Landa eremuaren erresistentzia

Landa eremuko ekonomia suntsitzen ari den muturreko kapitalismoaren garaipena erakusten du Animal telesail espainiarrak

Argazkia: utzita
Argazkia: utzita
2025eko azaroaren 9a - 05:30

Fizkioan lan arloa erakusteko modu asko daude eta umorearen bitartez egiteko bidea oso interesgarria ikusten dut. Netflixen ikusgai dagoen Animal telesailak nire interesa piztu du azken asteetan. Barrea eragiteko istorio horrek landa eremuaren eta hiriaren lan-baldintzen arteko desberdintasunak azpimarratzen ditu.

 

Alberto de Torok eta Víctor García Leonek zuzendu dute telesaila. Bertan, Anton izeneko albaitaria dugu: Luis Zahera aktorea paper horretan modu oso errazean sartu da. Galiziako baserriei zerbitzua ematen urteak eman ondoren, lan autonomoa utzi behar izan du, eta hiritik gertu dagoen denda batera joan da. Bertan, bere iloba Uxiarekin lan egiten ikusiko dugu. Uxiaren mundua bestelakoa da, enpresaren beharretara amen egiten du, eta ez du sistema zalantzan jartzen. Anton eta Uxiaren artean dauden desberdintasunak ezinbestekoak dira istorioarentzat.

Telesailak bi mundu aurkezten ditu, landa-mundua, alde batetik, eta kapitalismo bortitza bestetik. Landa eremuak egoera ekonomiko zailak ditu, baina bertan lan egiten dutenek berea dute sostengua eta produkzio bidea. Aldiz, dendako langileen lan baldintzak urrutiko bulego batean erabaki dira. Anton bertara iristerakoan dendaren egunerokoa kolokan jartzen du. Bere izateko moduaren ondorioz, bezeroen poztasuna ez du kontuan hartzen eta animaliarentzat onena dena aukeratuko du. Horrek erantzun arraro bat du, bezeroak haserre doaz dendatik. Iritzien eta erreseinen munduan, egoera horrek arazoak ekartzen dizkio. Testuinguru honen bitartez, horrelako iritzien menpeko lan baldintzak erakusten dira. Bere ilobak argi uzten dio iritzi onak ezinbestekoak direla lanerako. Bezeroek aurpegi berde eta gorrien artean aukeratu behar dute dendatik ateratzerakoan eta Antonek aurpegi gorriak jasotzen ditu. Iritzi negatibo horiei aurre egiteko, kapitalismoaren jokuan sartu behar du.

 

Bere barnean dikotomia argi bat sortzen da, animalien onura lehenetsi edo kapitalismoaren gurpilera igo

Luis Zahera aktorearen pertsonaiak argi erakusten digu bi munduen artean dauden alderdiak. Landa eremuan animalien atentzioak ezinbestekoak dira eta animalien bizitza jokoan egoten da askotan. Dendara gerturatzen diren animaliek, aldiz, askotan ez dute gauza larririk eta jabeen beharrek garrantzia gehiago dute. Gehiago saltzeko estrategiak eragindako beharrak izaten dira askotan. Esaterako, denda horretan animalientzako goxokiak saldu behar ditu Antonek kontsulta amaitzerakoan. Landa eremutik datorren albaitariak ez luke inoiz hori gomendatuko animalia batentzat, baina behartua dago, bere lanpostua jokoan dagoelako. Bere barnean dikotomia argi bat sortzen da, animalien onura lehenetsi edo kapitalismoaren gurpilera igo.

Baina Antonek ez du bakarrik dendako klinikaren egunerokoa aztoratuko. Dendako langileek ez dituzte beren eskubideak ezagutzen eta askok ez dakite zer den lan-hitzarmen kolektibo bat. Gaur egun, nahiko ohikoa izaten da langileek beraien betebeharrak argi izatea, baina eskubideen inguruan gutxi jakitea. Antonek ordu libre batzuk eskatzen ditu eta eskakizun horrek bere lankideengan eragina izango du. Beraien eskubideak zeintzuk diren galdetuko dute eta denek egokitzen zaizkien ordu libreak eskatuko dituzte. Horrek kaosa eragingo du dendako jardueran eta lanez gainezka egongo dira bertan geratzen diren langileak.

 DSC5338 @sharonlopez 152
Bigarren denboraldia aurkezteko egindako ekintza | Argazkia: utzita

Telesail honek landa ekonomia suntsitzen ari den muturreko kapitalismoaren garaipena erakusten digu. Atentzioa eman dit horrelako fikzio gehiago ikusi ditugula azken urteetan, eta gehienak Galizian egin direla. Besteak beste, Rodrigo Sorogoyenen As bestas filma edo Jorge Coirak eta Fran Araujok sortutako Rapa telesaila. Bi lan horiek haize parke bat sortzearen ondorioak erakusten dituzte. Ondorio horiek biolentzia ekartzen dute, lur zoruaren interes ekonomikoak gailentzeko azpijokoak erabiltzen direlarik. Bi lan horiek thriller oso ilunak dira. Horregatik, eskertzekoa da landa eremuaren babesa aldarrikatzen duen Animal telesaila komedia izatea. Lan honetan, azpijoko ekonomiko eta politikoak presente daude. Antonek landa eremuko lana galtzeko arrazoi nagusia azpijoko horietatik ihes egin nahi duela da. Gauzak ondo egiteko zailtasuna agerian uzten du telesailak.

Telesail honek landa ekonomia suntsitzen ari den muturreko kapitalismoaren garaipena erakusten digu

Animalek bigarren denboraldia edukiko du eta hori aditzera emateko urtero Madrilen (Espainia) egiten den transhumanziaren festa aitzaki hartu dute. Bertan, Luis Zahera eta Lucia Caraballo aktoreak egon ziren. Gaur egungo gizartean, presa eta berehalakotasuna denboraren aurkako guda irabazten ari da. Animal bezalako telesailak, mezu sakonik gabekoak direla dirudite, baina bere barnean naturaren eta landa eremuaren aldeko kontzientzia sortzeko lan ezinbestekoa dira. Presak alde batera uzteko eta barre egiteko aukera ematen digu lan bikain honek, eta natura baloratzen ere erakusten digu.