Mozorro festa

Mozorro denden urte osoko fakturazioaren erdia baino gehiago Inauterien baitan egiten da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Joaldunek urtarrilaren amaieran iragarri zuten festa iritsi da azkenean. Inauterietan murgildu da Euskal Herri osoa eta txaranga doinuek ere hala adierazten dute. Dibertsioa eta alaitasuna nagusi dira egunotan, eta mozorro originalek, berriek eta klasikoagoek kolorez bete dituzte kaleak. Erdi Arotik datorren ohitura da mozorrotzearena, nahiz eta ordutik debeku eta ezkutuko onarpen ugari izan dituen.  Hainbat garai eta lekutan neguko jai nagusitzat edota udaberriko sarreraren ospakizun erritualtzat hartu izan da. Denborarekin, kontzeptua aldatu egin da baina mamiak berbera izaten jarraitzen du: mozorroa, egunerokotasunaren aldaketa eta gozamena. Tolosako inauteriak dira gurean bereziki ospea dutenak, bere karroza eta txaranga doinuekin, baina herri eta hiri gehiagotan ere egitarau zabala antolatu ohi da.

Mozorroa da Inauterietan falta ezin den elementu nagusia eta urtero izaten da saltoki guztietan agortzen dena ere, mozorro izarra: “Aurten Addams Familiaren jantziak izan dira gehien saldu direnak. Wednesday Addamsena, bereziki, ikaragarri saldu da Netflixeko telesailak izan duen arrakastaren ondorioz. Agortuta dago leku guztietan”, adierazi du Sara Andres Donostiako Magic mozorro eta festa artikuluetako dendaren jabeak. Baina, klasikoek ere indar handia izaten dute, batez ere umeen artean: “Suhiltzailea, polizia edota astronautaren jantziak asko saltzen dira, baina batez ere animalien mozorroak eta superheroienak dira txikien artean arrakasta handiena dutenak”. Hala ere, heldu asko ere superheroi eta animalia mozorroak eskatzen hasi direla dio Andresek.

Sara Andres: “Aurten Addams Familiaren jantziak izan dira gehien saldu direnak. Wednesday Addamsena, bereziki, ikaragarri saldu da Netflixeko telesailak izan duen arrakastaren ondorioz. Agortuta dago leku guztietan”

Urteak pasa eta urteak etorri mozorroa aldatu bai, baina ohitura batzuk mantendu egiten direla adierazi du barrez: “Ez gara inoiz aldatuko, erosketa guztiak beti azken unerako uzten jarraituko dugu. Aurreko asteburura arte inor gutxik zuen erosia mozorroa eta aste honetan topera dihardugu, batez ere arratsaldetan, umeak eskolatik ateratzen direnetan. Gaur oraindik ere izango ditugu bezeroak, beti egoten da presaka etortzen den norbait”.

Urteko egunik eraginkorrenak

Pandemiaren ostean normaltasunera itzuli direla adierazi du Magic dendaren jabeak, eta “beharra zutela” gaineratu du, Inauterietan egiten dutelako “urte osoko salmenta osoaren erdia baino gehiago”. Gabonen, San Sebastian egunaren, Gau Beltzaren edota herriko festen artean osatzen dute urteko salmenten beste erdia.  

Baina batezbeste zenbat gastatzen du euskaldun batek Inauterietako mozorroan? Andresek dioenez, “25-26 euro inguruko gastua egiten du euskaldun bakoitzak mozorroan. Gero aldea dago, noski, erabilitako peluka nolakoa den, eta mozorroa lizentziaduna bada ere igo egiten da prezioa”. Esaterako, lizentziadun mozorro bat peluka italiarrarekin, 40 euroren bueltan ibiliko dela azaldu du. Dioenez, hiru ezaugarri izan behar dira kontuan: haurren edo helduen mozorroa den, jantzia nondik datorren eta lizentziaduna den ala ez, faktore horien arabera aldatuko baita azken prezioa.

“25-26 euro inguruko gastua egiten du euskaldun bakoitzak mozorroan. Gero aldea dago, noski, erabilitako peluka nolakoa den, eta mozorroa lizentziaduna bada ere igo egiten da prezioa”

Hori kontuan izanda, “normalean mozorro bakarra erosten du euskaldun bakoitzak”, dio Andresek, “eta mozorroz aldatu nahi badu etxean dagoenera jotzen du gehiengoak edota norbaiti eskatzen dio, egun bakoitzeko mozorro bana erostea ez delako poltsiko guztientzako errentagarria”, gaineratu du.

“Normalean mozorro bakarra erosten du euskaldun bakoitzak, eta mozorroz aldatu nahi badu etxean dagoenera jotzen du gehiengoak edota norbaiti eskatzen dio, egun bakoitzeko mozorro bana erostea ez delako poltsiko guztientzako errentagarria”

Ekonomiari lotutako mozorroen inguruan ere galdera luzatu diogu, EnpresaBIDEAko karroza egin nahiko bagenu, zertaz mozorrotu ahal gintezkeen jakiteko. Hauxe Magic dendako arduradunaren proposamena: “Banketxe bat irudikatzen duen karroza egin daiteke, batzuk traje dotorez jantzi eta diruz beteriko maletina eta zorroa eskuan hartuta. Besteren bat banketxea lapurtzera doan lapurra ere izan liteke, emozio pixka bat jartzeko. Trajeak, diru zorroak, billete faltsuak, dolar ikurdun lepoko eta poltsak, eta lapurren mozorroak erraz lor daitezke”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK