Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta handiaren 43. edizioak milaka euskaltzale bildu ditu igande honetan Ortzango errekan, Senpereko aintziraren inguruan. Geroa eraikiz, laku bat orroka lelopean ospatu den jaian parte hartu dutenek sostengua erakutsi diete Seaskaren ikastolei eta azterketak euskaraz egin nahi dituzten ikasleei.
Debekatua egon arren, joan den astean Seaskaren ikasleek jakinarazi zuten datozen egunetan gainditu beharko duten matematika azterketa euskaraz idatziko dutela, funtsean 2020ra arte egin zitekeen bezala. Atzo Senperen, une batez besta gelditu zuten bi elkarretaratze jendetsu egiteko aldarrikapen honen inguruan eta gazteei babesa erakusteko. Ekainaren 6an, beste mobilizazio erraldoia egin nahi dute Bordelen Frantziako Hezkuntza sailak duen egoitzaren aitzinean. Seaskak autobusak antolatuko ditu ehunka euskaltzale Akitaniako hiriburura joan daitezen.
“Zer koherentzia du euskarazko irakaskuntza onartzeak eta azterketak beste hizkuntza batean egiteak?", galdetu zuten ere zapalduak sentitzen diren Leina eta Haize ikasle gazteek
Herri Urratsen ekitaldi instituzionalean Seaskaren bi ikaslek hitza hartu zuten hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapenaren berri emateko Euskal Herri osoko erakunde publiko guztietako ordezkarien aitzinean. Txikitatik euskaraz ikasi dute osoki, baina azterketak Frantziako errepublikaren hizkuntza ofizial bakarrean idatzi behar dituzte. Askatasuna eta berdintasuna aipatzen diren bitartean haiek debekua pairatzen dutela gogoratu zuten. “Zer koherentzia du euskarazko irakaskuntza onartzeak eta azterketak beste hizkuntza batean egiteak?", galdetu zuten ere zapalduak sentitzen diren Leina eta Haize ikasle gazteek. Egon litezken ondorioak asumitzen dituztela argi uzteaz gain, deitoratu dute Frantziaren borondate eskasa azterketak euskaraz egiteko aukera guztiak daudelako hamarnaka irakasle euskaldun prest direlako lan horiek zuzentzeko. Seaskaren gazteek txalo zaparrada luzea jaso zuten.
Ikasleek zigorrik gabeko etorkizuna bermatzeko lan egiten dutela goraipatu zuen Erik Etxart Seaskaren ko-presidenteak. "Ez dugu sekula zentzuzko argumentu bakarra entzun bidegabekeria hau azaltzeko. Zer motako demokrazia da hau?", galdetu zuen Etxartek. Baliabideak mugatzen dizkietela ere salatu zuen irakasle lanpostu berririk ez baita sortuko. Zazpi irakasle gehiago lortu ezean, zenbait ikasgeletan 37 ikasle egon litezkeela begi txarrez ikusten dute euskaltzaleek.

Sophie Layus Seaskaren ko-presidentearen hitzetan 27 herriko etxek atxikimendu mozioa onartu dute. "580 hautetsik izenpetu dute jadanik, 158 auzapezen erdiak eta Pirineo-Atlantikoetako departamenduko hautetsi guztiek gutuna igorri diote Hezkuntza sailari. Ikasleek ere petizio bat hasi dute eta bi egunez 5.000 sostengatzaile baino gehiago lortu dituzte", zehaztu du Layusek. Egoera desblokeatzeko presio egitearen garrantzia azpimarratu zuen.
Sostengu zabala
Euskaltzaleek jasaten duten mespretxua behin baino gehiagotan salatu zuten Herri Urrats bestaren ekitaldi ofizialean. Bertan parte hartu zuten, besteak beste, Colette Capdevielle eta Peio Dufau diputatuek, Frédérique Espagnac eta Max Brisson senatariek, Jean-René Etchegaray Baionako auzapezak, Akitania-Berria eskualdea eta Pirineo-Atlantikoetako departamenduko zenbait ordezkarik eta Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Azken horrek nabarmendu zuen gizartea gero eta lasterrago aldatzen ari den garai honetan, irakurketa zehatza eta tresnak behar direla lotsarik gabe euskaraz hitz egin ahal izateko. Herri Urratsera aspalditik joateko ohitura duela azpimarratu zuen sailburuak.
Euskaltzaleek eta euskal hautetsiek zubiak eraikitzen dituzten bitartean, Frantziako gobernuak hormak ezartzen dituela deitoratu zuen Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoaren presidente berriak
Maider Behotegi Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteak larrialdiaz hitz egin zuen euskarak kenka txarrean segitzen duelako. Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako sailburuordearen presentzia eta lankidetza eskertu zituen Behotegik. Udazkenean inkesta soziolinguistiko berria elgarrekin egiten hasiko direla jakinarazi zuen. Halaber, Behotegik eskertu zuen Jaurlaritzak 400.000 euroko inbertsioa egiten duela urtero euskara sustatzeko Lapurdi, Baxe Nafarroan eta Zuberoan. Gainera, aurten, 100.000 euro gehiago eman ditu Imanol Pradales Lehendakariak zuzentzen duen gobernuak. Pello Otxandiano eta Maddalen Iriarte EH Bilduren ordezkariak ere Senperen egon ziren atzo.
Gonbidapena Frantziako gobernuari
Euskaltzaleek eta euskal hautetsiek zubiak eraikitzen dituzten bitartean, Frantziako gobernuak hormak ezartzen dituela deitoratu zuen Alain Iriart Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoaren presidente berriak. EH Baiko kideak ongi ezagutzen du ikastolen mugimendua guraso ohia baita eta Hiriburuko alkate gisa bertako ikastola sortzen lagundu zuen eta.
Hego Euskal Herriko erakundeekin lankidetza indartu eta sakontzeko deialdia ere egin zuen Iriartek. Euskal egitura guztietako ordezkarien aitzinean adierazi zuen Frantziako estatua zela falta izan zen bakarra eta gisa horretan gonbidapena bidaliko diela datorren urtean Senperen egon daitezen. "Elkargoaren buru izendatua izan bezain laster, nire lehen gutuna Hezkuntza ministroari igorri nion gazteek azterketak euskaraz egiteko eskubidea bermatua izan dezaten", jakinarazi zuen hiriburutarrak. Lanean "jo eta ke" segitu behar dela erran zuen euskaldunen kopurua oraindik apalegia baita bere ustez.
Edizio baikor eta ederraz hitz egin du Koldo Rodrigue Herri Urratsen koordinatzaileak
Herri Urrats berritasunez beterik ospatu da aurten, besteak beste, erasoen kontrako protokoloarekin. Haurren egitaraua ere indartu dute gune ikusgarri eta bereziekin, tartean: Haurren Xokoa; Makusi; Pirritx, Porrotx, Pontx eta Marimotots; GuraShow eta Goazen. Maddalen Arzallus eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek, eta Anje Duhalde, Xiberoots, Mirua, Janus Lester eta Lin Ton Taunen gisako kantari eta taldeek aintziraren inguruak alaitu zituzten. Edizio baikor eta ederraz hitz egin du Koldo Rodrigue Herri Urratsen koordinatzaileak.
Aurtengo irabaziekin Donapaleun ekainetik goiti eraikiko duten bigarren lizeoa lagunduko dute. Ikastegi berriak datorren urteko irailean irekiko ditu bere ateak. Bizkaiko euskaltzaleek lekukoa hartu diete Ipar Euskal Herriko euskaltzaleei Ibilaldia maiatzaren 31an ospatuko baita Bilbon.