Mahats-bilketa goiztiarra, beroaren ondorio

Bero-boladen ondorioz, mahastizainak inoiz izandako mahats-bilketa goiztiarrena bizitzen ari dira

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2026ko abuztuaren 19a - 05:30
Eg. 2026ko abuztuaren 19a - 11:57

Aurten, mahas-bilketa inoiz baino goiztiarragoa izaten ari da Euskal Herrian. Azken hilabeteetako bero-boladek, eta batik bat, gau beroek, eragin dute mahatsak inoiz baino azkarrago umotzea eta, ondorioz, mahaskarien agenda hankaz gora jartzea. Erriberriko upategiek (Nafarroa) zein Laguardiakoek (Araba), biek ala biek bizi dute ezohiko egoera bera, eta datozen asteetako eguraldiari so izanik ere, aurreikuspenak sendoak dira.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Mahats-bilketa bereziki goiztiarra

Lan-egutegia nabarmenkeriaz aurreratu da egunkari honekin hitz egin duten bi upategietan, bai Nafarroakoan, bai Arabakoan. Erriberrin, Ochoa upategiko Adriana Ochoa zuzendari teknikoaren arabera, mahats-bilketa ohikoa dena baino 20 eta 25 egun inguru lehenago egin da oraingoan. 2000ko hamarkadaren hasieran arrunta zen irailaren 20tik aurrera hastea fruitua jasotzen, baina azken urteetan abuztuaren azken astean egin izan dute bilketa. “Aurtengoa aurrerapen ikusgarria izan da, sinestezina. Aspaldi hasi ginen mahatsa biltzen”, aitortu du Ochoak. Datozen asteetan lan asko egitea aurreikusten du zuzendariak. 

Laguardian ere, Javier San Pedro Ortega gogoan duen mahats-bilketa goiztiarrenaz mintzo da. Izen bera duen upategiko jabea eta enologoa da San Pedro, eta fruitua Nafarroan baino beranduxeago jasoko duten arren, harrituta dago egoerarekin. Haien kasuan, abuztuaren azken asterako aurreikusi dute mahats-barietate zurien bilketaren zatirik handiena, eta beltzak, berriz, irailaren lehenengo asterako jasota egon daitezke. Kontuan izanik aurreko urteetan azken hori Pilarreko Ama Birjinaren egunaren [urriak 12] bueltan egin izan dela, aldaketa azpimarragarria da.

 

Beroa, goizez zein gauez

Euskal Herri osoan azken hilabeteetan bizi izan diren bero-boladek bete-betean erasan dute mahats-bilketaren aurrerapenean. Erriberrin, Ochoaren arabera bi hilabete dira tenperaturek atsedenik ematen ez dutela, izan egunean zehar, izan gauez. Hain zuzen ere, gauak izaten ari dira biziki deigarriak: “Gure zonaldean ohikoa da gauak hotzagoak izatea, 16 graduetara iristea, gutxienez; aurten, akaso 18 edo 19 gradura iritsi gara, baina orokorrean gau beroak izan dira. Horren ondorioz, mahatsak ziztu bizian heltzen ari dira”, dio Ochoak.

San Pedro: "Izan ditugu 27 edo 28 gradu egin dituen gauak. Baldintza horietan, landareak ez du arnasa hartzeko astirik, ez duelako freskotasun-unerik, eta blokeatu egin daiteke bizirauteko ahaleginetan"

Pareko egoera bizi du San Pedrok. Han ere, tenperatura altuak izan dira ziklo osoan zehar, eta enologoak azaldu duenez, landareak azkarrago osatzen du garapen-prozesua. Gauak ere gako izan dira: “Izan ditugu 27 edo 28 gradu egin dituen gauak. Baldintza horietan, landareak ez du arnasa hartzeko astirik, ez duelako freskotasun-unerik, eta blokeatu egin daiteke bizirauteko ahaleginetan”, adierazi du.

Eguraldiaz harago ere, aurreko urtearen aldean oso bestelakoa izaten ari da aurtengo egoera, batik bat Arabako Errioxan, iaz mildiuak —landareek pairatzen duten gaixotasuna— mahats kilo andana hondatu baitzuen. Aurten ez dute halako ezustekorik izan eta uzta sendoagoa izatea aurreikusten dute, nahiz eta Arabako upategiaren kasuan aleen tamaina zertxobait txikiagoa izan. Erriberrin ere ez dute osasun arazorik atzeman eta mahatsaren kalitatea, oraingoz, “oso ona” dela nabarmendu du Ochoak. “Mahastia, bene-benetan, ondo dago. Oso pozik nago aurten espero dudanarekin”, berretsi du.

La Taconera mahastia, 1920. urtekoa | Argazkia: Javier San Pedro upategia
La Taconera mahastia, 1920. urtekoa | Argazkia: Javier San Pedro upategia 

Mahatsaren freskotasunaren bila

Aurreikuspenak baikorrak dira, baina horrek ez du etorkizuneko ardoaren kalitatea bermatzen. Mahastien egoera ona izanagatik ere, beroaren poderioz fruitua azkar umotu izanak beste erronka bati heltzea eskatzen du: mahatsa noiz bildu erabakitzea. San Pedroren arabera, gero eta konplexuagoa da mahatsa jasotzeko unea zehaztea. “Lehen ez bezala, orain ezin gara parametro bakarrean oinarritu”, dio.

Izan ere, mahatsaren egoera ez ezik, azidotasunak ere pisu handia du erabakian, “freskotasunari eutsi nahi bazaio”. Horixe da, hain zuzen ere, aurten Laguardiako upategian biziki zaindu duten alderdietako bat. “Kalitate handiko ardoak egiteko freskotasuna behar da, eta freskotasuna azidotasuna da”, zehaztu du enologoak. Gauzak horrela, udaberriaz geroztik mahats-bilketa aurreratuko zela ikusita, lan egiteko modua aldatu dute upategian, azidotasuna mantendu asmoz.

Ochoa: “Igandean metro koadroko 20 litro euri jasoko omen dira. Mahasti batzuetan litro guztiak eror daitezen nahi dut, eta beste batzuetan ezertxo ere ez”

Erriberriko upategiko jabeak ez du uste beroak bere horretan produktuaren kalitatea baldintzatuko duenik. Iritzi dio urteak nola, ardoak hala eskuratzen direla, eta aurtengo tenperatura altuek ardo “epelagoak” ekar ditzakeela. 

Zerura begira

Egun eta aste hauetan eguraldia izan(go) da bi upategien kezka handienetako bat. Erriberrin, Ochoak adi-adi erreparatzen die euriteei, mahasti motaren arabera kezka handi ala txikiagoz: “Igandean metro koadroko 20 litro euri jasoko omen dira. Mahasti batzuetan litro guztiak eror daitezen nahi dut, eta beste batzuetan ezertxo ere ez”.

San Pedroren aburuz, azken txanpa honetan jada ezer gutxi egin daiteke. Haatik, bada azken urteetan gero eta gehiago kezkatzen duen faktore bat: txingorra. “Arabako Errioxan urtero-urtero 4 edo 5 herrik ekaitzak eta kazbarra jasaten dituzte”, azpimarratu du.

Gauzak horrela, mahats-bilketa inoiz baino lehenago iritsi(ko) bada ere, eguraldi jaunak izango du azken hitza.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain