AAk dagoeneko kontsumitzaileon egunerokotasunean eragiten duela ikusi du Kontsumobidek, eta hain zuzen ere horregatik, gaiari buruz hausnartzeko bi eguneko udako ikastaroa antolatu du UIKekin batera. Gaur izan da lehen jarduna, eta lege eta kontratu ikuspegia izan da nagusi, hainbat hitzaldiren bitartez. EHUko irakasle Borja Calvok algoritmoen neutraltasuna deuseztatu ostean, Alberto Emparanza katedradunak teknologiaren aukera eta arriskuak identifikatu ditu. Jose Manuel Urkiri Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuneko presidenteak, berriz, kaleko ikuspegiarekin osatu du ordura arte adierazitakoak, kexa nagusiak eta ahultasunak zeintzuk diren azalduta.
Eguerdiko partean, eremu juridiko zibili eta merkataritza arlotik heldu diote gaiari. Kreditu azkarren emakidaren opakutasun algoritmikoak dituen arriskuak izan ditu hizpide Sandra Castellanos irakasleak, eta José Manuel Martín Osante katedradunak AAren akats edo kalteen erantzukizuna norena ote den jarri du mahai gainean, eztabaidatzeko.
Marko oso horrekin, egunari itxiera jarri dion mahai inguruan aztergai izan da zein puntura arte egungo arau tresnek marko nahikoa eta babes eraginkorra bermatzen duten gurea bezalako lurralde baten.
Biharko jarduneko ikuspegia, aldiz, humanista eta prebentigoagoa izango dela adierazi dute. Kolektibo zaurgarrienetan jarriko du fokua: Maialen Garmendiak adin txikikoengan dituen arriskuez hitz egingo du, Maitane Ormazabal psikologa menpekotasun emozionalaz solastuko da, eta Telmo Lazkano hezitzailea diseinu adiktibo edo Dark Paterns delakoez mintzatuko da. Javier Hurtado Turismo eta Kontsumo sailburuak egingo du itxiera. Aránzazu Pérez Moriones katedradunak (UPNA/NUP) kontratu automatizatuetan klausula abusiboak nola detektatu eta nola erreklamatu aztertu du.