Hawaii eta Euskal Herria, plater berean

Poke menuek arrakasta handia lortu dute euren zapore erakargarri eta exotikoengatik, baina baita elikadura osasuntsuarekin duten lotura zuzenarengatik ere. Hawaiiko plater tipikoa Euskal Herrira iritsi da, eta bertako produktu eta zaporeen lagun egin da

Argazkia: Gürepoke Argazkia: Gürepoke

Hanburgesak eta pizzak alde batera utzita, pokea da orain sukaldaritzako azken moda, gurean ere ezagun egin dena. Poke hitzak hawaiiarrez nahasketa edo banaketa esan nahi du eta, hain zuzen ere, Hawaiiko sukaldaritzako jatorrizko platera da, japoniar eragin nabarmena ere baduena. Hawaiiko arrantzaleek sortutako otordua da, 70eko hamarkadan itsas zabalean harrapatutako arrain zati gordinekin entsalada moduko bat egiteko ohitura hartu zutelako, japoniarren arroza, soja saltsa eta sesamo olioa gehituta. Nahasketa horri era guztietako elementu freskoak ere gehitzen zizkieten, hala nola, algak, ahuakatea, edota fruta. Entsalada horri poke izena jarri zioten hawaiiarrek, eta mundu osoan egin da ezagun azken urteotan, bereziki, dituen proteina, kalitate oneko karbohidrato eta landareen konbinazioak lotura zuzena duelako elikadura osasuntsuarekin. Noski, Euskal Herrira ere iritsi da, eta gure artean ditugu jada poke kate euskaldunak ere.

Gürepoke jatetxe kate bizkaitarra da horietako bat, Güreik enpresarena. 2020an ireki zituen bere ateak Bermeon eta Mungian, eta izandako arrakastaren ondorioz, lokal gehiago ireki ditu Bilbon, Gernikan eta Durangon. Gipuzkoara salto egitea da hurrengo pausoa, Eibarren beste lokal bat irekitzear baitago.

“Km0 produktuen erabileran dago Gürepokek arrakasta izatearen sekretua”, azaldu du Juanan Perez enpresako kudeatzaileak. Izan ere, tokiko ekoizleen produktuekin eginiko pokeak eskaintzen dituzte, euskal gastronomiako plater tipikoetan oinarrituta daudenak. “Pokearen oinarrizko osagaiei euskal produktuak gehitzen dizkiogu, eta marmitakoa, gildak edota bakailaoa piperrekin dituzten pokeak osatzen ditugu. Gantz gutxiko baina nutriente guztiak barne hartzen dituzten platerak sortzen ditugu”, gaineratu du. Hala, Gürepokek poke formatu tipikoa irauli egin du, eta produktu osasungarria eskaintzeaz gain, euskal lurraldeari ere balioa ematen dio.

Juanan Perez: “Pokearen oinarrizko osagaiei euskal produktuak gehitzen dizkiogu, eta marmitakoa, gildak edota bakailaoa piperrekin dituzten pokeak osatzen ditugu. Gantz gutxiko baina nutriente guztiak barne hartzen dituzten platerak sortzen ditugu”

Helburu horrekin sortu zenez, Gürepokek euskal produktuen marka ospetsuen laguntza eta babesa du: Alakranaren atuna erabili ohi du, Arroyaberen hegaluze eta antxoak, Giraldo bakailaoa, Keia izokina, Ekotaloren taloak, Mendaroko txokolateak, Labeko ogia, Bertokuek markako barazkiak, Idiazabal gaztak, eta baita Bizkaiko zein Euskal Autonomia Erkidegoko beste baratzetako produktu batzuk ere.

“Pokeak modu dibertigarri eta zaporez beterikoan osasuntsu jateko aukera eskaintzen du. Horregatik da heldu, gazte zein haurren gustuko menua”, dio Perezek. Are gehiago, bere iritziz, euskaldunok gero eta gehiago egiten dugu elikadura osasuntsuaren aldeko hautua, eta halako jakien kontsumoa nabarmen hazi da azken urteetan.  

Km0 filosofia

Gürepokeren negozio planak bi urteko epean 24 lokal izatea aurreikusten du, bai Euskal Herriko beste udalerri batzuetan, eta baita Espainiako hiri nagusietan ere, nazioartean ere hedatzea baztertu gabe. “Gürepokek doan leku guztietan Km0 filosofia mantendu behar du. Ondorioz, nazioartera esporta daitezkeen zenbait produktu izar mantendu egingo ditugu, baina toki jakin bati nortasuna ematen dioten hurbileko produktuak gehituko dizkiogu”, azaldu du Perezek. Ildo horretan, adibide batekin azaldu du beraien asmoa: “Gürepokek Zallako tipula gorria erabiliko du euskal lokaletan, baina Katalunian irekitzen ditugunetan calçotak erabiliko ditugu. Tokira eta ohitura gastronomikoetara egokitzeak balioa eta nortasuna ematen dizkio gure markari. Helburua tokian tokiko produktuak eta ekoizleak errespetatu eta mirestea da”.

“Gürepokek doan leku guztietan Km0 filosofia mantendu behar du. Ondorioz, nazioartera esporta daitezkeen zenbait produktu izar mantendu egingo ditugu, baina toki jakin bati nortasuna ematen dioten hurbileko produktuak gehituko dizkiogu”

Era berean, Gürepokeren hedapenaz gain, GüREik taldeak beste negozio ideia batzuk ere badarabilzki buruan. Gürekoffee kafeen negozioa sortu berri du, putxeroko kafean oinarrituta dagoena, eta pizza eta hanburgesen negozioan du orain begia jarrita. Hori bai, beraien filosofiari jarraituz, kalitatezko eta hurbileko produktuen ideietan oinarritutakoak izango dira, zero kilometroko produktuz eginak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK