Maitasuna eta dirua balantzan

Dennis Kelly britainiarraren Love & Money lanaren euskarazko bertsioa taularatu berri dute Bilboko Arriaga Antzokian. Ekonomiari begira bizi den egungo gizartean, maitasuna eta dirua balantzan jartzen ditu antzezlanak, ikuslea hausnarketara bultzatuz

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Beste pertsona batenganako sentimendu bizia, berez erakartzen gaituena eta elkartzeko, osatzeko, bizitzeko, komunikatzeko eta sortzeko irrika eragiten diguna. Hala definitzen du maitasuna Adrian Furnham psikologo britainiarrak. Diruak gizarteari eragiten dion sentimenduaz, aldiz, ikuspuntu ilunagoa du: “Diruarekin lotuta dauden emozioen zerrendan daude obsesioa, antsietatea, depresioa, haserrea, ezintasuna, poza, emozioa, inbidia eta erresumina, ordena horretan”, dio. Baina, zer gerta liteke maitasuna eta dirua, biak elkartuz gero? Badu eraginik? Hain zuzen ere, biak batu ditu Love & Money antzezlanak. Dennis Kelly britainiarraren lanaren euskarazko egokitzapena Bilboko Arriaga Antzokian izango da hilaren 27ra arte. Diruarekin obsesionatuta dagoen gizartean maitasunetik ezer egiterik izango ote da? Hausnarketa horixe egitera bultzatuko du ikuslea Euskal Herrian lehen aldiz taularatu berri den antzezlanak.

Adrian Furnham: “Diruarekin lotuta dauden emozioen zerrendan daude obsesioa, antsietatea, depresioa, haserrea, ezintasuna, poza, emozioa, inbidia eta erresumina, ordena horretan”

David maitemintzen ari da. Arrazoi profesionalengatik neska frantses batekin duen mezu elektronikoen trukeak maitasunean sinestaraztea ekarri dio berriro. Baina Davidek sekretu bat du, sekretu gordin eta jasanezina, eta emaztearen heriotzaren benetako inguruabarrei buruzko aitorpen bat egitera eramango du. Denboran atzera eginda, Jess ere maiteminduta zegoen Davidekin. Zoriontasuna eros zitekeela uste zuen, baina garesti atera zitzaion kredituak eta zorrak erraz pilatzen diren mundu honetan. Hortxe Love & Moneyren sinopsia. Alderantziz kontatutako fabula garaikide ilun honek, zorpetutako bikote baten infernuetarako jaitsierarekin, kontsumo-gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruzko galderak egitera gonbidatzen du ikuslea. Baita norbere nahiei buruz ere.

Bost antzezlek defendatzen dute oholtza gainean Love & Money, gordintasunez eta aldi berean umorez. Ugaitz Alegriak, Aitor Echarte Merinok, Eneritz García Alonsok, Miriam K. Martxantek eta Aiora Sedanok oholtzara daramaten istorioak zorpetutako bikote bat jartzen du ikusleen aurrean, eta diruarenganako obsesioak gizakia noraino eraman dezakeen erakusten diote ikusleari, egungo gizarte-ereduaren inguruko hausnarketara bultzatuz. “Gizarte honetako errealitaterik basatienetako bati buruz hitz egiten du antzezlanak. Taularatutako pertsonaiak eguneroko bizitzako pertsonaiak dira, beren bulkaden eta gizarte materialista eta indibidualista baten presioen artean harrapatuta daudenak”, azaldu du Cécile Marquette zuzendariak.

Cécile Marquette: “Gizarte honetako errealitaterik basatienetako bati buruz hitz egiten du antzezlanak. Taularatutako pertsonaiak eguneroko bizitzako pertsonaiak dira, beren bulkaden eta gizarte materialista eta indibidualista baten presioen artean harrapatuta daudenak”

Dirua emozioen bidean sartzen denean

Inflazioa, interes-tasen igoera edota prezioen etengabeko hazkundea dira egungo gizartearen kezka-iturri nagusietako batzuk. Eguneroko albiste bihurtu dira ekonomiari lotutako gaiak, eta emozioetan ere eragin zuzena dute. Hala uste du, behintzat, Furnham psikologoak: “Dirua emozionala da. Zorrek kezka sortzen dute, ustekabeko irabaziak kitzikagarriak dira, baina galerek antsietatea sortzen dute. Ondorioz, argi esango nuke diruaren inguruan hartzen ditugun erabakiak emozioen mende daudela”.

Diruaren eta gizakiaren portaeraren inguruko loturak aztertu ditu eta, emaitzen arabera, gizartearen gehiengoak ohitura txarrak ditu diruarekin lotuta. Gauzak horrela, finantzen munduan lan egiten dutenen artean, bost pertsona-motako zerrenda egin du. Lehenik eta behin, dirurik gabe geratzeko beldur direnak aipatu ditu. Gastatzaileak ere badaudela dio, askotan kontrolik gabe erosten dutenak, batez ere gogo txarrez sentitzen diren unetan. Handi-mandiak ere badirela azaldu du, dirua botererako eta onespenerako bide gisa ikusten dutenak, eta aberastasunak zoriontsu egingo dituela ziur daudenak. Beherapenak iristen direnean nagusi sentitzen direnak eta prezio osoa ordaindu behar badute enbarazu egiten dutenak ere badirela adierazi du; eta azkenik, arriskuak hartzean poztasuna sentitzen dutenak ere ohikoak direla azaldu du, galtzen dutenean ere apustu egiteari uztea zaila egiten zaien pertsona jokalari horietakoak.

Adrian Furnham: “Dirua emozionala da. Zorrek kezka sortzen dute, ustekabeko irabaziak kitzikagarriak dira, baina galerek antsietatea sortzen dute”

Pertsonak pertsona, argi dago metal eta paperezko objektu txikia izanagatik ere gure lehentasunen piramidearen gailurreraino igo dugula dirua. Emozio eta izaerak aldatzeraino, handi egin dugu diruaren balioa.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK