Huhezinema euskal ikus-entzunezkoen jaialdia da, sortzaile berrien lanei ikusgarritasuna ematea eta euskal zinemaren inguruko topagune bat sortzea helburu duena. Film laburren lehiaketaz harago, masterclassak, kontzertuak, podcastak eta solasaldiak ere biltzen ditu bere egitarauan. Inge Altuna antolakuntzako kidearen hitzetan, helburua ez da filmak erakustera mugatzea: “Jaialdia ikus-entzunezkoen inguruan elkartzeko eta disfrutatzeko gune bat izatea nahi dugu”.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Hogei urteko ibilbidea, etengabeko bilakaeran
Huhezinema sortu zenetik, jaialdia aldatzen eta garai berrietara egokitzen joan da. Edizio bakoitzak bere nortasuna izan du, urtero antolakuntzaren ardura hartu duen ikasle-taldeak proposamen eta jarduera berriak gehitu baititu. Bilakaera horren adibide da bideoklipen saila: ikasle batzuen proposamen gisa sortu zen, eta gaur egun jaialdiaren atal finkoa da, egun oso bat eskaintzeraino. Altunarentzat, 20. edizioa ospatzea “poza eta harrotasun handia” da. “Zenbaki hau orain arte egindako bidearen aitortza bat bezala hartzen dugu”, azaldu du.
Urteurrenarekin batera, aurten beste urrats bat egin du jaialdiak: lehiaketan euskarazko lanak soilik onartzea erabaki du. Huhezinema betidanik aurkeztu da euskal ikus-entzunezkoen jaialdi gisa, baina antolatzaileen ustez, izaera hori hizkuntzaren hautuan ere islatu behar zen. “Benetan euskal jaialdi bat izateko, hizkuntzak ere erdigunean egon behar zuen”, dio Altunak. Erabakiaren atzean euskarazko sorkuntza sustatzeko eta euskal sortzaileei ikus-entzunezkoen esparruan dagokien lekua emateko nahia dago. Asmoa ez da urteurreneko keinu hutsa izatea: euskara “arnasgune” bihurtu nahi dute, eta apustuari datozen edizioetan ere eutsi.
Babesaren garrantzia: ekarpen txikiek aukera handiak
Jaialdiaren garapenean funtsezkoak dira erakunde eta enpresa kolaboratzaileak. Urtero ikasle-talde berri batek hartzen du antolakuntzaren ardura, eta, beraz, edizio bakoitza, neurri batean, hutsetik abiatzen da. Horregatik, jasotzen duten laguntza oro da baliotsua, izan ere, ekarpen txikienek ere egitaraua aberasteko eta proposamen berriak gauzatzeko aukera ematen diete. Altunak azaldu du babesleen bidez jasotako diruaren gehiengoa sarietara bideratzen dutela; helburua ez da etekin ekonomikoa lortzea, jaialdia ahalik eta txukunen gauzatzea baizik.
Kolaboratzaileak bilatzeko orduan, ez dute baldintza edo profil itxi bat ezartzen. Huhezinema jaialdiaren balioekin bat egiten duten erakunde eta enpresa guztiak dira ongi etorriak, bereziki euskarazko kultura eta ikus-entzunezko proiektuak sustatzeko interesa dutenak.
Altuna: “Benetan euskal jaialdi bat izateko, hizkuntzak ere erdigunean egon behar zuen”
Kulturaren aldeko apustua, sektorearen aldeko apustua
Altunaren arabera, euskal kultura eta ikus-entzunezkoen sorkuntza babesteak enpresei aukera ematen die haien balioak ekintzen bidez erakusteko. Babes horren bidez, kulturarekiko konpromisoa eta komunitatearekiko inplikazioa erakusten dituzte, eta, aldi berean, beren marka ikusgarri egiteko aukera dute. “Huhezinema ez da agian jaialdirik handiena edo ezagunena, baina babesleentzat aukera da euskararen eta kulturaren aldeko jarrera modu praktikoan adierazteko”, azaldu du Altunak.
Sektorearentzat ere ekarpen zehatza egiten du jaialdiak. Sortzaile berriei haien lanak publikoaren aurrean aurkezteko aukera eskaintzen die, ikusgarritasuna ematen die eta beste sortzaile zein profesional batzuekin harremanetan jartzeko espazioa sortzen du. Aukera horrek garrantzi berezia du lehen urratsak ematen ari diren sortzaileentzat; izan ere, hasieran ez da beti erraza izaten lanak erakusteko eta publikoarengana iristeko espazioak aurkitzea. “Euskal zinemaren etorkizuna eraikitzen laguntzea” da antolatzaileen helburuetako bat, Altunak nabarmendu duenez.

Sortzaileentzako plaza eta kultur esperientzia
Huhezinema plataforma bat da sortzaile berrientzat: haien lanak publiko baten aurrean erakusteko, ikusgarritasuna eskuratzeko eta ikus-entzunezkoen munduko beste eragile batzuekin harremanak sortzeko aukera eskaintzen du. Lehiaketa, beraz, sortzaileek lehen pausoak emateko eta euskal ikus-entzunezkoetan beren lekua egiten hasteko erakusleihoa ere bada.
Horrez gain, jaialdiak zinema lehiaketatik haragoko egitaraua prestatzen du. Masterclassen bidez, sektoreko profesionalengandik ikasteko aukera eskaintzen du; kontzertuek, podcastek eta solasaldiek, berriz, publiko desberdinak erakartzen dituzte eta jaialdiaren inguruko giroa indartzen dute. Ikasteko, elkar ezagutzeko eta kulturaz gozatzeko esperientzia zabalagoa sortu nahi dute.
Altuna: “Gehienontzat, lehen aldia da jaialdi bat antolatzen duguna, eta lan eta koordinazio handia eskatzen du”
Ikasleen ardura, etorkizuneko erronka
Jaialdiaren atzean, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko laugarren mailako ikasleek osatutako antolakuntza-taldea dago. Haientzat, erronka handia eta ikasketa-prozesu baliotsua da; “Gehienontzat, lehen aldia da jaialdi bat antolatzen duguna, eta lan eta koordinazio handia eskatzen du” adierazi du Altunak. Antolakuntza hiru lan-arlotan banatuta dago: programazioa, produkzioa eta komunikazioa. Horien arteko koordinazioa da, hain zuzen ere, erronka nagusietako bat. “Kanpotik oso polita dirudi, baina barrutik batzuetan kaotikoa izan daiteke”, aitortu du Altunak. Pertsona askoren artean erabakiak hartzea, ados jartzea eta urtero talde berri batekin antolakuntzaren dinamika martxan jartzea ez da beti erraza. Hala ere, denon arteko lana da jaialdia aurrera ateratzen duena.
Etorkizunari begira, Huhezinema sendotzen eta jaialdiak bere lekua egiten jarraitzea dute amets. Berrikuntzak txertatu nahi dituzte, baina orain arteko esentzia galdu gabe: euskal sortzaileei espazioa eskaintzea eta euskararen aldeko apustuari eustea. Altunak datozen urteetan ikasle-belaunaldi berriek proiektua ilusioz hartzen jarraitzea espero du. Hala, Huhezinema hazten eta euskal ikus-entzunezkoen aldeko lanean sendotzen ikusten du etorkizunean.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta