Interrail: Europan barrena trenez

50 urte bete ditu Europako 33 herrialde bisitatzeko aukera ematen duen interrail bidaia-txartelak. Urte guzti hauetan milioka bidaiarik erabili izan dute tresna hau baina errentagarria al da? Uda honetan interrailez joan den Bizkaiko gazte talde batekin hitz egin dugu

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Gazteentzako sortu zen Interrail duela 50 urte. 21 urtetik beherakoek baino ezin zuten erosi eta hilabetez Interrail elkartea osatzen zuten herrialdeetatik zehar bidaiatzeko aukera ematen zuen, bigarren mailako eserlekuetan. Bidaia txartela baino, bidaiatzeko filosofiarekin lotzen dugu interrail eta 50 urte hauetan aldaketak izan baditu ere txartelak bere izaerari eusten dio.

Egitasmoak adin mugarik ez du gaur egun eta gazte zein heldu bidaiatu daitezke. Bidaiatzeko herrialdeen zerrenda ere aldatu egin da urte guzti hauetan. Hasiera batean 21 herrialdek baino ez zuten parte hartu baina Europako muga eta bloke politikoak aldatu ahala kopurua zabaldu egin da. Gaur egun 33 herrialdetako 40.000 helmuga baino gehiago bisitatu daitezke, neurrirako bidaia diseinatuz. Herrialde parte-hartzaileena ez da aldatu den ezaugarri bakarra. Denbora muga zabaldu egin dute eta bigarren mailako tarifen muga ere desagertu egin da. Bidaiariek edozein motako trenak hartu ditzakete. Aukera horrek, baina, gehigarri bereziak ordaintzea eskatzen du.

Prezioari dagokionez, aukera andana dago. Gakoa bidaiariak bidaiatzen emango duen egun kopurua da. Bidaia egun batean nahi beste ibilbide burutu daitezke. Bidaia egunak jarraian izan daitezke edo tartekatuak. Hala, hilabete batean 5 egunez bidaiatzeak 212 euro balio du eta bi hilabeteko tartean 15 egunez bidaiatzeak 370. Bestalde, bidaia egunak jarraian erabiliz gero prezioa aldatzen da. Hilabete batez egunero bidaiatzeko tarifak 503 euroko prezioa dauka eta 3 hilabetekoak 677 euro. Bisitatu nahi dugun eremuak ere tarifa baldintzatuko du. Izan ere, badago herrialde bakarra baino ez bisitatzeko aukera eta prezioa herrialdez herrialde aldatzen da. 

Ibon Loidi: Egunak igaro ahala, diruaren balioa ulertzen hasi nintzen, lehen merkea zena, orain, garestia da niretzat 

Interrail txartelari ahalik eta etekin handiena ateratzea, hortaz, kalkulu kontua da eta horrela ibili zen Ibon Loidi gazte bilbotarra eta bere koadrila. EnpresaBIDEAri azaldu dio Ibonek Interrailen esperientzia eta baita bidaia prestatzeko egindako lanak ere. 17 urteko bilbotarrak argi zuen Interrail esperientzia bizi nahi zuela uda partean. Xede horrekin ikasturte hasieran ekin zion bidaia diseinatzeari, bere lagunekin batera. Ikasturte bereko 10 lagun guztira joan dira eta hilero biltzen hasi ziren bidaiaren nondik norakoak zehazteko. Loidik azaldu bezala "plangintzaren lehen oztopoa bisitatuko genituen herrialdeak aukeratzea izan zen. Behin hori adostuta bakoitzak gaua pasatzeko ostatua edo pisua bilatu genuen". Hilabetean 7 bidaia eguneko tiketa erosi zuten 250 euro ordainduta. Uztailaren 14ean abiatu zuten bidaia Hendaiako (Lapurdi) geltokitik. Paris izan zen lehen helmuga. Ondoren Belgika, Herbehereak, Alemania, Txekiar Errepublika, Hungaria eta Kroazia bisitatu zituzten. Guztira 3.380 kilometro egin zuten trenbideetan.

Dirua ondo kudeatzearen garrantzia

Gazte koadrila jakitun zen diruarena egoki kudeatu beharreko kontua zela. Horrela bidaian abiatu aurretik aurrezki-kontua ireki zuten bankuan, bakoitzak 50 euro sartuta. Loidik azaldu bezala "kontua ireki genuen zerbitzu publikoak asko erabiliko genituela bagenekielako. Kontu hori egonaldiak eta guztion gastuak baino ez ordaintzeko erabili genuen". Elkarrekin irekitako kontuaz gain, gazteek kreditu txartel bana eraman zuten. Eta txartelik onartu ezean, esku-dirua ere bai: 100 euro inguru bakoitzak. Dirua zorrotz kontrolatu zuten gazteek eta, eurek aitortu bezala "supermerkatu merkeen VIP bezeroak" izan ziren bidaiak iraun bitartean. Esperientziak diruari neurria hartzeko balio izan dio Loidiri: "Egunak igaro ahala, diruaren balioa ulertzen hasi nintzen, lehen merkea zena, orain, garestia da niretzat."

Interrailek  33 herrialdetako 40.000 helmuga baino gehiago bisitatzeko aukera ematen du, neurrirako bidaia diseinatuz.

Herrialdeen artean alde ekonomiko nabariak daudela nabarmentzen du Bilboko gazteak: "Bazirudien, zenbat eta iparralderago egon orduan eta garestiago zela guztia. Berlin eta Amsterdam garesti iruditu zitzaizkidan". Pragan, ordea, egoera ekonomikoa bestelakoa dela uste du. Merkeagoa iruditu zitzaien gazte bizkaitarrei baina beste dibisa bat erabiltzeak erosketak garestitu zizkien zenbait kasutan. Budapesten, beste horrenbeste: "Berriro ere, aldaketa garestia izan zen. “0% comission” esaten zuten kartelak faltsuak ziren, beti komisioa zegoelako". Split izan zen gazte hauen azken helmuga eta diruz estu samar izanik gastuak ahalik eta gehien murriztu behar izan zituzten. Interrail tarifak trenak eta, zenbait kasutan, ferryak baino ez dituenez bere barnean hartzen bueltarako gastu gehigarria egin behar izan zuten. Hegazkinez Parisera hegaz egin zuten eta handik Bilbora, autobusez. 

17 egunetan 950 euro inguru gastatu du Ibonek, gastu guztiak  zenbatuz. Interrailen kostua 250 eurokoa izanda dirua ondo aprobetxatu dutela uste du. Izan ere, etxekoentzat opariak erosi ditu eta guzti.

Interrail txartelak zozketatuko ditu Europako Batzordeak

Europako herrialdeen arteko loturak sendotzeko Interrail tresna ezin hobea dela uste du Europako Batzordeak eta 18 urteko gazteen artean hilabetez Europan barrena debalde bidaiatzeko 35.000 txartela zozketatuko ditu Discover EU egitasmoaren bitartez. Ez da halako ekimenik burutzen duen lehen aldia. 2018an abiatu zutenetik 130.000 gazte baino gehiagok Interrail bidez Europa ezagutzeko aukera izan dute, kosturik gabe. Urte honetako apirilean antzeko zozketa burutu dute eta udazkenean deialdi berria egingo dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK