• LAN ETA BIZI
  • Itsas ondarea ala negozioa? Belaontzi historikoen atzean dagoen ekonomia

Itsas ondarea ala negozioa? Belaontzi historikoen atzean dagoen ekonomia

Iraganaren sinbolo erromantikoak eta XXI. mendean bizirik irauteko berrasmatu behar izan diren negozio flotagarriak ikus daitezke egunotan Pasaian

Evangelia barkua da Pasaia Itsas Festibalean parte hartzen ari denetako bat | Argazkia: utzita
Evangelia barkua da Pasaia Itsas Festibalean parte hartzen ari denetako bat | Argazkia: utzita
Helena Menayo
Komunikazioan aditua
2026ko maiatzaren 16a - 05:30

Egurrezko belaontzi handi bat portura sartzen denean, ikusle gehienek itsasoaren erromantizismoa ikusten dute: bela zuriak, egur zaharraren usaina eta iraganeko nabigazioaren irudia. Baina ontzi horiek bizirik mantentzea ez da nostalgia kontua bakarrik, negozioa ere bada.

 

Maiatzaren 14tik 17ra egiten ari den Pasaia Itsas Festibalak berriz ere Europako hainbat herrialdetatik etorritako ontzi historikoak bildu ditu. Kanpotik folklorea edo ondare ospakizuna dirudien horrek, ordea, ekonomia sare handi bat mugitzen du: turismoa, mantentze lanak, logistika, babesletzak eta kultura-industria.

Azken edizioan, 2024an, festibalak 3,18 milioi euroko inpaktu ekonomiko potentziala izan zuen Pasaian eta inguruko herrietan, antolatzaileen kalkuluen arabera. 135.000 bisitari inguru erakarri zituen ekitaldiak. “Festibalak dimentsio kulturala dauka, baina inpaktu ekonomikoa ere oso garrantzitsua da”, azaldu dio EnpresaBIDEAri Olatz Olaizolak, Oarsoaldeko Turismo teknikariak. 2024ko edizioan kontratatutako zerbitzuen %83 baino gehiago kilometro bateko inguruan geratu zirela dio Olaizolak, eta horrek tokiko ekonomian eragin zuzena izan zuela. Gainera, estimatu zen diru publikoko euro bakoitzeko 5,16 euroko eragin ekonomiko potentziala sortu zuela tokiko ekonomian. Hau da, diru publikotik inbertitutako euro bakoitzak 5,16 euroko inpaktu potentziala eragin zuen. Datu horiek estimazio ekonomikoak direla azpimarratu du Turismo teknikariak. Aurtengo edizioari begira, finantzaketaren egitura nabarmena da: %82 publikoa da eta %18 pribatua.

 

Baina itsas festibal baten benetako erdigunea ontziak dira, eta ontzi historiko horiek ez dira museo piezak bakarrik: askok enpresa egitura dute atzean. Ontzi ugarirentzat festibaletan parte hartzea ez da prestigio kontua; biziraupen ekonomikoa da. Turismo esperientzia, bisita gidatu eta ekitaldi pribaturik gabe, Europako egurrezko hainbat ontzi historikok ez lukete gaur egun nabigatzeko aukerarik izango.

Ontzi ugarirentzat festibaletan parte hartzea ez da prestigio kontua; biziraupen ekonomikoa da

Galiziatik Pasaiara etorri den Evangelina ontziaren inguruko azalpenak eman ditu Pablo Mariño Lustresek, Bucus Turismo Marinero enpresako CEOak. Gaur egun belaontzi historikoek turismo esperientzien bidez lortzen dutela bizirik irautea azaldu du.“Lehen zama garraiatzen zuten ontziak ziren; gaur egun, itsasoaren eta historiaren inguruko esperientziak saltzen ditugu”, dio. Familientzako nabigazioak, eskolentzako bisitak edo enpresentzako teambuilding jarduerak eskaintzen dituzte. Horri administrazio publikoekin dituzten hitzarmenak eta dirulaguntzak gehitu behar zaizkio. “Injenio handiz mantentzen dira ontzi hauek gaur egun”, aitortu du barrez.

Izan ere, mantentzea da erronka handiena. Ontzi historiko batek etengabeko arreta behar du: egurra berritu, kroskoa tratatu eta segurtasun baldintzak eguneratu. Evangelinaren kasuan, Galiziako egurrezko ontziola espezializatu batera joaten dira urtero. “Horrelako ontziola gutxi geratzen dira”, dio arduradunak. Mantentze lan horiek milaka euroko kostua izan dezakete urtero, eta ontzia hilabetez geldirik edukitzea eskatzen dute askotan. Horrek itsas ondarearen inguruan ekonomia oso bat dagoela erakusten du: arotzak, itsas mekanikariak, portuko zerbitzuak, aseguruak edo logistika enpresak. Festibalek sare hori aktibatzen dute nolabait.

Pasaia Itsas Festibalaren 2024ko edizioko memoriak berak aitortzen du ontzi handiak direla publikoarentzat erakargarritasun handiena dutenak. Inkestatutako bisitarien %53k adierazi zuen ontziak izan zirela jaialdian gehien gustatu zitzaiena. Horregatik, antolatzaileek uste dute etorkizunean aurrekontu handiagoa beharko dela tamaina handiko ontzi gehiago erakartzeko.

79162681 7a41 4ed8 935d 0a623fd2d553
Argazkia: utzita

Baina ontzi handi horiek ekartzea ez da erraza, eta bakoitzaren kostua aldatu egiten da tamainaren, tipologiaren edo tripulazioaren arabera. Horrez gain, logistika konplexua da: moilak libratu, segurtasun neurriak handitu, aparkalekuak egokitu eta portuko jarduera koordinatu behar dira. Festibalaren memoriak horren tamaina ere erakusten du: 150 boluntario inguruk hartu zuten parte azken edizioan, eta dozenaka erakunde, enpresa eta elkarteren koordinazioa behar izan zen jaialdia martxan jartzeko. Horregatik, Europan itsas festibalen sare bat sortu da urteekin. Ontzi askok urte osoko egutegia dute eta Brest, Douarnenez, Sète (Frantzia) edo Pasaia bezalako udalerrietan parte hartzen dute. Festibal horiek dira haien erakusleiho nagusia, baina baita diru-sarrera iturri ere.

1999tik itsas ondarea garapen ekonomiko eta sozialerako ardatz estrategiko bihurtu dute Albaolak, Pasaiako Udalak eta Oarsoaldeak

Eta Pasaiaren kasuan, jaialdia bera ere estrategia ekonomiko baten parte bihurtu da urteekin. Memoriak jasotzen duenez, 1999tik itsas ondarea garapen ekonomiko eta sozialerako ardatz estrategiko bihurtu dute Albaolak, Pasaiako Udalak eta Oarsoaldeak. Horregatik, festibalaren balioa ez da soilik lau eguneko jarduera turistikoa. Tokiko ostalaritza, merkataritza eta turismo sektorea aktibatzen ditu, baita Pasaiaren nazioarteko irudia ere.

Azken batean, Pasaiako badian ikusten ari diren egurrezko ontzi handi horiek bi gauza dira aldi berean: iraganaren sinbolo erromantikoak eta XXI. mendean bizirik irauteko berrasmatu behar izan dituzten negozio flotagarriak.