Neguko kanpaina Nafar Pirinioan, eskia baino gehiago

Azken urteetan elur gutxiago egin duenez, eski estazioak nahiz eskiatzaileak bestelako ekintzak aztertzen hasi dira

Ikasleak negu kanpainan eski-monitore batekin | Argazkia: Amaia Mozo Ikasleak negu kanpainan eski-monitore batekin | Argazkia: Amaia Mozo

Nafarroako Pirinioan neguko kanpaina bukatzear dago. Zonaldeko motor ekonomikoetako bat, hain zuzen, negu-ekintzak dira, eta horien artean, tradizioz eskia izan da nagusi. Hala ere, azken urtetan elur urritasunak zailtasunak ekarri dizkio sektoreari. Larra Belagua, Erronkaribarren kokatuta, Foru Erkidegoko eski-estazio garrantzitsuenetako bat da, eta Julen Garjon Alastuey (Erronkari, 1993) da bertako zuzendaria. Bere eginbeharren artean “negu sasoian iraupen-eskirako pistak, langileak (15 inguru astelehenetik ostiralera, 20 inguru asteburutan), eskiatzaile taldeak, ekintzak, txapelketak eta jatetxea kudeatzea”, daude. Urteko gainerakoan “jatetxea eta Erronkarin dagoen bizikletan ibiltzeko espazio bat, 160 kilometro baino gehiagokoa”, zaintzen dituzte.

Aurtengo neguko sasoia “zaila” izan dela baieztatu du. Baina ez da “erabat gaizki” joan, “hiru egunez bi asteburutan” itxi behar izan dute soilik eta, elur faltagatik. Gainontzeko egunetan oso elur gutxi egon dela dio, eta “jendea, hori ikustean, ez da asko mugitu estazioetara joateko”. Askok “eskiatzera joateko planak bertan behera utzi eta beste data hobeak bilatu dituzte”, gehitu du.

Aldiz, martxoaren lehen egunetan pistak itxita egon ziren, orduan gertaturiko elur-jausiengatik. “Elur gehiegi erori denez, elur mantua ez zen egonkorra”, azaldu du Garjonek. Horrek errepideak ixtera behartu zuen, eta martxoaren 6an elauso arriskua kendu zuten. Beraz, Larra-Belaguako langileek mendatera igo ahal izan zuten pistak prestatu eta irekitzeko. “Pistak zapaldu behar dira eskiatzailea ahalik eta gainazal lauenean ibiltzeko”, argitu du. Azkenik, martxoaren 7an Larra Belaguan dauden 15 pistetako bi, Mata de Haya eta El Ferial, ireki zituzten.

Zonaldeko motor ekonomikoetako bat, hain zuzen, negu-ekintzak dira, eta horien artean, tradizioz eskia izan da nagusi. Hala ere, azken urtetan elur urritasunak zailtasunak ekarri dizkio sektoreari

Martxoaren 9an eta 10ean Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko iraupen-eskiko txapelketa ospatu zuten, asteburu horretarako elurte garrantzitsu bat espero zela probestuz. Lehiaketa, Garjonen ustetan, “oso ongi” joan zen eta bere ekipoan “oso pozik” daude emaitzarekin, elur kopuru nahikoa erori zelako.

Eskolen esperientzia

Nafar eski-estazioen erabiltzaile aipagarrienetako bat eskolak dira, urtero haien ikasleak mendietara eramaten dituztenak Aste Zuria deituriko ekitaldian. Amaia Mozo da nafar eskolen negu kanpainaren kudeaketaren arduraduna. Urte osorako dago kontratatuta Mozo, baina bere lana abuztuan hasten da. Handik aurrera, aurrekontuak prestatu eta Nafarroako Gobernuarekin eta beste erakundeekin bilerak antolatzen dituela nabarmendu du.

Irailaren hasieran “aurretiko izen-ematea hasten da”, urriaren erdialderaino dirauena. Horrez gain, “ekintzak antolatu eta eskolei beharrezko dokumentuak bidaltzen zaizkie”. Azken urtetan, eskaini zitzaketen plazak baino aurretiko izen-emate gehiago jaso dituztenez, zozketak egin behar izan dituzte, zein eskolek parte hartzen duten erabakitzeko.

Azken urtetan, eskaini zitzaketen plazak baino aurretiko izen-emate gehiago jaso dituztenez, zozketak egin behar izan dituzte, zein eskolek parte hartzen duten erabakitzeko

Ondoren, “eskolekin kontaktuan jarri eta ikasleei buruzko beharrezko informazioa (alergiak, intolerantziak, etab.)” eskatzen dituzte, datu horiek ostatuei bidaltzeko eta haiek kontuan hartu ahal izateko. Ekintza-programa ere diseinatzen dute, behin ikasleak iristen direnean dena prestatuta edukitzeko. Gainera, hornitzaileekin hitz egiten dute “beharrezko materiala eta eski monitoreak eskuragai egon daitezen”. Azkenik, bi koordinatzaileek (bat Otsagabian, bestea Izaban) “espazioak, ekintzak eta materiala” prestatzen dituzte, eta “hasi baino astebete lehenago monitoreen formakuntza” egiten dute goizetan. Behin sasoia hasita, antolatzaileak egunerokoan daude “behar denerako irakasleei lagunduz”.

Mozoren ustez, aurtengo kanpaina “ongi" joan da, nahiz eta ikastetxeek ere elur faltaren eragina sentitu duten, “goizeko ekintza nagusia eskia delako”. Eskolen negu kanpaina Nafar Piriniotako bi ibarretan egiten da: Zaraitzun eta Erronkarin. Zaraitzun “oso gutxi eskiatu da, elur gutxiegi eta gogorregia zegoelako”. Aldiz, “Erronkaribarren, beti elur gehiago botatzen duenez, txanda guztietan eskiatzea gutxi gorabehera posible izan da, nahiz eta batzuetan egoera okerragoa izan”.

iStock
Eretako eski estazioa | Argazkia: iStock

Kanpaina “urtarrilaren 8an hasi zen bi ibarretan”. Zaraitzun, zehatzago, Otsagabian “negu kanpaina 10 txandetan banatzen da eta martxoaren 22an amaituko da”, eta Izaban, Erronkarin, “12 txanda daude eta kanpainak martxoaren 28ra arte iraungo du”.

Aurten 118 eskolek hartu dute parte, Mozoren arabera. Orotara, 4.000 pertsona inguru etorri dira: 3.600 ikasle eta 400 irakasle. Baina, kopurua urtero aldatzen da “eskolen tamainaren arabera”.

Amaia Mozo: "Zaraitzun oso gutxi eskiatu da, elur gutxiegi eta gogorregia zegoelako. Aldiz, Erronkaribarren, beti elur gehiago botatzen duenez, txanda guztietan eskiatzea gutxi gorabehera posible izan da"

Ikastetxeak era guztietakoak dira, itunpekoak eta publikoak, eta Nafarroa osotiko datoz: “Iruñerrikoak handienak dira ikasle kopuruari dagokionez, baina landa eremuetako eskola txiki asko ere badaude; esaterako, Sakana, Baztan eta Aezkoakoak”. Lizarraldea eta Erriberako ikastetxeak ere ez dira falta. Beraz, eskolak “geografikoki nahiko ongi sakabanatuta” daudela uste du Mozok.

Eskiaz gain “ekintza alternatiboak” eskaintzen saiatzen dira. Momentuz ez dute baliabide nahikorik jarduera berri asko egiteko, horretarako “inbertsio handi bat” behar baita, neguko kanpainan, aldi berean, 100 eta 200 arteko parte hartzaile kopurua dagoela kontuan hartuta.

Hala ere, beste ekintza batzuk martxan jarri dira, martxa nordikoa adibidez. Mozok “mendi-ibiltze aktiboa” bezala deskribatu du. Iraupen-eskira oso lotuta dagoenez, “jarduera alternatibo ona da, non gorputz osoa trebatzen duzun”. Gainera, oso eskuragaia da, “bi makil” besterik ez dira behar eta.

Berritzeko inbertsioak eta ekintza alternatiboak

Larra Belaguak hitzarmen bat sinatu du Ereta udalerriarekin (Frantzia). Iraupen-eskiko bi pista hauek hain gertu egonik, orain, asteburu batean, Larra Belaguako forfait edo ordainketarekin hurrengo asteburuan Eretan ere eskiatzeko aukera dago.

Azkenaldian dagoen elur falta hau dela eta, Garjonek desestazionalizazio deituriko kontzeptu bat jarri du mahai gainean, Larra Belagua eta beste estazioak negura ez mugatzeko eta urte osoan zehar ekintzak eskaini ahal izateko, dibertsifikazio prozesu batean. Adibidez, 2023an inauguratu zen bizikletan ibiltzeko espazioa, non jendea estazioari alokatutako bizikletekin ibili daitekeen.

Iraupen-eskiko bi pistak gertu egonik, orain, asteburu batean, Larra Belaguako forfait-arekin hurrengo asteburuan Eretan ere eskiatzeko aukera dago

Lehen urtea “ongi” joan zen. Izan ere, “Erronkariko mendiak oso toki turistikoak dira”. Jendeak “eskaintza berri hau eskertu du; asko etorri dira espazio honetara”. Horrez gain, beste ekintza berri batzuk eskaintzeko aukera aztertzen ari dira; hala nola, mendi-bueltak eta arroila-jaitsiera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK