NICDOk markak hautsi ditu berriz 2025ean

Milaka lagunen parte-hartzeak eta sortutako inpaktuak berretsi dute NICDOren eginkizun estrategikoa lurraldean

NICDOko taldea, orain urtebete eginiko jarduera baten | Argazkia: NICDO
NICDOko taldea, orain urtebete eginiko jarduera baten | Argazkia: NICDO
leire martinez
Kazetaria
2026eko apirilaren 3a - 05:30

Nafarroak badu zer errana, eta 2025eko datuek argi utzi dute. Kultura, kirola eta aisialdia jada ez dira bigarren mailako jarduerak, baizik eta lurralde baten motore ekonomikoa. NICDOk, Nafarroako Gobernuaren sozietate publikoa denak, bere lekua egin du. Honen eginkizuna kultura, kirol eta aisialdiko azpiegitura nagusiak kudeatzea da eta, noski, aldi berean mota anitzetako ekitaldiak sustatzea eta antolatzea. Finean, lurraldean jarduera eta mugimendua sortzea.

 

Zenbakiek agerian utzi dute NICDOren lana. 2025ean, 61,69 milioi euroko gastu zuzena eragin du Nafarroan, aitzineko urtean baino %36 gehiago. Horrez gain, 15,34 milioi euro bildu dira zergetan, lau milioi gehiago. Baina datu horiek ez dira ekonomia hutsa, sektoreak arlo askori eragiten baitio. Ostalaritzak, merkataritzak, garraioak eta kultur zein kirol jarduerek zuzenean nabaritzen dituzte egiten diren jarduerak.

NICDOk 2026rako helburu nagusiak ezarri ditu: publikoaren hurbiltasuna eta fideltasuna sendotu eta kultura, kirol, aisialdi eta jardueren eskaintza pertsona gehiagorengana iritsarazi

NICDOk sustatutako ekitaldiek eta kudeatutako espazioek jende andana erakarri dute. 682.000 lagunetik gora bildu dira iaz antolatutako jarduera eta programazioetan eta tamainakoa da fenomenoak hartu duen indarra. Gero eta gehiago dira lagunartean edo familian ekitaldietara hurbiltzen direnak, aisialdia elkarrekin bizitzeko aitzakia hartuta. Ekitaldi horiek elkartzeko eta partekatzeko uneak bihurtu dira eta horrek, noski, oihartzun ekonomikoa ekarri du. Parte-hartzaileek batez bertze 181,8 euro inguru gastatzen dute ostatuan eta bertze 150 euro kontsumoan. Horrek erakusten du jarduera horiek tokiko ekonomiaren arlo anitz jorratzen dituztela.

 

Gauzak horrela, nabarmena da ekitaldien arrakasta. Baluarte eta Nafarroa Arena bezalako azpiegiturek 500 ekitaldi baino gehiago hartu zituzten urte bakarrean: kongresuak, kontzertuak, kirol probak edota azokak. Eskaintza zabala eta anitza, publiko desberdinei zuzendutakoa. Horrek, gainera, Nafarroa MICE sektorean kokatzen du, gero eta lehiakorragoa den esparru batean.

María Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak berak azpimarratu du kultura eta aisialdia funtsezkoak direla herritarren ongizaterako. “Pandemiaren ondoren are nabarmenagoa bihurtu da hori. Kontzertu batera joatea edo kirol ekitaldi batean parte hartzea jada ez da soilik aisialdia; harremanak sendotzeko eta komunitatea eraikitzeko modu bat ere bada, eta, ondorioz, osasun mentalean zuzenean eragiten du", dio.

Gero eta gehiago dira ekitaldietara lagunartean edo familian doazenak, eta gero eta gutxiago bakarrik edo bikotekidearekin joaten direnak

Gero eta gehiago dira ekitaldietara lagunartean edo familian doazenak, eta gero eta gutxiago bakarrik edo bikotekidearekin joaten direnak. Publiko femeninoa, gainera, nagusitu egin da. Eta badago bertze datu bitxi edo joera aipagarri bat: nahiz eta Nafarroa Arena hiriaren bazterrean egon, jende aunitz oinez hurbiltzen da ekitaldietara.

Etorkizunari begira erronkak ez dira makalak. NICDOk 2026rako helburu nagusiak ezarri ditu: publikoaren hurbiltasuna eta fideltasuna sendotu eta kultura, kirol, aisialdi eta jardueren eskaintza pertsona gehiagorengana iritsarazi. Bi ardatz nagusi ezarri dituzte aitzina begira: irisgarritasun unibertsala eta jasangarritasuna. Laura Juanperez Komunikazio esparruko zuzendariak nabarmendu duenez, “publikoaren onarpena eta interes sozial handiko proiektuak uztartzea da enpresa publiko gisa dugun erronka handienetako bat”.

2025eko datuek erakutsi dute hortaz, Nafarroan aisialdiarekin loturiko ekonomia bere onenean dagoela!