Realzaleek talde txuri urdinaren final bat bizitzeko aukera izango dute aurten, 38 urteren ondoren, Atletico Madril taldearen aurka. Zaletuek 1987. urtean Zaragozan talde gipuzkoarrak irabazitako Errege Kopa dute gogoan. Txapelketaren hurrengo edizioan ere, 1988koan, finala jokatu zuen Realak Bartzelonaren aurka, baina galdu egin zuen. Egia da 2021ean Realak finala jokatu zuela, baita irabazi ere, baina COVID-19ko pandemiaren eraginez, zaleek ezin izan zuten taldea hauspotu Sevillako Cartuja estadioan.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Talde gipuzkoarraren jarraitzaileek aurrez aurre eta zuzenean bizitako azken finala 1988koa izan zen, eta, hortaz, esan daiteke horrelako esperientzia bat bizi ez duten bi generazio daudela, eta 40 urtean behin gertatzen den zerbait dela. Horrenbestez, ez dago hitzordu hau galdu nahi duen txuri-urdinik.
Horietako asko diru kopuru handia ordaintzeko prest daude Sevillara joateko. Batzuek autobusez egingo dute bidaia, beste batzuek hegazkinez, eta beste hainbestek autoz edo autokarabanaz. Asteburu horretan Sevillan lo egitea garestia da, eta guzti horri partidako sarreren prezioa gehitu behar zaio, sarrera egokitu zaienen kasuan behintzat. Izan ere, realzale askok ezingo dute partida zelaian ikusi, eta, hala ere, Andaluziara joango dira finala fan zonean edo tabernaren batean ikustera. Bizitzan behin gertatzen den zerbait dela diote zaleek, baina zein preziotan?
Garraioa
Lehenik eta behin, Sevillara joateko modua aurkitu beharra dago, eta hori ordaindu. Gehiengoak plaza bat erreserbatu du autobusen batean, ostiral gauen joan eta igandean goizeko ordu txikitan buelta egiteko. Horrela, gaua Sevillan pasatzea ekidingo dute, eta hotel edo pisu batean lo egiteagatik ordainduko luketena aurreztuko dute. Autobus horien prezioa 100-150 euro ingurukoa da, joan-etorria.
Bigarrenik, hegazkinaren aukera dago, garestiena dena; izan ere, data horietan Andaluziako hiriburura joateko eta bueltatzeko hegaldi arruntenak 500-600 eurotan daude. Kasu batzuetan prezio horiek 700-800 eurora igo daitezke, hegazkin konpainiaren eta klasearen arabera. Dena den, hegazkinean joan-etorria egingo duenak, gutxienez 500 euro ordainduko ditu.
Sevillara autoan bidaiatzeak 190 euroko kostua du, eta autokarabanan 275 euro, gutxi gorabehera
Hirugarrenik, modu alternatiboagoak ditugu, baina hainbat zaleek erabiliko dituztenak. Horiek dira autoak edota autokarabanak. Prezioz ekonomikoenak dira, batez ere garraioa alokatu behar ez den kasuetan; izan ere, soilik gasolina eta lo egiteko aparkaleku bat ordaindu beharko litzateke. Batzuek aparkalekua ere ez dute ordainduko, itzulia partida amaitu ondoren eginez gero, gauean.
Gaur egungo gasolinaren prezioa, (1,5€/L, gutxi gorabehera), Donostiatik Sevillara joan-etorriko distantzia (1.830 bat kilometro), eta auto edo autokarabana baten kontsumoa (autoen kasuan 7 L/100km, autokarabanaren kasuan 10 L/100km, gutxi gorabehera) kontuan izanda, garraiobide horien bidez bidaiatzeak 190 euro inguruko kostua du autoen kasuan, eta 275 euro ingurukoa karabanen kasuan. Bidesariak saihestea, gainera, ez da zaila, denborarik galdu gabe bidesaririk gabeko bidetik Sevillara iristea posible baita.
Egonaldia ere, garesti
Egonaldiarengatik ordaindu beharrekoa ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Egia da zale asko, autobusean joango direnak batez ere, joana ostiral gauean egingo dutela, eta etorria partidaren ostean, hau da, ez dute gaurik pasako Sevillan, eta ez dute egonaldirik ordainduko. Baina beste askok bai. Kasu honetan, hiru aukera daude: hotelak, etxebizitzak edo aparkalekuak (autokarabanaren kasuan).
Hotel batean gaua pasa nahi izanez gero, izarrak eta kokapena hartu behar dira kontuan. Merkeenetan gauak 400 eurotik gorako kostua du, 2-3 izarreko hotel batean, erdigunean ez dagoena; baina orokorrean, 600-650 eurokoa litzateke gaua. Maila berdintsuko erdiguneko batean, ordea, prezioa gaueko 700-1.1000 euro ingurura igotzen da. Azkenik, lau izar baino gehiagoko hotel batean gaua pasatzeko, 1.300-2.100 euro ordaintzeko prest egon behar da realzalea. Hautabide merkeagoak ere badaude, hala nola hotela edo pisua Sevillatik gertu dagoen herri batean hartzea (250-300 euro gau bakoitzeko).
Egia da zale asko, autobusean joango direnak batez ere, joana ostiral gauean egingo dutela, eta etorria partidaren ostean, hau da, ez dute gaurik pasako Sevillan, eta ez dute egonaldirik ordainduko
Merkeena, autokarabanan edo autoan lo egitea da. Izan ere, aparkalekuaren kostua baino ez da ordaindu behar kasu horretan. Autokarabana aparkalekuetan, adibidez, ohiko prezioa gaueko 15 eurokoa da, baina Apirileko Azoka edo Errege Kopako finala bezalako ekitaldiak baldin badaude, kasu honetan bezala, prezioa 30 eurora bikoizten da. Ez da merkea autokarabana aparkaleku bat izateko, baina beste aukerak ikusita, aldea nabaria da.
Partidarako sarrerak
Sarreren prezioak ere ez dira edozein partidatakoak bezalakoak. Merkeenek (ikuspen gutxikoak) 89 euroko prezioa dute. Gero, estadioko gunearen arabera, prezioa igotzen doa, garestienak 282 euro balio dutelarik. Ideia bat egiteko, fondoan (porteriaren atzean) prezioak 89 eurotik 179 eurorainokoak dira, eta tribunan 179 eurotik 282 eurorainokoak; geroz eta erdirago kokatuta egon, orduan eta garestiagoa da sarrera. Horrela, sarreren prezioaren batezbestekoa 175 eurokoa da.
Sarrera merkeenek 89 euro balio dute, eta ikuspen gutxikoak dira; garestienak 282 eurotan saldu dira
Orotara, hainbat eszenatokiren aurrean aurkitzen da zale txuri-urdina: autobusean joan-etorria egin, hegazkinean joan eta etorri hotel batean lo eginez, autokarabanan edo autoan joan eta etorri eta bertan lo egin, edota autokarabanan edo autoan joan eta hotel batean lo egin. Guzti horiei sarreraren aldagaia gehitu behar zaie, zaleak hori eskuratu duen kasuetan.
Beraz, kontuan hartu beharra dago sarreren prezioaren batezbestekoa 175 euro direla, aparkalekuaren gau bakoitzeko prezioa 30 euro, hotel arrunt baten gau bakoitzeko prezioa 650 euro, hegaldien prezioa 600 euro eta autobusen prezioa 125 euro. Halaber, erregaiari dagokionez, aipatutako aukera ezberdinetako prezioak ondorengoak dira: autobusean joan-etorria egin eta estadioan partida ikusi, 300 euro; hegazkinez joan-etorria egin, hotel batean lo egin eta partida estadioan ikusi, 1425 euro; autokarabanan edo autoan joan eta etorri, aparkaleku batean lo egin, eta partida estadioan ikusi, 380 euro (autokarabanan edo autoan lau lagun joanez gero).
Agian realzaleak edo futbol zaleak ez diren horientzat erokeria da horrelako prezioak ordaintzea futbol partida batera joateagatik. Horren aurrean, zaleen argumentua zera da: bizitzan behin biziko duten zerbait dela. Eta benetan pentsatzen dute hori; izan ere, finalerako sarrera erosi dute Realeko ia 22.000 bazkideek, baina sarrerarik gabeko hainbat eta hainbat txuri-urdin joango dira Sevillara, eta guztira 30.000 realzale baino gehiago espero dira Andaluziako hiriburuan.