Zenbat urtero erosten duzu mugikor berri bat? Guztiz hondatuta egon arte itxaroten duzu, ala bi-hiru urteren bueltan, akats txikiekin hasten denean, orduantxe berri baten bila hasten zara?
2.000 euro baino gehiago balio duten mugikorrak ikusten hasiak gara. Pasa den hastean bertan aurkeztu zuten iPhone Duo tolesgarria ikusi besterik ez dago: 2.339 euroko prezioa du; iPhone 18 Pro ere aurkeztu zuten, 1.469 euroko balioa duena. Gero eta aukera gehiago eskaintzen dira sakelakoen merkatuan, baina prezioetan ere gorakada bera nabari daiteke, duela bost urte imajina ezin zitekeena.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Mugikorra erosteak sekulako gastua (inbertsioa?) suposa dezake, eta ondorioz, komeni izaten da aparatuak ahalik eta gehien irautea. Ahal haina amortizatzea, alegia. Ez da, ordea, kontu erraza, nahi baino azkarrago puskatzen dira-eta maiz. Arrazoiak orotarikoak izan daitezke, izan jabearen erabilera txarragatik, izan kanpo faktoreengatik: erorketa baten edo lapurreta baten ondorioz, softwareak arazoak ematen dituelako, ura edo harea sartzen zaielako…
Europako Batzordeak, Joint Research Centre (JRC) ikerkuntza zentroaren bitartez, gai horren gaineko hainbat ikerketa egin ditu azken urteotan, eta kalkuluen arabera, smartphoneen batez besteko bizitza 2,5 eta 3,5 urte artekoa da, baina akatsak lehenago iristen dira: mugikorren %47 arazo bat edo besterekin hasten da lehenengo edo bigarren urtean; %39ren kasuan, arazoak bigarren edo hirugarren urtean iristen dira. Ikerketa berberaren arabera, arazoen kausa nagusia (%42) bateria izaten da.
Datu horiez gain, aztertuz gero zenbat mugikor fabrikatu eta merkaturatzen diren urte bakarrean mundu mailan, erraza da ondorioztatzea izugarrizko hondakin-sorkuntza arazo baten aurrean gaudela. JRCk jasotako datuen arabera, 2012. urtean 7,6 milioi tona gailu elektriko eta elektroniko merkaturatu ziren, eta 2022. zifra bikoiztu egin zen, 14,4 milioi tonara iritsi arte. Hori gutxi balitz, soilik 4 milioi tona baino ez ziren birziklatu edo berrerabiltzeko prestatu.
Araudia, gero eta zorrotzago
Arazoari erreparatuta eta produktu horien bizitza luzatu asmoz, Europak mugikorrei zein bestelako gailu teknologiko batzuei (tabletak, kasu) eragiten zien araudia berritu zuen 2023an, nahiz eta eskakizun gehienak 2025eko ekainean hasi ziren aplikatzen. Ekodiseinu-baldintzak izenburupean, bateriei, gailuen erresistentziari, konponketei zein sistema eragileen eguneraketari lotutako eskakizun berriak exijitzen hasi ziren.
Ordutik, derrigorrezkoa da, besteak beste, mugikorren bateriak iraunkorragoak izatea: 800 karga- eta deskarga-zikloren ostean, bateriak hasierako edukieraren %80 mantendu behar du, gutxienez. Hau da, lehen 10 ordu irauten bazuen, karga guzti horien ostean mugikorrak 8 ordu irauten jarraitu beharko luke. Era berean, fabrikatzaileek eskura izan behar dituzte mugikorretarako ordezko piezak, produktu hori EBko merkatuan azken aldiz saldu zenetik zazpi urte igaro arte; gauza bera sistema eragileen eguneraketekin, bost urtez eskaini beharko baitituzte produktu hori merkatuan saltzeari utzi zenetik.
2012. urtean 7,6 milioi tona gailu elektriko eta elektroniko merkaturatu ziren, eta 2022. zifra bikoiztu egin zen, 14,4 milioi tonara iritsi arte
Ildo beretik, erorketen, hautsaren zein uraren aurrean erresistentzia handiagoa exijitu zitzaien gailuen ekoizleei, baita kontsumitzaileekiko gardentasun handiagoa ere. Azken hori bermatzeko, 2025etik smartphoneei energia-etiketa bat ezartzen zaie, mugikorraren kontsumoa zenbatekoa den ikusteaz gain argi izateko zein den bateriaren iraupena, erorketen aurkako erresistentzia eta konpongarritasun-maila, besteak beste.
Obsoleszentzia nagusi
Buelta gaitezen hasieran egindako galderara: mugikor berria erosteko, aurrekoa guztiz hondatuta egon arte itxaroten duzu, ala bi-hiru urteren bueltan, akatsen bat edo beste erakusten duenean, berri baten bila hasten zara?
Argi dago: mugikorrez aldatzeko, zaharrak ez dio zertan funtzionatzeari utzi behar. Pizteko, deiak egiteko eta funtzio nagusiak betetzeko gai izan daiteke, eta hala ere, zaharkitu egin zaigula pentsa dezakegu. Ezbairik gabe, obsoleszentzia psikologikoaz hitz egin dezakegu: gailua erabilgarria izanik ere, erabiltzaileak zaharregia dela pentsatzen du, merkatuan dauden beste modelo batzuek diseinu, aukera edo berritasun gehiago eskaintzen dituztelako. Hori gutxi ez eta obsoleszentzia ekonomikoaz ere hitz egin dezakegu. Kasu horretan, telefonoa erabilgarria da oraindik ere, baina telefonoa konpontzeak “ez du ekonomikoki konpentsatzen” berri bat erostea. 2025ean Italian egindako ikerketa batek obsoleszentzia psikologikoa zein obsoleszentzia ekonomikoa jo zituen mugikorrak goizegi ordezkatzearen errudun. Bestela esanda, telefonoak ondo funtzionatu arren, zenbait kanpo faktorek —edo faktore pertsonalek— erabiltzaileak bultzatzen dituzte pentsatzera euren mugikorra ordezkatzeko unea iritsi dela.
Sagar ikonodun marka erabiltzaileen obsoleszentzia psikologiko zein ekonomikoaz baliatzen da nolabait ere, une oro bere markak eskaintzen dituen gailuak eros ditzaten
Badira horixe bera berariaz bilatzen duten markak ere. Apple Upgraderen kasua da, zeina, oraingoz, soilik AEBn dagoen eskuragarri. Sagar ikonodun marka erabiltzaileen obsoleszentzia psikologiko zein ekonomikoaz baliatzen da nolabait ere, une oro bere markak eskaintzen dituen gailuak eros ditzaten. Zertan datza Apple Upgradek? Bada, mugikorrak zein bestelako gailuak hileko kuota baten bidez ordaintzean. Alegia, etxe bateko alokairua ordaintzen den modu berean, sakelako berria 12 edo 24 hilabetez ordaindu dezakezu, hilero kopuru berbera pagatuz (modeloaren arabera prezioa aldatzen da). “Kontratua” amaitzean, hau da, hilabete horiek pasatzean, bi aukera dituzu: mugikorra zuretzako gorde, gehiago ordaindu gabe, ala zaharra entregatu eta berri bat eskuratu (merkatura atera den azken modeloa izan daiteke), hileko kuota ordaintzen jarraituz beste 12 edo 24 hilabetez.
Zer lortzen dute hala? Ez dute erabiltzailearen mugikorra hautsi dadin itxaron behar, badakitelako urtebete edo bi urteren buruan mugikor berria salduko diotela erosle berari. Berrikuntza etengabean oinarritutako sistema garatuta, egora alderantzikatzea lortu du Applek: galdera ez da soilik mugikorrek teknikoki zenbat irauten duten, baizik eta zenbat denboraz erabiltzeko prest gauden.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta