• LAN ETA BIZI
  • Maryse Cachenaut (Xapata): "Itsasun aspaldikoa da gerezien ekoizpena, baina galzorian egon da"

Maryse Cachenaut (Xapata): "Itsasun aspaldikoa da gerezien ekoizpena, baina galzorian egon da"

Itsasuko gerezi ekoizleen elkarteko presidentea da Cachenaut. Sormarka propioa eratu nahi dute, tokiko gerezia iraunarazi asmoz

Maryse Cachenaut Xapata elkartearen presidentea da | Argazkia: utzita
Maryse Cachenaut Xapata elkartearen presidentea da | Argazkia: utzita
VpZtp uM 400x400
Kazetaria
2026ko ekainaren 16a - 05:30

Mermeladan, zukuan, likorean edo ozpinean, molde askotan preziatzen ahal da Itsasu (Lapurdi) aldeko gerezia. Lapurdiko gerezi ekoizleek aurtengo bilketa bukatu dute duela gutxi. Urtero biltzen dituzten 8-10 tonak transformatzen dituzte ia osoki eta aurten ere argi gelditu da galde gehiago dutela ekoizten dutena baino. Xapata elkartearen presidente Maryse Cachenautekin hitz egin du EnpresaBIDEAk.

 

Itsasun gereziaren biltzea bukatu berri duzue. Nolakoa da aurtengo uzta?

Ekoizle batzuek ohi baino piska bat gutxiago bildu dute, baina oro har, uzta hobea da 2024an izan zenarekin konparatuz. Iaz ere uzta ona izan genuen. Aurten biltzea burutua da loratzea biziki goizik hasi baitzen, beraz, uzta bukatu da. Biltzea gero eta goizago hasten dugu, aurten maiatza hastapenean berean. Biziki goiz da, eta hori klima aldaketarekin lotu behar da bero handia egiten baitu urte hastapenean berean. Gerezi ondoen loratzea martxoan hasten da eta gisa honetan, den-dena aitzinatzen da.

 

Aldaketa horrek eraginik ote du gereziaren kalitatean?

Gustua edo zaporea uzta denborako aroak egiten du, nola gorritzen den, euria egiten ote duen, baldintza horiek azukrea ematen diote edo ez. Gereziondoen lekuak ere eragina du, eta arbolen adinak. Batzuk zahartzen ari dira. Itsasu aldean gerezi hiru mota ditugu: peloa, xapata eta beltxa. Hiruak gustu handikoak dira, azukre askorekin, nahiz eta goizik heldu diren. Egia erran, hiru motak biziki interesgarriak dira, ez direlako arras garai berean ontzen. Denak segidan egiten dira, bat bestearen ondotik eta biltzea hilabete batez egiten da molde horretan.

"Itsasu aldean gerezi hiru mota ditugu: peloa, xapata eta beltxa"

Maiatzean jasan genuen beroaldia kaltegarria izan zitzaizuen?

Beroak fruitua ontzen laguntzen du, azukrea emateko adibidez. Halere, eskerrak beroak ez zuela denbora luzean iraun, gerezia hondatu zezakeelako. Beroegi egiteak edo hego haize indartsuak min egin dezake loratze denboran. Goizik loratzen delarik izotzaren arriskua egon liteke. Zorionez, aurten ez da halakorik gertatu.

Gereziaren ekoizpena nolakoa da zehatz?

Gurea eremu txikia duen jarduera da. Gure etxaldean, eman dezagun, hektarea bat inguru eta ehun zuhaitz. Urtero gure helburua da bederen tona bat biltzea, baina, kasu, tona bat gerezi ez baita tona bat sagar bezala. Denbora asko behar da, biltzeko lehenik, eta gero transformatzeko. Erreximenta-mermelada egiteko erabiltzen dugu. Gerezi ekoizleen elkartean 25 kide gaude, eta denen artean,8-10 tona biltzen ditugu urtero, gutxi gorabehera. Batzuek likoreak eta ozpina ere ekoizten dute  gereziarekin.

"Kanpotik gerezi asko dator. Saltoki handietan saltzen duten kasik guztia urrundik heldu da, Turkiatik adibidez. Guk Itsasu aldeko gerezia iraunarazi nahi dugu"

Sormarka bat lortu nahi duzue Iratiko gasnek, Ezpeletako piperrak, Irulegiko arnoek eta Kintoako urdaiazpikoek duten bezala. Zertan da zuen proiektua?

Itsasuko ekoizleen elkarteak bultzatzen du sormarkaren eskaera. 2023an egin genuen galdera, ofizialki. Parisen, INAO izena duen egiturak kudeatzen ditu horrelako gaiak. Lehen etapa onartu dute kasik aho batez eta duela gutxi beren ikerketa batzordea etorri da guregana. Orain galderak egiten dituzte proiektuan sakontzeko. Gisa honetan, duela egun batzuk aditu batzordekoak etorri dira egoera sakon aztertzera. Haiek baimena emanen dute eremuari buruz, adibidez, jakinez guk Itsasu inguruko 66 herri proposatzen ditugula Lapurdin eta Baxe Nafarroan. Araudiak finkatu behar dituzte molde biziki zehatzean. Nire ustez, oraindik urte bat edo bi falta dira sormarka lortzeko, baina hurbiltzen ari da.

Zer aldatuko du zehatz izendapen berri horrek?

Ezagupen ofiziala, indarra eta luzerako babesa emanen die gure ekoizpenei. Garatzen bada, gereziaren prezioa mantendu eta kalitatea bermatuko ditu. Itsasun aspaldikoa da gerezien ekoizpena, baina duela zenbait urte galzorian egon zen, zenbait mota bereziki. Mota guztiak salbatuak direla eta zaindu behar ditugula bermatuko du sormarkak. Kanpotik gerezi asko dator. Saltoki handietan saltzen duten kasik guztia urrundik heldu da, Turkiatik adibidez. Guk Itsasu aldeko gerezia iraunarazi nahi dugu.