Urriaren 3an, goizean, 650 korrikalari inguru aterako dira Zumaiako (Gipuzkoa) Eusebio Gurrutxaga plazatik. Batzuek 24 kilometro izango dituzte aurretik; besteek, 14. Dortsala jantzi, zapatilak lotu eta Flysch inguruko mendietan barrena abiatuko dira. Une horretan haiek izango dira protagonistak.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Baina lasterketa ez da irteera ematen denean hasten. Askoz lehenago hasten da.
Korrikalariak plazara iritsi baino lehen, ibilbidea prestatu behar izan da, bideak begiratu eta txukundu, baserritarrekin hitz egin, hornitzaileekin akordioak lotu, produktuak prestatu, entrenamenduak antolatu eta lasterketa egunean behar diren pertsona guztiak koordinatu. Urriaren 3an ikusten dena hilabeteetako lanaren azken zatia baino ez da.
Lasterketa ez da irteera ematen denean hasten. Askoz lehenago hasten da. Urriaren 3an ikusten dena hilabeteetako lanaren azken zatia baino ez da
Hor dago Flysch Trail lasterketaren beste aldea: dortsalik ez daramatenena.
Maite Egaña eta Karlos del Pilar antolakuntza taldeko kideak dira. Zortzi lagun inguruk osatzen dute taldea, eta egitekoak denen artean banatzen dituzte: ibilbidea, entrenamenduak, kontaktuak edota koordinazioa, besteak beste. Erabaki nagusiak ere taldean hartzen dituzte, denen artean. Ibilbidea zehaztea, adibidez, hasiera baino ez da; hortik aurrera pertsonak, materiala, produktuak eta dozenaka xehetasun lotu behar dira.
Talde txiki horrekin bakarrik, ordea, ezinezkoa litzateke lasterketa egitea. Hor sartzen dira boluntarioak. “Korrikalari bakoitzeko, ia boluntario bat behar da dena ondo ateratzeko”, laburbiltzen du Egañak. Ez dira soilik lasterketa egunean bidegurutze batean edo anoa puntu batean egoten diren laguntzaileak. Aurretik ere ibilbidea txukuntzen, materiala prestatzen eta behar den guztia antolatzen aritzen dira. Egunean bertan 300 boluntario inguruk hartzen dute parte, baina sare hori zabalagoa da: herriko klubak eta beste hainbat eragile ere inplikatzen dira.
Helburua ez da Flysch Trailetik etekin ekonomikoa ateratzea. "Oreka" bilatzen dute: gastuak estali, lasterketa aurrera atera eta baliabideak berriz ere parte-hartzailearengana itzultzea
Horixe da, neurri handi batean, lasterketaren ekonomiaren zatirik ikusezinena. Boluntarioek eskaintzen dituzten ordu guztiak kontratatu beharko balira, probaren kostua bestelakoa litzateke. Flysch Trailaren kasuan, diruaz gain beste kapital bat ere badago: herritarren konpromisoa. Antolakuntza taldeak egitura koordinatzen du, baina komunitate zabalago horrek egiten du posible ospakizuna.
Eta komunitate horretan baserritarrek ere toki berezia dute. Flysch Trail mendian egiten da, baina mendia ez da korrikalarientzako zirkuitu huts bat: bertan bizi eta lan egiten duen jendea dago. Ibilbidea prestatzeak, beraz, haiekin harremana lantzea ere esan nahi du. Aldi berean, tokiko ekoizleak lasterketaren ekonomiaren parte ere badira. Jogurtak, kontserbak eta inguruko beste hainbat produktu aipatzen dituzte antolatzaileek. Km 0ko produktua lehenesten dute, eta ekoizleek oso prezio doitua eskaintzen diete; eta trukean, euren produktuak ehunka parte-hartzaileren aurrean ikusgarritasuna lortzen du.

Hor dago ereduaren logika: harremanak bi aldeentzat izan behar du balioa. Antolakuntzak bertako produktua eskuratzen du aurrekontuari eutsiz; ekoizleek, berriz, euren lana eta produktua ezagutarazteko erakusleiho bat dute. Ez da laguntza norabide bakarrean ulertzea, lasterketaren inguruan tokiko jarduera ekonomikoa txertatzea baizik.
Dirua ere behar da, noski. Azken lau edizioetan Zumaiako Udalak pisu handia hartu du finantzaketan, Egañak eta Del Pilarrek azaldu dutenez. Horrez gain, badago ekarpen pribatua ere. Caja Rural aipatzen dute urteetan mantendu den kolaboratzaileetako bat bezala. Lasterketari eusten dion finantzaketa sarearen beste pieza bat da.
Boluntarioek eskaintzen dituzten ordu guztiak kontratatu beharko balira, probaren kostua bestelakoa litzateke
Antolatzaileek, hala ere, argi dute helburua ez dela Flysch Trailetik etekin ekonomikoa ateratzea. "Oreka" bilatzen dute: gastuak estali, lasterketa aurrera atera eta baliabideak berriz ere parte-hartzailearengana itzultzea. Korrikalariaren poltsa, tokiko produktuak edo beste hainbat xehetasun logika horren barruan sartzen dira.
Azken batean, dirua non jarri eta antolakuntzaren indarra zertara bideratu erabakitzerakoan agertzen dira hasierako lau oinarriak. Korrikalaria erdigunean egoteak esperientzia zaintzea esan nahi du; tokiko produktua sustatzeak lasterketa herriko ekonomiari lotzea; eta natura zaintzeak, probaren erakargarritasun nagusietako bat den ingurua kontsumitzeko eszenatoki huts bihur ez dadin lan egitea. Del Pilarrek hiru ideia horiekin batera kokatzen du laugarrena ere: berdintasuna.
Tokiko ekoizleak lasterketaren ekonomiaren parte ere badira. Antolatzaileek km 0ko produktua lehenesten dute, eta ekoizleek oso prezio doitua eskaintzen diete
Arlo horretan Maite Egañak ardura berezia hartu du. Emakumeen parte-hartzea sustatzeko bideak lantzen aritu da, ez bakarrik entrenamenduetan, Flysch Trail osoaren antolaketan baizik. Distantzia luzera jauzia eman nahi duten emakumeentzako prestaketa espezifikoa ere antolatu dute, laguntza profesionalarekin, Luzera saltoa programaren izenpean. Egindako lanketak emaitza izan duela ikusi dute, eta Egañak ideia bat azpimarratu du: parekidetasuna ez dela berez iristen. Aukerak benetan parekatzeko, batzuetan bidea erraztu eta baldintzak sortu egin behar dira. Aurtengo datuek norabide hori berresten dute: emakumeak parte-hartzaileen %45 izango dira, eta iazko edizioarekin alderatuta emakume korrikalarien kopurua bikoiztu egin da.
Flysch Traileko XVII. edizioa, beraz, urriaren 3an, larunbata, ikusiko da, baina urtebete lehenago hasten da eraikitzen. Goizean korrikalariak Eusebio Gurrutxaga plazan jartzen direnean, lan hori guztia ez da lehen begiratuan ikusiko. Baina ibilbidean, anoa puntuetan, korrikalariaren poltsan eta lasterketaren antolaketa osoan egongo da.
Korrikalariek eramango dute dortsala lasterketan. Dortsalik ez daramatenek, ordea, egingo dute posible lasterketa.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta