• LAN ETA BIZI
  • Ivan Díaz: “Bizio ez da entrenatzeko toki bat bakarrik, eraldatzen zaituen espazio bat da”

Ivan Díaz: “Bizio ez da entrenatzeko toki bat bakarrik, eraldatzen zaituen espazio bat da”

Euskal Herrian ekiteko dauden "erraztasun faltak" mahaigaineratu ditu Bizio Studioko sortzaile mexikarrak

Ivan Diaz Bizioko sortzailea | Argazkia: utzitakoa
Ivan Diaz Bizioko sortzailea | Argazkia: utzitakoa
IMG 0321
Kazetaria
2025eko azaroaren 16a - 05:30

Bizio Studio Bilbon kokaturiko Indoor Cyclingen espezializatutako estudio berri bat da, klase bakoitzean esperientzia paregabea, motibatzailea eta energia handikoa eskaintzeko sortua. Espazio moderno bat da, azken belaunaldiko bizikletekin hornitua. Ivan Díaz Valenciak, Bizio Studioko fundatzaileak, Mexikotik etorri, eta jabetuta ez zegoela halako kontzepturik Bilbon, Bizio Studio ireki berri du. Bere ametsari eutsi dio, baina prozesu luzea izan da.

 

Zer da Bizio Studio?

Bizio Studio indoor cycling edo barneko bizikleta estudio berri bat da. Atmosfera inguratzaile bat sortzen duen areto intsonorizatua da, argiekin eta soinuarekin batera. Kardio jarduera bat da, baina ez da ezagutzen den moduan monitore aurrean zauden spinning klase bat; hemen beste faktore batzuek esku hartzen dute, hala nola argiak eta soinuak. Estatu Batuetan eta Mexikon asko ustiatzen den kontzeptua da, baina hemen diziplina berria da, eta, beraz, oraindik ere jendeari ezagutarazteko lan handia dago. Oso konpletoa da, ariketa kardiobaskularra lantzeaz gain, pisuak ere sartzen ditugulako; beraz, 45 minutuko errutina osoa dela esan dezakegu.

 

Non du jatorria?

Indoor cyclinga txirrindularitzaren azpi-adar bat da. Estatu Batuetatik dator, New Yorketik hain zuzen ere. Akin Akman da erreferentea diziplina honetan. Berak joerak markatzen ditu, beti erreferentea izanez.

Bertan merkatua hezi zuten, zer den irakatsiz, eta, gero, Mexikora iritsi zen. Mexikon gertatzen dena da hain erraza dela ekitea, ezen edonork errepikatzen baitu; estudio batek arrakasta badu, hilabete barru hamar estudio izango dira. 

"Bizio benetan maite dudan zerbait egiteko beharretik sortzen da. Zorionez, inbertitu ahal izan dut"

Nola sortzen da proiektua hasteko ideia?

Pandemia hasi baino urtebete lehenago, 2019an, asko zaletu nintzen diziplina horretara Mexikon; bizikleta horietan ibiltzen hasi nintzen rider bat bezala. 45 minutuko klase horiek nire bakea eta lasaitasuna ziren, benetan esnatu eta motibatu egiten ninduen klaseetara joateak. Errutina horri eutsi nion 2022ra arte. Orduan etorri nintzen Euskal Herrira. Bilbora etorri eta spinning klaseetara joaten probatzen hasi nintzen, baina asko aspertzen ninduten. Orduan, konturatu nintzen ez zegoela Bizio Indoor Cycling bezalako kontzepturik.

Ez zen Mexikon egiten nuena. Egia da badaudela horrelako estudioak Bartzelonan eta Madrilen, baina hemen ez. Nire buruan beti pentsatzen nuen zein ongi egongo zen estudio bat muntatzea Bilbon. Horregatik, 2023 eta 2024 bitartean formakuntza bat egin nuen Batzelonan, Fit4life akademian. Gero, workshop bat egin nuen Guadalajaran, Mexikon. Zortea izan nuen Mexikoko estudio batean coach izateko aukera eman zidatelako; horrek ere makina bat tresna eman zizkidan estudioa Bilbon irekitzeko ametsa bete nezakeela pentsatzeko. Beraz, laburbilduz, Bizio benetan maite dudan zerbait egiteko beharretik sortzen da. Zorionez, inbertitu ahal izan dut; baina, inbertsio ekonomikoa edukitzetik haratago, ezagutza ere eduki behar duzu, muntatu ahal izateko.

Nolakoa izan da ekiteko prozesua?

Oso zaila da Bilbon ekitea. Ni, pertsonalki, Mexikoko unibertsitate batetik nator, non denbora guztian buruan sartzen diguten ekiteko txipa, ez beste norbaitentzat lan egitea. Nire ustez, hemen burokrazia gehiegi dago, hau da, prozesu gehiegi daude ekintzaileak zerbait egiteari uko egin diezaion. Jendea erre egiten da, ez bakarrik dagoen burokrazia-mailagatik, baizik eta ordaindu beharreko izapide kopuruagatik; dirua atera behar duzu fakturatzen hasi gabe ere.

Horrek guztiak sortzen duen beldurrak eta zalantzak, askotan, gauzak ez egitera bultzatzen zaitu. Errazagoa da erabakitzea enpresa baten lanean geratzea, beste norbaiten kontura. Ondo dago hori, baina pertsona horietako askok beren lana okerrago egiten dutela uste dut, benetan ez zaielako gustatzen. Gizarte honetan bizi-kalitatea izateko borroka handia dagoela kontuan hartuta, uste dut gobernuak pizgarri gehiago eman beharko lizkiokeela pertsonei, etengabe mugitzen ari den ekonomia bat izan beharko lukeelako; izan ere, negozio batek bost enplegu gehiago sortzen ditu. Azken finean, ekitea zaila da, burokraziagatik, zergengatik… oso konplikatua da.

"Hemen burokrazia gehiegi dago, hau da, prozesu gehiegi daude ekintzaileak zerbait egiteari uko egin diezaion"

Zer-nolako inbertsioa suposatzen du horrelako proiektu batek?

Proiektu honek inbertsio handia ekarri du, 150.000 euro baino gehiago, zerotik eraiki dugula kontuan hartuta. Lokala egokitu gabe zegoen, eta araudia bete behar zuen; adibidez, jarduerarako gela bat intsonorizatzeko arazoa izan dugu. Soto bat zuten beste lokal batzuk begiratu genituen, errazago ahalbidetzen zutenak araudia betetzea eta isolatuta edukitzea. Hala ere, desgaitasun fisikoa duten pertsonei erantzuna emateko araudia ere bete behar zen, nahiz eta ez izan espezifikoki profil horretako pertsonentzako jarduera bat. Horrek aukera mugatzen ditu; sotoan estudio handiago bat edukitzetik —arazorik sortuko ez zuena—, kalean bertan edukitzera pasatu ginen. Beraz, inbertsio askoz handiagoa egin behar da lokala intsonorizatzeko eta indartzeko.

Nor joan daiteke Bizio Studio klase bat egitera?

Bizio publiko handi bateri zuzenduta dago, 18 urtetik (edo lehenagotik) 65 urte bitartean. Haurdun dauden pertsonak ere etor daitezke jarduera egitera, ez delako arriskutsua jardueraren hasieran ematen zaizkizun arauak eta neurriak betetzen dituzun bitartean. 45 minututan kardio lana egiten dugu; edonola ere, askotan esaten dut jarduera egin ezin baduzu edo seguru sentitzen ez bazara hobe duzula eserita egotea, lana egiten jarraituko duzulako. Beraz, jarduera osoa dela esango nuke, pisuak ere erabiltzen ditugulako.

"Proiektu honek inbertsio handia ekarri du, 150.000 euro baino gehiago, zerotik eraiki dugula kontuan hartuta"

Nolakoa da Bizio Studioko klase bat?

Gure helburua ariketatik haratago doa; saio bakoitza norbere burua gainditzeko unea izatea bilatzen dugu, komunitatearen eta benetako ongizatearen gunea. Bizio Studion gimnasioko errutina esperientzia dinamiko, bizigarri eta giro onez betea bihurtzen dugu, non pedalkada bakoitzak zure bertsiorik onenera hurbiltzen zaituen. Beraz, Bizio ez da entrenatzeko toki bat bakarrik, eraldatzen zaituen espazio bat da.

Zein da Bizio Studioren bisioa?

Nire buruan denbora guztian dago Bizio haztea; diziplina berria da, eta, beraz, esan dudan bezala, zer den ezagutarazi behar da. Adibidez, joan den astean bezero batzuek esan zidaten Bilbon spinningak boom bat izan zuela, baina eurak nekatu egin zirela, eta 5 urtez utzi egin ziotela hura praktikatzeari. Hala ere, esan ziguten jendeak uste duela hau spinning bezala dela, baina konprobatu ahal izan zutenez estudio honetan egotea ez da spinning gela batean egotea bezala. Beraz, hori da transmititu behar daguna. Behin gizarteak hori ulertuta, nire ideietako bat da Bizio hedatzea; eredu bera beste leku batzuetara eramatea eta haztea. Baina, lehenik eta behin, gizartea hezi behar da, hemen zer den eta zer egiten dugun irakatsiz.

"Nire buruan denbora guztian dago Bizio haztea; diziplina berria da, eta, beraz, esan dudan bezala, zer den ezagutarazi behar da"

Zein da egungo sektorearen egoera?

Madril eta Bartzelonan ikusia dago, baina Mexikotik etorri eta hona ekarri duten estudioak edo kate handiak dira. Gauza bera egiten duten estudio txiki batzuk daude Espainian zehar, baina oraindik ere hazkundearen hastapenean da. Iritsiko da une bat, agian urte bat edo bi barru, hau bizimodu bat bihurtuko dena, horixe delako. 

Zein da Bizioren balio erantsia?

Bizio pasio pertsonal batetik sortutako estudio bat da, aurpegi bat eta izen bat dituenak; ez naiz enpresa edo kate handi bat. Benetan sakrifizio eta bihotz asko dago atzean, hori baita balio erantsia. Bizion lan egiten dugunok hori posible egiten dugu. Bihotz handia dugu, eta hori jendeari helarazi behar zaio. Beraz, balio erantsia da hona etorri, eta eroso eta seguru sentitzea, deskonexio leku bat izatea, eta ziurtasuna izatea egunez egun lan egingo dugula gure onena eskaintzeko.