
Makina Erremintaren Museoak makina zaharrak berpizten ditu. Elgoibarren kokatua, 1998tik makina-erremintaren sektoreari lotutako ondare industriala babesten eta transmititzen aritu da. Lan horrek 2025eko SIF Fabrikazio Ingeniaritzako Saria jaso berri du, Sociedad de Ingeniería de Fabricación elkarte espainiarrak eskainitakoa. Bereziki nabarmendu du museoaren ekarpena ondare industrialaren berreskurapenean eta kontserbazioan, makina-erremintaren historia bizirik mantentzeko egiten duten lanari dagokionez. Elkartearen esanetan, museoak balio didaktiko handia du, garapen teknologikoaren bilakaera erakusteko baliagarria izanik, eta dokumentazio-zerbitzu garrantzitsu bat ere garatu duelako, sektorearen iragana jasoz eta etorkizuneko berrikuntzak ulertzeko oinarriak ezarriz.
Rafael Zulaika eta Iker Garcia, museoaren zuzendariak eta zuzendariordeak, hurrenez hurren, zirraraz jaso dute aitortza: “Ez da edonolako sari bat. Espainiako elkarte batek, Euskal Herriko eta Elgoibarko errealitatea sakon ezagutzen ez duenak, gure lana aitortu izanak poza eta harrotasuna ematen digu. Txikiak gara, baina oso esanguratsuak”.
Aitortza esanguratsua eskualde txiki bati
1998ko abenduan ireki zituen ateak museoak, makina-erremintak pisua zuen herri baten. Zulaikaren hitzetan, hasieratik argi izan zuten ez zutela museo isil eta estatikoa sortu nahi: “Gure makinak ez daude geldirik erakusketan. Funtzionamenduan daude; entzun eta usaindu ditzakegu. Azken finean horrek museoari bizitza ematen dio. Makina historikoak dira, ez zaharrak, eta guztiek dute kontatzeko zerbait”.
Bilduman Euskal Herrian egindako makina-erreminta ugari dago —Eibar, Elgoibar, Mendaro, Bergara, Soraluze…—, baita Espainiako eta nazioarteko piezak ere. Makinak ohola eta polea bidezko transmisio sistemaren bidez martxan jar daitezke, bisitariari XIX. eta XX. mendeetako tailerren esperientziara hurbilduta.
Rafael Zulaika (MHko museoa): “Gure makinak ez daude geldirik erakusketan. Funtzionamenduan daude; entzun eta usaindu ditzakegu"
Erakusketa hiru espazioetan banatuta dago: errementeria (burdinaren historiari lotua), mekanizazio tailer nagusia eta SIGMA josteko-makinen bilduma biltzen duen balio anitzeko aretoa. Horiekin batera, 8.000 eta 10.000 erreferentzia artean dituen dokumentazio-funtsa dute. Hura katalogatzeko lanean ari dira oraindik.
Emakumeen ekarpena eta ikuspegi garaikideak
Museoak azken urteotan genero ikuspegia txertatu nahi izan du, eta industrian emakumeek egindako lana ikusarazten saiatzen da. “Aspalditik baztertua izan den errealitate bat da”, diote Zulaikak eta Garciak. “Museoan zehar dauden argazki handien bidez erakusten dugu emakumeak ez zirela bakarrik administrazio-lanetan aritzen. Josteko makinen fabrikazioan, adibidez, 300 emakume inguru aritu ziren SIGMAn lanean”.

Era berean, “txuri-beltzezko museo” baten irudia saihesteko kolorea eta bizitasuna gehitu nahi izan dituzte, historiaren kontakizuna hurbilagoa eta erakargarriagoa izan dadin.
Hezkuntza, transmisioa eta etorkizunaren erronkak
Museoak egunerokoan harrera egiten die ikasleei, familiari eta turistei. Lehen Hezkuntzako ikasleekin makina sinpleak lantzen dituzte, STEAM hezkuntzaren ildotik. Gainera, industria sektorearen balioak belaunaldi berriei transmititzeko ahalegin berezia egiten dute: “Museoak ez dira aspergarriak; ikusmira zabaltzeko espazioak dira, eta gizartearen parte garrantzitsua osatzen dute”.
Saria jaso ostean, proiektu berriak martxan jarri nahi dituzte. Batetik, SIF elkartearekin bilduma digital bat garatzeko lanketa adostu dute. Bestetik, SIF elkarteko unibertsitateekin elkarlanean ari dira, hala nola Malagakoarekin, non 1980ko hamarkadako Soraluzeko zulagailu baten bertsio birtuala sortzen ari diren.
Iker Garcia (MHko museoa): “Gure helburua ez da munduko museorik onena izatea, baina bai onenen artean egotea. Ez tamainagatik, baizik eta eskaintzen dugun bizitasunagatik eta helburu didaktiko eta sozialengatik”
Museoak, halaber, bertan dituen hainbat irudi estatikoak interaktibo bihurtu nahi ditu, informazioa bisitariei modu erakargarriagoan helarazteko.
“Gure helburua ez da munduko museorik onena izatea, baina bai onenen artean egotea. Ez tamainagatik, baizik eta eskaintzen dugun bizitasunagatik eta helburu didaktiko eta sozialengatik”, dio Zulaikak.

Sarea, babesgune
Museoa ez dago bakarrik. Bere atzean Elgoibarko Udala, IMH Campus, AFM Cluster, Danobatgroup eta 70 enpresa lagun baino gehiago daude. “Patrono horiek funtsezkoak dira. Laguntza ekonomikoaz gain, sektorearekiko lotura bizia ematen digute”, azaldu dute.
Museoaren dinamismoak erakutsi nahi du industria-ondarea kontserbatzea ez dela iragana zaintzea soilik, baizik eta etorkizunerako konpromiso aktiboa ere
Finantzazioa hainbat iturritatik dator: sarrerak, museoko lagunen kuotak, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzak eta, noski, patronoen ekarpenak. Museoaren dinamismoak erakutsi nahi du industria-ondarea kontserbatzea ez dela iragana zaintzea soilik, baizik eta etorkizunerako konpromiso aktiboa ere.
Etorkizuna, belaunaldi berrien esku
Amaitzeko, museoko arduradunek mezu argia zabaldu nahi diete gazteei: “Sarritan, museoak aspergarria dela uste dugu; gure kasuan eta beste zenbait museoren errealitatea, ez da hori. Makina Erremintaren Museoa esperientzia bizia da, dibertigarria eta interesgarria, non ezagutza, historia eta teknologia batzen diren. Geure historiaren atal bat ezagutzeko balio du; Euskal Herriak oro har, historia oso anitz eta zabala du, eta horri ere ikusgarritasuna eman behar zaio".