Hormak ogibideen ispilu

Munduko hirugarren hormairudirik onena izendatu dute saregileei erreferentzia egiten dien Ondarroako mural erraldoia

Saregileen hormairudia Ondarroan, Lian Monserrate artistak egina | Argazkia: Street Art Cities Saregileen hormairudia Ondarroan, Lian Monserrate artistak egina | Argazkia: Street Art Cities

Garai batean, lan bat burutzen zen karrika edo plazari ogibide horren izena jartzen zitzaion, ohitura hori zegoen. Hala, gaur egun oraindik izen horiek mantentzen dituzte hiri askotako Alde Zaharreko kale bat baino gehiagok. Euskal Herrian, esaterako, Errementari edo Aiztogile kaleak ditugu Gasteizko Alde Zaharrean, eta Zapateria edota Merkatuaren kaleak Iruñeakoan. Burgi ere ogibideen herri izenez ezaguna da, garai bateko lanbideei lotuta lau kilometroko ibilbidea baitu zehaztua, orduan herrian burutzen ziren lanbide guztien inguruko argazki eta informazioarekin. Lanbideei erreferentzia egiteaz gain, ogibideak omentzeko ere balio lezakete halakoek. Baita hormairudiek ere. Hain zuzen ere, gure kostaldeko herriekin lotura estua duen ogibideetako bat omentzen du munduko hirugarren muralik onenak: saregileena.

Street Art Cities mundu mailako plataformak ehun hormairudi hautatu zituen 2022ko onena izendatu asmoz. Aste honetan osatu dute irabazleen zerrenda, eta munduko hirugarren hormairudi onena da Ondarroan dagoen saregileena, Lian Monserrate artistak egina. Zuri beltzean margotutako eskuak ageri dira bertan, sarea josten, eta sareak kolore ezberdinak ditu. “Hari bakarra oso ahula da eta erraz apurtzen da, baina hari asko elkartuz gero, gauza irmoak egin daitezke, sarea, kasu. Elkarlanak suposatzen duen indarrari keinua egin nahi izan diot hormairudiarekin, horregatik du hari bakoitzak kolore bana”, adierazi du artistak. Baina, bi esanahi dituen irudia da, saregileei egindako omenaldia ere badelako: “Ondarroako herriari oso lotuta dagoen irudia da, saregile izandako asko bizi dira Kamiñazpi auzoan, hormairudia dagoen tokian, eta omenaldi berezia egin nahi izan diet”.

Lian Monserrate: “Ondarroako herriari oso lotuta dagoen irudia da, saregile izandako asko bizi dira Kamiñazpi auzoan, hormairudia dagoen tokian, eta omenaldi berezia egin nahi izan diet”

Estatu Batuetan jaio zen Lian artista, baina Katalunian igaro zituen hogei urte, eta beste lauzpabost daramatza Euskal Herrian. Duela hiru urte iritsi zen Ondarroara, eta bertako Arrantza Eskolan altuerako patroi izateko ikasketak burutu zituen, sareak egiten ere ikasiz. “Hantxe ezagutu nituen Ondarroako esentzia, bertako kultura eta saregileen egitekoa. Omenaldi bat egin nahi izan diot euskal kostaldeari hain lotuta dagoen ogibide bereziari”, azaldu du harro. Saregileen lanbidean emakumeak izan duen presentzia ere azpimarratu nahi izan du: “Duela ehundaka urte, kostako emakumeei ekonomia propioa izatea ahalbidetzen zien sareak josteak, ahotsik eta eskumenik ez zuten garaian, gizonen menpe zeuden garaian. Kostako emakumeek lan egiteko aukera zuten, gizonak itsasoan lanean zeudelako. Balio handikoa da hori”.

“Duela ehundaka urte, kostako emakumeei ekonomia propioa izatea ahalbidetzen zien sareak josteak, ahotsik eta eskumenik ez zuten garaian, gizonen menpe zeuden garaian. Kostako emakumeek lan egiteko aukera zuten, gizonak itsasoan lanean zeudelako. Balio handikoa da hori”

Hala, Kamiñazpi auzoan barrena paseoan, hormairudi gehiago egiteko beharra sentitu du Lianek. Ondarroako Udalak horretarako baimena eman dio eta artista ezberdinek hutsik dauden hormak artelanekin beteko dituzte. Lianek kontatu duenez, munduko artista ezberdinak gerturatuko dira Ondarroara. Bi astean herria eta bertako ohiturak eta historia ezagutuko dituzte lehenik, eta ondoren, herriarekin lotura zuzena duen zerbaiten inguruko artelana egingo dute Kamiñazpiko hormetan. Arrantzari, beste ogibideren bati, edota herriko konturen bati erreferentzia egingo dioten irudiak izango dira. Lehena Lian berak egin du, eta ekainerako beste bi artista berri espero dituzte herrian.

Euskal ogibideak omenduz

Ondarroako saregileena ez da Euskal Herrian ogibideei zuzenduta egindako hormairudi bakarra. Lianek halako gehiago ere egin izan ditu, 2022an Ea herrian egindakoa, esaterako. Otarregileen omenezko beste mural bat du bertan egina, hain justu ere, garai batean otarrak konpontzen zituzten etxeko horman. “Emakume baten eskuak ikus daitezke han ere, otarra bat josten. Otarraren barnean kolore ezberdinak ageri dira, elkarlanaren indarraren ideia islatzeko, eta saregileenean bezala, ogibideari omenaldia egiteko ere bai”, azaldu du artistak.

Ea
Lian Monserratek otarregileen omenez Ean egindako murala | Argazkia: Murales Lian

Baina gehiago ere badira. Udatxo artistak ere ogibideei lotutako zenbait mural eginak ditu gure lurretan. Azkoitian, esaterako, ‘Erreportzaketan’ izeneko lana egin zuen 2021ean, herriko sarreretako bateko etxebizitza bloke batean. Azkoitiko herriaren sorreraren 700. urteurrenaren harira egin zuen murala, urte luzez bertan ohikoa izan zen ogibide bati erreferentzia eginez: abarketariei. Hala, abarkak egiten diharduten bi emakume ageri dira hormairudian.

“Emakume baten eskuak ikus daitezke han ere, otarra bat josten. Otarraren barnean kolore ezberdinak ageri dira, elkarlanaren indarraren ideia islatzeko, eta saregileenean bezala, ogibideari omenaldia egiteko ere bai”

Saregileak, otarregileak eta abarketariak. Euskal Herriko historiari eta ohiturei lotutako hiru ogibide horman islatuta ikus daitezke, tamaina erraldoian. Lianek dioen moduan, urte askoan zehar egin duten lana ere hormairudia bezain handia izan delako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK