Itsaspeko ardoaren altxorra

Crusoe Treasure proiektuak bertako itsas biodibertsitatea bultzatzen duen arrezife artifizial gisa jokatzen du, eta, gainera, esperientzia esklusiboak eskaintzen ditu, besteak beste, urpeko upeltegira bisitak eta ardoen dastatzeak

Ur azpian zaharkitutako ardoa| Argazkia: © Crusoe Treasure upategia
Ur azpian zaharkitutako ardoa| Argazkia: © Crusoe Treasure upategia
IMG 0321
Kazetaria
2026eko apirilaren 3a - 05:30

Crusoe Treasure munduko lehen urpeko arrezife artifiziala da, Plentziako badian (Bizkaian) kokatuta, Kantauri itsasoan. Itsaspeko azpiegitura bat du, uharrian bizi diren 500 espezie baino gehiagorekin. Eta arrezife horretan ardoak zahartzen dira. Antonio Palacios enologoaren zuzendaritzapean, upategi horrek berrikuntza, iraunkortasuna eta zientzia uztartzen ditu ardo beltzak eta zuriak ontzeko, zapore paregabeak, zeta-antzeko ehundura eta presioaren eta olatuen eragina lortuz.

 

Crusoe Treasure munduko lehen urpeko arrezife artifiziala da, Plentziako badian kokatuta, Kantauri itsasoaren azpian ardoak zahartzen dituena

2017. urtean sortu zen, ikerketa lan baten ondorioz. Itsas hondoko ardoen bilakaera desberdina eta egingarria zela ikusi ondoren, enpresa bat sortzea erabaki zuten. Elaborazio prozesua erraza da: lehorrean egin ondoren, botila berezietan sartzen da ardoa, kortxo jakin batekin, eta Plentziako badiaren hondoan murgiltzen dira, arrezife artifizial gisa jarduten duen azpiegituraren barruan. Bertan hilabeteak pasatzen dituzte botilek, baita urteak ere, enologoak prest daudela erabaki arte. “Ardoa lehorrera eramaten dugunean, dena zuzen dagoela adierazten duten analisiak egiten dira, eta Asian oso ezaguna den ilustratzaile japoniar batek marraztutako arrain kutxatila batzuetan saltzeko prestatzen dira, munduko hainbat herrialdeetara esportatzeko”, adierazi du Borja Sarachok, Crusoe Treasureren zuzendari nagusiak.

Botilak ur azpian | Argazkia: © Crusoe Treasures upategia
Botilak ur azpian | Argazkia: © Crusoe Treasure upategia

Arrezifearen monitorizazioa ere egiten dute, eta horrek ahalbidetu die askotariko emaitzak ikustea: alde batetik, kolonizazio bat dagoela antzematea, ekosistema finko batek arrezifea bera egonkortu baitu; bestetik, urteetan zehar, espezie berriak ugaritu direla antzeman dute. “Txosten bat egin dugu kolonizazio hori nola doan azaltzeko”, esan du Sarachok.

 

Enoturismoa, turismoa egiteko beste aukera bat

Edozein kasutan, oso berezi egiten ditu ur-azpiko upategiak. “Oso istorio bitxia dugu, eta itsasoan murgildutako ardoaren kontuak askoren arreta bereganatzen du. Horrek egiten gaitu bereziki deigarri”, adierazi du Sarachok. Gauzak hala, baina, kontsumo arduratsua bultzatzen dute: alde batetik, jendeak alkohol asko edan ez dezan saiatzen dira, eta, bestetik, erosleek beira berrerabil dezaten sustatzen dute. Izan ere, Sarachok dioenez, botilak hainbat erabilgarritasun ditu, esate baterako, loreontzi bilakatzea. 

Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Filosofia hori euren upategietara egiten diren bisitetan bultzatzeko ahalegina egiten dute, baita elaborazio prozesu osoa nola egiten duten azaldu ere. “Ez dugu keratinarik erabiltzen, eta jendea itsas ingurunearen garrantziaz jabetzea sustatzen dugu, arrezife artifiziala zer den eta proiektua zertan datzan azalduta”, esan du Sarachok.

Ardoa, ur azpitik atera berritan | Argazkia: © Crusoe Treasure upategia
Ardoa, ur azpitik atera berritan | Argazkia: © Crusoe Treasure upategia

Crusoe Treasureren kasuan, hainbat esperientzia eskaintzen dituzte: lehorreko ardo bat dastatzea, ardo urperatuetan geldialdia eginez dastaketa egitea, itsasontziz ateratzea, jatea, dastatze horizontalak, etab. Gainera, produktuak aurkezten dituzten enpresentzat ere ekitaldiak antolatzen dituzte, bezeroaren neurrira eginikoak.

Enoturismoak dirua uzteaz gain, marka sustatzen du. Sarachok dioenez, Crusoe Treasurerentzat interesgarria da eta aukera komertzialak eman dizkie zenbait merkatutan. Oso garrantzitsua da bezero garapen hori; izan ere, erosahalmen ertain-handiko bezeroa da haiena, eta munduan barrena bidaiatzen du upeltegiak ikusten. “Bizkaia eta Bilbo ezagutzen dituztenean harritu egiten dira gure gastronomiarekin edota klimatologiarekin. Dena zein polita den aipatzen digute”, onartu du Sarachok.

Ardoaren kontsumoa behera

Crusoe Treasureren helburua da laster instalazio berri bat irekitzea eta enoturismoko esperientzia areagotzen jarraitzea, munduko leku guztietako jendearen bisitekin. Horrekin batera, produktua eta kontzeptua zerbait berritzaile eta kalitate handikotzat kokatzeko ahaleginetan ere ari dira. 

Enoturismoak dirua uzteaz gain, marka sustatzen du. Sarachok dioenez, Crusoe Treasurerentzat interesgarria da eta aukera komertzialak eman dizkie zenbait merkatutan

Hala ere, gaur egun, sektorearen egoera ez da erraza; Espainiar Estatuan upategiak kolpea jasaten ari dira, eta ardoaren kontsumoa ere etengabe erortzen ari da. Sarachoren arabera, hori gertatzen ari da gazteek ardoa gero eta gutxiago kontsumitzen dutelako; beraz, berritzen eta ardoa jendeari hurbiltzen saiatzen jarraitzeko beharra ikusten du.