Lanean beroak ez du lagunik egiten

Klima-aldaketaren ondorioak are lazgarriagoak dira lan munduan. Etorkizunari begira, enpresak, sindikatuak eta segurtasunezko adituak neurri eraginkorragoak aurkitu beharrean dira

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko uztailaren 22a - 05:30
Eg. 2026ko uztailaren 22a - 14:53

Beroa ez da jada uda iragartzen duen albiste hutsa gurean. Ez da eguraldiaren gorabehera soila, ezta terrazetako elkarrizketetan eguraldiari buruz hitz egiteko gai hutsala ere. Isil-isilik eta boladetan, lantokietara iritsi da, eta langileen osasuna zein lanaren antolaketa kolokan jartzen hasi da. Tenperaturak gora egin ahala, galdera bera gero eta sarriago entzuten da: noiz bihurtzen da beroa benetako lan-arrisku? Klima-aldaketaren ukatzaileek ere galdera bera erantzun beharko dute, lanean kiskali nahi ez badute. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Urtero ia 19.000 langile hiltzen dira munduan lanean jasandako gehiegizko beroaren ondorioz. Horrez gainera, 22,85 milioi lan-istripu ez-hilgarri egozten zaizkio beroari urtero. Mundu osoan 2.410 milioi langile (langileen %71 inguru) gehiegizko beroaren eraginpean daude beren jardunean.

Nestor Agirre Segurlaneko gerentearen ustez, arriskua ez da tenperaturarekin bakarrik neurtzen. “Euskalmetek eta Osalanek abisuak pasatzen dituztenean, enpresa bakoitzak bere bero-prozedura martxan jarri behar du; ordutegiak aldatu, atsedenaldiak egin, itzala sortu eta enplegatuek ura edaten dutela bermatu”, azaldu du. Haren aburuz, bero-boladak ezin dira saihestu, baina bai haien ondorio larrienak, baldin eta prebentzioa garaiz aktibatzen bada.

Beste ikuspegi batetik mintzo da Pello Igeregi, ELA sindikatuko Lan Osasuneko arduraduna. Haren iritziz, arazo nagusia ez da beroa bera, baizik eta lan-munduak ez diola behar bezala erantzun. “Estatuko dekretuak 25 eta 27 gradu arteko muga ezartzen du, baina praktikan tenperatura horiek aise gainditzen dira inolako prebentzio-neurririk hartu gabe”, salatu du.

Biek ala biek bat egiten dute ideia batean: beroaren aurkako borroka ez da inprobisazioarekin irabaziko. Agirreren hitzetan, azken urteetan ikasi den leziorik handiena da “bero-boladak ezin ditugula ezabatu, baina bai antzeman eta kudeatu, lanean bero-kolperik eragin ez dezaten”.

Trantsizio ekosoziala

Hala ere, Igeregik uste du oraindik bide luzea dagoela egiteko. “Lan-munduan ez gabiltza askorik ikasten”, dio. Gainera, gogorarazi du bero-boladen atzean klima-aldaketa dagoela, eta horri aurre egiteko “ezinbestekoa da trantsizio ekosoziala". Trantsizio ekosozialaz ari garenean gizartea eta ekonomia eraldatzeko prozesuaz ari gara: klima-aldaketaren aurka egitea eta justizia soziala bermatzea. Ikuspegi horrek ez ditu soilik isuri kutsatzaileak murriztu nahi; langileen eskubideak, enplegu duina eta pertsonen ongizatea babestea ere bilatzen du.

Beroaren aurrean zaurgarrienak nortzuk diren galderari erantzunez, askoren iruditerian eraikuntzako langileak agertzen dira lehenik. Agirrek, ordea, ikuspegia zabaldu nahi du: “Obretan daudenak datozkigu burura, baina barruan lanean ari direnek ere zailtasun handiak dituzte: forjan, altzairugintzan edo sukalde profesionaletan”.

 

Nestor Agirre (Segurlan): “Obretan daudenak datozkigu burura, baina barruan lanean ari direnek ere zailtasun handiak dituzte: forjan, altzairugintzan edo sukalde profesionaletan"

ELAko ordezkariak zaintza-sektorea jarri du fokuan. “Osasun arloari edo adinekoen egoitzei buruz ari gara, adibidez, eta kasu askotan ikusi ahal izan dugu 40 gradutik oso hurbileko tenperaturatan egoten direla langileak eta artatuak diren pertsonak”, ohartarazi du. Haren ustez, espazio horiek izan behar dute lehentasuna, bertan biltzen baitira pertsonarik zaurgarrienak. “Orain gutxi Osakidetzak esan zuen ezin zuela beroaren aurkako neurri eraginkorrik hartu ospitale baten klimatizazioak 15 milioi euroko kostua duelako”, nabarmendu du.

Gizartearen ikuspegi aldaketa

Teknologiak lagun dezake, baina ez da nahikoa izango. Agirreren esanetan, benetako aldaketa kulturala izango da: "Kulturalki argi badugu, inbertsioak handiagoak izango dira; horrek politikan, hirigintzan eta lan-antolaketan ere aldaketak ekarriko ditu". Haren ustez, giza jokabideek daukaten pisua ehuneko handi bat da. Ez da berdina alkohola edatea edo ura edatea, ez da berdina atsedenak errespetatzea eta itzaletan jartzea edo ez, lana bukatzean egiten diren jokamoldeak ere garrantzitsuak dira. “Azken finean pertsona berak egiten duenak lan orduetan edo hortik kanpo bere osasunean eragina du. Enpresa lan ordutakoa kudeatzen saia daiteke, gehiago ez”, dio.

Igeregik, halaber, norabide berean kokatzen du etorkizuna, ikuspegi zabal batekin: "Bero-boladak dauden bitartean lanaren antolaketa moldatu beharko da, langileen osasuna arriskuan ez jartzeko; eraikinak eta hiriak ere muturreko tenperaturetara egokitu beharko dira". Bere aburuz, lurralde antolaketa eta hirigintza moldatu beharko dira herri eta hiriak beroari aurre egiteko espazioak izan daitezen. Eraikinak ere aldatu beharko dira muturreko tenperaturen aurrean eraginkorragoak izan daitezen.

Pello Igeregi (ELA): "Bero-boladak dauden bitartean lanaren antolaketa moldatu beharko da, langileen osasuna arriskuan ez jartzeko"

Etorkizunera begira, biek ala biek sinisten dute aldaketa egitea posible izango dela. Agirreren ustez, kultura-aldaketa dagoeneko martxan da. Igeregik, berriz, desio argia du: “Espero dut ordurako Euskal Herria askoz gutxiago kutsatzen duen lurraldea izan dadila eta langileen eta herritarren osasunak irabazi ekonomikoen aurrean lehentasuna izango duela. Hori hala bada, ziur naiz aurretik aipatutako prebentzio neurri guztiak jadanik martxan izango direla eta ez dela langilerik izango lan egitean osasuna arriskuan izango duenik”.

Beroak ez du lagunik egiten, askok negu gorria irrikaz itxaroten duten arren. Isilean iristen da, eta askotan gorputzak ohartarazi baino lehen erakusten ditu ondorio latzak. Hartara, guztiz funtsezkoak izango dira: lanaren antolaketa, prebentzioa eta, batez ere, pertsonen osasuna erdigunean jartzeko gaitasuna eta borondatea.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain