Liburuaren bidaia ekonomikoa

Idazketa prozesua hasten denetik irakurlearen eskuetara iristen den arte, profesional kate luze batetik igarotzen dira liburuak

Argazkia: Alberdania
Argazkia: Alberdania
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko apirilaren 23a - 05:30

Liburu baten bizitza idazlearen bakardadean hasten da. “Zuk ideia bat daukazu eta martxan jartzen zara zure kabuz guztiarekin; dokumentazioa, idazketa-prozesua...”, dio Jasone Osoro idazleak. Alabaina, sormenetik harago, irakurlearen eskuetara iristen den objektu hori dozenaka profesionalen lanaren eta "kate" oso baten emaitza da. Oier Etxebestek, Alberdania argitaletxeko arduradunak, azaldu bezala, argitaletxeak proiektua baloratu eta onartzen duenean hasten da benetako makineria ekonomikoa. Argitaletxea da prozesuaren ardatz estrategikoa, testua hautatu eta zuzentzeaz gain, arrisku ekonomiko nagusia bere gain hartzen baitu: "Zuzenketa, maketazioa, diseinua, itzulpena eta ilustrazioa finantzatzen ditu", zehaztu du Etxebestek.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Behin edizio lana amaituta, ekoizpen faseak liburuari forma fisikoa ematen dio diseinatzaile, maketatzaile eta inprenten eskutik. Lan hori guztia inprimategian gorpuzten denean, banatzaileek hartzen dute lekukoa, produktua lurraldean zehar hedatu eta liburu dendetara nahiz plataforma digitaletara eramateko. Azken katebegian liburu dendak daude, irakurlearekin harreman zuzena dutenak. Osororen hitzetan, une horretan amaitzen da industriaren lana eta irakurlearena hasten da: “Hor irakurleen esku dago; beraiek erabakitzen dute liburu dendara doazenean erosi edo ez”. Horrela, sormenetik merkaturatzera arteko bide kolektibo horrek eragile guztien arteko koordinazioa eskatzen du liburua arrakastaz munduratzeko.

Milaka euroko inbertsioa titulu bakoitzeko

Liburu bat argitaratzea ez da merkea. Inbertsioa proiektuaren tamainaren arabera aldatzen bada ere, Etxebestek dio milaka euroko gastua dela, eta "kasu askotan 10.000 euro ingurukoa" izan daitekeela. Kostuak bi multzotan banatzen dira: ekoizpenari lotutakoak (edizioa, zuzenketa, diseinua eta inprenta) eta merkaturatzeari lotutakoak (banaketa, logistika eta marketina).

 

Oier Etxebeste (Alberdania): "Dirulaguntza publikoak, itzulpenetarako laguntzak edo koedizioak beharrezkoak dira bideragarritasuna bermatzeko"

Finantzaketari dagokionez, arestian esan bezala argitaletxeak arriskua hartzen badu ere, finantzaketa-bide osagarriak ezinbestekoak dira: "Dirulaguntza publikoak, itzulpenetarako laguntzak edo koedizioak beharrezkoak dira bideragarritasuna bermatzeko".

Tirada: intuizioaren eta araudiaren artean

Zenbat ale inprimatu hautatzea funtsezko erabaki ekonomikoa da. Faktore askok eragiten dute: aurreikusitako eskariak, egilearen ibilbideak edo generoaren indarrak. Hala ere, badago faktore baldintzatzaile bat: dirulaguntza publikoen eskakizuna. "Dirulaguntza nagusi askok gutxieneko tiradak ezartzen dituzte", azaldu du Alberdaniako arduradunak. Horrek esan nahi du, batzuetan, erabaki ekonomiko "garbi" batetik harago, tirada handiagoak egin behar direla laguntza horiek eskuratu ahal izateko, nahiz eta horrek stocka pilatzeko arriskua ekarri.

Prezioaren banaketa: nork jasotzen du zer?

Liburu baten salmenta-prezioa (BEZik gabe) hainbat zatitan banatzen da, eta Osororen hitzetan, hori da askotan idazlearentzat zatirik gogorrena: “Batez bestekoa edo arruntena %10 izaten da; hau da, idazleak jasoko du saltzen den ale bakoitzaren %10, BEZa kenduta”. Paperezko formatuan, banaketa ohikoa honako hau izan ohi da:

  • Liburu-dendarentzat: %30-%35 artean.

  • Banaketa eta logistikarentzat: %15-%20 inguru.

  • Egilearentzat (royaltyak): Normalean %10 inguru. Osorok zehaztu duenez, kontratuaren arabera modu mailakatuan ere egin daiteke: “Adibidez, lehenengo 1.500 aleak saldu arte %8, eta kopuru horretatik gora %10era edo %12ra ere irits daiteke”.

  • Argitaletxea: Gainerako %40 inguru, hortik ekoizpen-kostu guztiak ordaindu behar dituelarik.

Banaketa hori aldatu egiten da formatuaren arabera. Liburu elektronikoetan ez dago inprimaketa kosturik, eta egileak ehuneko altuagoa jaso ohi du, baina plataformek komisio handiak hartzen dituzte (askotan %35 ingurukoak). Errentagarritasunari dagokionez, merkatua asimetrikoa da: titulu gutxi batzuek (bestsellerrak) ematen dute etekina, eta Etxebestek dioenez, katalogoaren zati handi bat "justu-justu" da errentagarria.

Diru-sarreren itxaronaldi luzea

Sektore honetan dirua ez da berehala jasotzen. Osorok azaldu duenez, idazleek normalean urtean behin jasotzen dituzte egile-eskubideak (apirila inguruan), aurreko urtean saldutakoaren arabera. Gainera, ohikoa da argitaletxeak aurrerapen bat ematea: "1.000 euroko aurrerapena jaso baduzu, kopuru horretara iritsi arte ez duzu eskubide gehiagorik kobratuko", azaldu du idazleak.

Argitaletxeentzat ere bidea motela da, kontsignazio-ereduan egiten baita lan: dendek liburuak saltzen dituzten neurrian ordaintzen diote banatzaileari, eta hark argitaletxeari. Horrek hilabetetako itxaronaldia dakar.

Balio-katea jokoan: sortzailearen prekaritatea eta industriaren sendotasuna

Osorok sortzailearen ikuspegitik sistemaren paradoxa nagusia jarri du mahai gainean: “Hemen gertatzen da, beste gauza askotan bezala, sortzailea dela gutxien jasotzen duena. Liburu bat ez da posible ez badago sortzaile bat, proiektu hori pentsatu eta aurrera aterako duena. Orduan, ez da justua”.

Gaineratu duenez, gizarteak askotan ez du baloratzen liburu baten atzean dagoen "nomina" katea, eta pena ematen dio jendeak liburuak garestiak direla pentsatzeak, "ezagutza eta plazera" bezalako balioak ahaztuta.

Jasone Osoro (idazlea): “Sortzailea da gutxien jasotzen duena. Liburu bat ez da posible ez badago sortzaile bat, proiektu hori pentsatu eta aurrera aterako duena. Orduan, ez da justua”

Bestalde, Etxebestek argitaletxearen ikuspegitik sektoreak erakutsitako bizirauteko gaitasuna eta etorkizuneko erronkak azpimarratu ditu: “Liburuen sektorea sendo dago oraindik ere. Aldaketa ekonomiko eta teknologiko handiak izan arren, irakurketak balio kultural eta sozial indartsua mantentzen du". Haren ustez, etorkizuneko giltzarria "malgutasuna" izango da: "formatuen arteko oreka (papera, digitala eta audioa) eta datuetan oinarritutako erabakiak gero eta garrantzitsuagoak izango dira", azpimarratu du.

Alberdaniakoaren iritziz, erronkak handiak izan arren, industriak etengabe egokitzeko gaitasuna duela erakutsi du, liburuaren bidaia ekonomikoak etenik izan ez dezan.