzte ekonomiari buruzko zenbait gai, honako loturan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK