Intimitatearen mugak

Bideo biral baten ondorioak kontagai Txintxua Filmsek Netflixentzat ekoitzitako Intimidad telesailean

Bilboko horma-irudia | Argazkia: EnpresaBIDEA Bilboko horma-irudia | Argazkia: EnpresaBIDEA

Zer egin klik batekin, segundoko milaren batean bizitza pribaturik gabe geratuz gero? Zer egin norbere intimitatea denen ahotan denean? Egoera horretan murgilduta dago Malen Zubiri (Itziar Ituño) etorkizun oparoko politikaria. Bera ageri den eduki sexualeko bideo intimo bat prentsara zabaldu da, biral egin, eta kalteak ugariak dira protagonistarentzat. Intimitatearen urraketa horixe da Netflixen estreinatu berri den Intimidad telesailaren abiapuntua, ondoren beste gai mamitsu batzuei heltzeko, betiere emakumeen ikuspuntutik.

Zortzi ataleko telesailak Itziar Ituño, Verónica Echegui, Patricia López Arnaiz, Ana Wagener, Emma Suárez eta Yune Nogueiras aktoreak ditu protagonista.

Ekoizpen euskalduna

Proiektu hau garatzeko, Netflix plataformak Txintxua Filmsera jo du, Marian Fernandez produktoreak eta Asier Altuna zuzendari eta gidoilariak sortutako ekoiztetxera. 2020ko udan proiektua Netflixen zegoen jada, Veronica Fernandez telesailaren sortzaile eta gidoilaria streaming plataformako eduki taldean sartu zelako. Istorioa Bilbon eta inguruetan gertatzen denez, Landetako eszena batzuez gain, Netflixek eremua ongi ezagutzen duen ekoiztetxe bat nahi zuen eta Txintxua Films aukeratu zuen. Gainera, plataforma handien lanetan ohikoa ez bada ere, ekoiztetxe gipuzkoarrak berak bakarrik eraman du aurrera ekoizpena, babesa eman dion beste inolako konpainiarik gabe.

Proiektua aurrera eramateko aukeratuak izan zirenean, Marian Fernandez Txintxua Filmseko ekoizleak zorterik handiena erori zitzaiela sentitu zuen: “Berehala identifikatu nintzen proiektu honekin, hori baita lanean hasteko beti planteatzen dudan baldintza”. Are gehiago, gai bera jorratzen zuen proiektu bat aurrera ateratzen saiatu zen: nola erabil daiteke emakumeen intimitatearen urraketa?

Istorioa Bilbon eta inguruetan gertatzen denez, Netflixek eremua ongi ezagutzen duen ekoiztetxe bat nahi zuen eta Txintxua Films aukeratu zuen

Hurrengo urratsa teknikarien eta aktoreen taldea osatzea izan zen. Netflixek Laura Sarmiento gidoilaria eta Jorge Torregrossa zuzendarietako bat ekarri zituen, eta Txintxuak lan egiteko erabili ohi dituen izenetara jo zuen: Ander Sistiaga, produkzio zuzendari gisa; Javier Agirre, argazkiaren buru, Txarli Argiñanorekin kapitulu batzuetan; Alazne Ameztoy, soinuan; Koldo Almandoz, bi atal zuzentzen; edota Laurent Dufrech, muntaian.

Uneoro euskal kutsua nabari dadila nahi izan dute. “Telesailean ez da ezkutatzen istorioa Bilbon gertatzen denik. Bizkaiko hiriburuko kale, eraikin eta udaletxea ageri dira”. Are gehiago, telesaileko hizkuntza nagusia gaztelania bada ere, une batzuetan, euskarazko elkarrizketak ere sartu dituzte “era natural batean, euskal errealitatearekin antz handiagoa izan dezan”.

Marian Fernandez: “Telesailean ez da ezkutatzen istorioa Bilbon gertatzen denik. Euskarazko elkarrizketak ere sartu ditugu, era natural batean euskal errealitatearekin antz handiagoa izan dezan”

2008an sortu zenetik, ekoiztetxeak aurrera eraman duen bigarren telesaila da Intimidad, Hondar Ahoak lanaren ondotik. Hala ere, Netflix bezalako plataforma erraldoi batentzat lan egiten duen lehen aldia da.

Fernandezek argi dio euskal ekoiztetxeetan profesionaltasun maila “oso altua” dagoela, eta plataforma handien beharrei “kalitatez erantzuteko prest” daudela.

Fernandezek argi dio euskal ekoiztetxeetan profesionaltasun maila “oso altua” dagoela, eta plataforma handien beharrei “kalitatez erantzuteko prest” daudela

Horma-irudi deigarriak

Telesailaren produkzio-lana Txintxua Filmsek burutu badu ere, marketin eta publizitateaz Netflix arduratu da. Espainiar estatuko zenbait hiritan telesaileko irudi eta afixa erraldoiak jarri ditu. Bilbon, esaterako, Guggenheim museoaren parean jarri dute atentzioa deitzen duen horma-irudi handi bat. Telesaileko protagonistak ageri dira bertan eta alboan letra handiz emakumeen arteko elkartasunaren inguruko esaldia: “guztiak begira ditugunean, intimitatea da batzen gaituena”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK