Kripto-iruzurrak

Netflixek iruzur horien inguruko dokumentala atera berri du

Netflixeko kripto-iruzurrei buruzko dokumental berria | Argazkia: Netflix Netflixeko kripto-iruzurrei buruzko dokumental berria | Argazkia: Netflix

Inoiz egin al dizuete iruzurrik? Non, Interneten ala kalean? Oso ohikoak izaten ari dira email edo SMS bidez jasotzen ditugun mezu promozionalak, diru-trukean bidaltzen dituzten mehatxu faltsuak, ustezko gangak, edota sari baten irabazlearen iruzurra. Denek berdin operatzen dute: mezu deigarri bat bidaltzen dute amu gisa, webgune faltsu batera bideratzen zaituzte, datu pertsonalak eta kontu korrontea eskatu, eta presazko elementuren bat gehitzen diote momentuari - askotan atzera kontu bat - birritan pentsatu ez dezan iruzurtiak. Bi minutu baina gutxiagoan iruzurgilearen atzaparretan erortzen gara eta konturatzerako jada berandu izaten da.

Maula egiteaz ari garela, teknologien garapen berriak eta diru-transakzioak tarteko direnean, iruzurgileek teknika berriak asmatzen dituzte jendeari lapurretan egiteko. Esaterako, azkenaldian, kriptomoneten munduan, iruzurgileak hazten ari direnaren zurrumurrua zabaldu da. Urtero sortzen diren moneta berrien eta kripto-transakzioak kudeatzeko plataformen artean ba omen dira azpikeria eta lapurreta asmoekin jaio diren enpresa faltsuak ere. Kripto-merkatuan nobedadea den edozerk gorakada handia izaten du lehen hilabeteetan eta iruzurgileak hortaz baliatzen dira lapurretan egiteko. Baina, nola? Hain zuzen ere, iruzur posible horien antzeko kasu bat azaltzen duen dokumental bat atera du orain gutxi Netflix-ek: “Trust no one: ​​The Hunt for the Crypto King” izenekoa edo, euskaraz, “Ez fidatu inorekin: kripto erregearen ehiza”.

“Teknologien garapen berriak eta diru-transakzioak tarteko direnean, iruzurgileek teknika berriak asmatzen dituzte jendeari lapurretan egiteko”

Dokumentalak Gerald W. Cotten du protagonista, Kanadako Quadriga CX kriptomoneta salerosketa eta trukea eskaintzen duen plataformaren sortzailea. Filmaren mamia Cottenen heriotzarekin hasten da, erabiltzaile edo inbertsore asko uzten baititu plataforman sartutako funtsak eskuratzeko aukerarik gabe eta horrek sortzailearekiko susmo txarrak harrotzen ditu. Goazen hasierara.

Enpresa 2013. urtean sortu zuen Michael Patryn bazkidearekin batera, kriptomonetei buruz ia inork ezer ez zekienean. Potentzial handia zuen merkatu bat identifikatu zuen enpresari bikoteak eta Kanadan kriptodibisen euskarria duten kutxazain automatikoen sare bat sortzen lehenak izan ziren. 2017an bitcoinaren balioa biderkatu zenean, Quadriga dibisa-trukearen merkatu digital gisa finkatu zen herrialdean eta 115.000 bezero aktibo baino gehiago izateraino iritsi zen enpresa. 2018an ordea, merkatua puzten ari zela, kexak areagotzen hasi ziren transakzio digitalen tasaren gorabeherak zirela eta. Bezero asko haserre, inbertsioa ateratzen saiatu ziren baina plataformak irteera guztiak blokeatu zituen eta orduz geroztik inork ez zuen zentimo bakar bat ere atera. Poliziak ikerketa hasi zuenerako, Gerald Cotten Crohn Indian gaixorik hil zenaren berria zabaldua zen eta egoerak okerrera egin zuen.

Ekintzailea jada hilik egonda, bezero gehiago kexatu ziren inbertsioa ateratzeko ezintasunarengatik. Ernest and Young konpainiaren ikerketan, agerian gelditu zen enpresaren diru-zorroak hutsik zeudela eta kriptodibisetan zituzten 120 milioi euro desagertu egin zirela. Gerora jakin zen Cotten ez zegoela bakarrik, Michael Patry bazkidearen ezizenaren atzean Omar Dhananiren izeneko iruzurgile ezagun bat ere bazela, Estatu Batuetan iruzur egiteaz leporatuta zegoena. Ikerketen arabera, Cottenek zenbait kontu faltsu sortu zituen bezeroen funtsak desbideratzeko. Kontua zera da, kontu horietara sartzeko pasahitzak hilobira eraman zirela eta inoiz inork ezin izan dituela berreskuratu.

Argitasunean ere iluntasuna

Bitcoin-aren xedea estatuko bankuekiko mendekotasuna ezabatzea bazen ere, badirudi eskuz aldatu besterik ez direla egin. Moneta berriak eta horiek kudeatzeko plataformak sortzen dituzten enpresen eskuetan daude inbertsio guztiak eta dokumentalean ondo azaltzen duen arriskua benetakoa da. Nahikoa litzateke enpresa iruzurgile bakarrarekin, merkatua desegonkortu, mesfidantza ugaritu eta ehundaka inbertsoreren funtsak zapuzteko.

“Moneta berriak eta horiek kudeatzeko plataformak sortzen dituzten enpresen eskuetan daude inbertsio guztiak eta arriskua benetakoa da”

Honaino iritsi bazara, dokumentala ikusi besterik ez zaizu gelditzen. Kriptomonetak hasi zirenean argia besterik ez zen inguruan, xedea eta bide garbia zuena. Hala ere, dokumentala ikustean argi ikusiko duzu argitasunean ere iluntasuna badela eta merkatu horren arriskua erreala dela. Ondo ireki begiak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK