Lanarekin dugun harremanaz hausnartzeko Zinemaldiko 7 film

Bokazioak birplanteatzea, legez kanpoko lanbideak, lan etsigarrietatik ihesa edo lan-gatazkak dira film horietako protagonistak

Muntaia: EnpresaBIDEA Muntaia: EnpresaBIDEA

Irailero lez, zinemak Donostia hartuko du datorren larunbatera arte. AEBeko aktoreen eta gidoilarien greba bete-betean iritsi da 71. edizioa, eta ezohiko moduan eragin du horrek Zinemaldian: Javier Bardem karteleko protagonistak ez du Donostia Saria aurten jasoko.

Lan gatazkak, eta oro har lan-harremanak gure ekonomiaren egunerokotasunaren parte dira. Baita lanarekin norberak duen harremana ere. Hain zuzen, horietan fokua jarri dute aurtengo Zinemaldiko zenbait filmek. Prest zaude? 3, 2, 1...

1. Un métier serieux (Sail Ofiziala)

Thomas Lilti (La Celle-Saint-Cloud, Frantzia, 1976) zuzendariaren lana ikasturte berri baten hasieran kokatzen da. Benjamin bekarik gabeko doktorego-ikaslea da eta, etorkizun iluna ikusten duenez, Parisko institutu batean irakasle-lanpostu bat onartu du. Gaikuntzarik eta esperientziarik gabe, ikusiko du zein gogorra den irakasle-lanbidea, baliabide-falta kronikoa duen hezkuntza-sistema batean. Gainerako irakasleen babesa eta konpromisoa izanik, eta zorte pixka batekin, bere bokazioa birplanteatuko du.

Hizkuntza: frantsesa (azpituluak gaztelaniaz eta elektronikoak ingelesez)

Iraupena: 101 minutu

2. Bahadur the Brave (Zuzendari Berriak)

Indian, eta koronabirus-pandemia betean kokatzen da Diwa Shahen (Haldwani, India, 1995) lehen film luzea. Herrialdeak konfinamendua dekretatu duenez gero, Nepalgo langile migratzaile guztiak jaioterrira itzultzera behartuta daude. Lan-krisi horretan, Hansik bere seme gaixoarentzat diru gehiago irabazteko aukera ikusiko du bere koinatu Dil Bahadurrek biltegi batean legez kanpo lan egitea eskainiko baitio.

Hizkuntza: hindi/nepaldarra (azpituluak gaztelaniaz eta elektronikoak ingelesez)

Iraupena: 83 minutu

3. Pedágio (Horizontes Latinos)

Carolina Markowicz (São Paulo, Brasil, 1982) Zinemaldian izan zen bere lehen lanarekin iaz —Carvão—, eta Pedágio bere bigarren lana ere bertan izango da. Oraingo honetan Suellen da protagonista. Bidesari-kabina batean lan egiten duen emakumea da, eta ohartuko da bere lana diru gehiago legez kanpo lortzeko erabil dezakeela. Horren atzean, ordea, arrazoi zintzoa dago: homosexual izateari uzteko lantegi garesti batera —atzerriko apaiz ospetsu batek zuzendutakora— bidali nahi du semea. Horizontes Latinos saileko itxiera filma izango da.

Hizkuntza: Portugesa (azpituluak gaztelaniaz eta elektronikoak ingelesez)

Iraupena: 101 minutu

4. El auge del humano 3 (Zabaltegi-Tabakalera)

Eduardo Williamsen (Buenos Aires, Argentina, 1987) bigarren lan luzea da. Bere filmak hainbat adiskide talderen egunerokoa islatzen du. Noraezean dabiltza, mundu euritsu, haizetsu eta ilun batean. Elkarrekin ematen dute eguna, euren lan etsigarrietatik aldentzen saiatzeko, aukera berrien misteriorantz sigi-saga etengabe.

Hizkuntza: Gaztelania, ingelesa, tamila, zingalesa, mandarin txinera (azpitituluak ingelesez eta elektronikoak gazteleraz)

Iraupena: 121 minutu

5. Contadores (Zabaltegi-Tabakalera)

Irati Gorostidiren (Eguesibar, Nafarroa, 1988) film labur hau Kimuak programaren parte da. 1978an kokatzen da, metal-arloko hitzarmen berri baterako negoziazioetan. Militante libertario multzo batek, fabrikako lankideen aurrean bere jarrera erradikala defendatuko du, baina bien bitartean etsipen handia sentituko dute langile mugimenduaren atomizazioa ikustean.

Hizkuntza: Gaztelania (azpitituluak ingelesez)

Iraupena: 19 minutu

6. Hormigas perplejas (Made in Spain)

Mercedes Moncada Rodríguezek (Sevilla, Espainia, 1972) hainbat alditan bisitatu du Zinemaldia. Oraingoan bigarren industria iraultzaren amaieran kokatutako dokumental hau aurkezten du. Eskuekin itsasontziak eta hegazkinak egiten dituzten gizon eta emakumeek aurre egiten diote industriaren gainbeherari Europa hegoaldeko eskualde txiki batean, eta, aldi berean, XXI. mendeko ekoizpen-harremanen eraldaketaren arrastoa deskribatzen dute.

Hizkuntza: Gaztelania (azpitituluak ingelesez)

Iraupena: 90 minutu

7. Pachacútec, La Escuela Improbable (Culinary Cinema)

Mariano Carranza (Lima, Perú, 1989) da dokumentalaren zuzendaria eta ekoizleetako bat. Leku ezkutu batean, Lima aldirietan, oso auzo txiro batean, Pachacútec Sukaldaritza Eskola dago. 15 urtez baino gehiagoz, eskolak 400 sukaldariren baino gehiagoren bizitza goitik behera aldatu du. Bizi zuten pobreziatik atera dituen ogibidea eman die, eta ametsak eman dizkie. Are gehiago, Peruko sukaldarien belaunaldi berri bat sortu du. Film dokumental horrek eskola horretan ikasketak amaitu eta gaur egun mundu osoan arrakasta duten hiru ikasle gazteren historia kontatzen digu: Jhosmeryrena, San Frantziskon, praktikaldi gisa hasita jatetxe peruano ospetsu bateko gozogintza-chefaren postua lortu duena; Gersonena, xede modernistak dituen sukalde bat zuzentzen duena; eta Alanena, Liman cevicheen ekintzailetza-proiektu arrakastatsu bat aurrera atera duena.

Hizkuntza: Gaztelera, ingelesa, frantsesa (azpituluak gaztelaniaz eta elektronikoak ingelesez)

Iraupena: 38 minutu

Joan aurretik...

Lanarekin dugun harremanaz harago, ekonomiarekin dugun harremanak ertz ugari ditu. Eta horietako beste batzuk ere ukitzen ditu aurtengo Zinemaldiak:

  • Wall Streeten historiak gustuko badituzu: Dumb Money, Wall Streeten arriskatzea erabaki eta aberastu zen jende arruntaren benetako kasu bati buruzkoa
  • Teknologiak hutsik egitea ezinezkoa dela zalantzan jartzen baduzu: Fingernails, teknologia berri baina eztabaidagarri baten bitartez benetako maitasuna topatu duen bikote baten historia
  • Musikak negozio bezala sor ditzakeen kontraesanetan murgildu nahi baduzu: La estrella azul, 1990ko hamarkadan, rockero espainiar arrakastatsu batek bokazioa berreskuratzeko Latinoamerikara egindako bidaia abiapuntu du kontakizunak. Gainbeheran dagoen musikari zahar batekin egiten du topo, eta bikote 'kixoteskoa' osatzea erabakitzen dute

 

Orain bai: hori da guztia, lagunak!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK