• LAN ETA BIZI
  • Non erosi behar dut etxea? Zer dio hiri-zientziak leku zoriontsu (eta erresiliente) batean bizitzeko

Non erosi behar dut etxea? Zer dio hiri-zientziak leku zoriontsu (eta erresiliente) batean bizitzeko

Etxebizitza erostea familia askoren finantza-erabakirik garrantzitsuena da, baina ia beti prezioari eta metro koadroei begira hartzen dugu. Hiri-zientziak dioenez, auzoak erabakitzen du gure eguneroko ongizatearen zati handi bat, baita etorkizuneko krisiei aurre egiteko dugun gaitasuna ere

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Asier Divasson Jaureguibarria
Deustuko Unibertsitateko ikertzaile elkartua
2026ko azaroaren 20a - 05:30

Paris, uztaila, arratsaldeko punta-ordua. Urte osoan autoz beteta egoten den Sena ondoko autobia hondartza bihurtu dute: hondarra, eguzkitakoak, palmondoak eta aulki luzeak. Paris Plages da, eta bertan etzanda dagoen emakume batentzat bizitza errazagoa da. Charles Montgomery kazetari eta urbanista kanadarrak eszena horrekin hasten du hiri zoriontsuei buruzko bere kontakizuna. Haren ustez, hiria ez da agertoki hutsa: makina bat da, eta nola mugitzen garen, norekin egiten dugun topo eta nola sentitzen garen moldatzen ditu.

 

Etxea erostea, beraz, makina hori aukeratzea da datozen hamar, hogei edo hogeita hamar urteetarako. Artikulu honetan erabaki hori hiri-zientziaren eta sistema sozioekologikoen ikuspegitik aztertuko dugu.

Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Nola aukeratzen dugu, eta zer ez dugu kontuan hartzen

Bizilekuaren aukeraketa aztertzen duten ereduek antzeko lehentasunak aurkitzen dituzte herrialde batetik bestera. Prezioak beti eragiten du kontra, eta etxebizitzaren ezaugarriek (tamainak, etxe motak) pisu handia dute. Familia mota guztiek baloratzen dute ikastetxeak, dendak, zerbitzuak eta garraio publikoa gertu izatea; lanerako joan-etorri luzeek, berriz, kontra egiten dute. Errepide handien zarata zigortu egiten da, eta inork ez du onartzen langabezia edo delinkuentzia handia. Gainera, jendeak aurreko bizilekutik eta bere sare sozialetik gertu geratu nahi izaten du.

 

Hala ere, erabaki horretan bada akats sistematiko bat. Ekonomia klasikoaren arabera, lantokitik urrun bizitzea onartzen badugu, konpentsatzen digulako da: etxe merkeago edo handiago bat, edo soldata hobea. Alemaniako etxeen datuekin egindako ikerketa batek kontrakoa erakutsi zuen: joan-etorri luzeagoak dituztenek bizitzarekiko gogobetetasun txikiagoa adierazten dute, sistematikoki. Batez besteko joan-etorria (22 minutu norabide bakoitzean) konpentsatzeko, hilean 470 euro inguru gehiago beharko lirateke, batez besteko lan-errentaren %35,4. "Joan-etorriaren paradoxa" deitu zioten: ikusten dena gainbaloratzen dugu (metroak, lorategia, gela bat gehiago), eta egunero ordaintzen den kostua gutxiesten dugu.

EAE ez dago egoera horretatik kanpo. Eustaten 2023ko Denbora Aurrekontuen Inkestaren arabera, lanera joan behar dutenek 49 minutu ematen dituzte egunean, batez beste, joan-etorrian; bost urte lehenago baino 18 minutu gehiago. Eta biztanleriaren %35ek denbora behar du lanerako joan-etorrietan.

Mugikortasun aktiboa eta kalea

Joan-etorriko minutu guztiek ez dute berdin pisatzen. Ia 18.000 langile britainiarrekin egindako jarraipen-ikerketa batek ikusi zuen ongizate psikologikoa handiagoa zela lanera oinez, bizikletaz edo garraio publikoan joaten zirenen artean, autoz joaten zirenen artean baino. Autotik mugikortasun aktibora aldatzeak ongizatea hobetzen zuen. Eta daturik esanguratsuena: oinez zihoazenentzat, minutu gehiago ongizate handiagoarekin lotzen ziren; gidatzen zutenentzat, aldiz, txikiagoarekin.

Kalearen diseinuak ere badu eragina. 1960ko hamarkadaren amaieran, San Frantziskoko hiru kale ia berdin alderatu ziren, trafikoan izan ezik: egunean 2.000, 8.000 eta 16.000 ibilgailu inguru. Kale lasaian, bizilagunek lagun eta ezagun gehiago zituzten kalean bertan, eta kalea beraiena balitz bezala sentitzen zuten. Trafiko handikoan, kalea etxe isolatuen arteko korridore hutsa zen.

Montgomeryk mekanismo bat iradokitzen du: oinez edo bizikletaz mugitzen garenean, begiradak gurutzatzen ditugu eta mugimenduak koordinatzen ditugu, eta horrek konfiantza sortzen du. Gidatzean, aldiz, estresa eta etsaitasuna nagusitzen dira. Kanadako hirietako datuen arabera, auzo zoriontsuenak konfiantza-maila altuena adierazten dutenak dira. Trafiko handiko kale bateko pisua merkeagoa izan daiteke, baina deskontu hori zaratan, kutsaduran eta, batez ere, auzo-bizitzan ordaintzen da.

15 minutuko hiria… norentzat?

Azken urteotan "15 minutuko hiria" kontzeptua zabaldu da: eguneroko zerbitzu nagusiak oinez edo bizikletaz ordu laurdenean eskura izatea. Ideia erakargarria da, eta gaur egun datuekin neur daiteke.

Bartzelonan, telefono mugikorren datuak, erroldakoak eta mapetako informazioa konbinatuta, neurtu da zerbitzuetarako irisgarritasunak nola baldintzatzen duen auzoen arteko mugikortasuna. Oro har, jendea hezkuntzarako eta merkataritzarako irisgarritasun hobea duten auzoetara mugitzen da. Baina auzoz auzo eragina aldatu egiten da, baita zeinuz ere, eta ez dator bat muga administratiboekin. Elikadurarako sarbide desberdina da mugikortasun txikiagoarekin koherentzia handienaz lotzen den faktorea. Azterketak, gainera, eredu horiek alokairuaren prezioekin lotzen ditu, turismoak eta gentrifikazioak markatutako testuinguru batean.

Oinez edo bizikletaz mugitzen garenean, begiradak gurutzatzen ditugu eta mugimenduak koordinatzen ditugu, eta horrek konfiantza sortzen du. Gidatzean, aldiz, estresa eta etsaitasuna nagusitzen dira

Helsinkin egindako beste ikerketa batek ñabardura garrantzitsu bat gehitzen du: auzo bat ez da "15 minutukoa" guztientzat, ezta beti ere. Oinez ibiltzeko abiadura, urtaroa (lehorra edo negua) eta eguneko ordua kontuan hartuta, oinarrizko egoeran biztanleen %93k du supermerkatu bat oinez 15 minutura. Egoerarik txarrenean (adineko pertsona, negua eta goizeko lehen orduak), adinekoen %34k baino ez. Faktore bakoitza bere aldetik hartuta, zerbitzuen ordutegiak du eraginik handiena.

Deustuko Unibertsitateko DeustoTech zentroan egindako nazioarteko inkesta batek (650 pertsona, 19 hiri-zerbitzu) beste galdera bat egin zuen: zer onartzen dute herritarrek benetan? Emaitzek hiru profil bereizten dituzte: hurbileko zerbitzuetara oinez joatea nahiago dutenak, distantzia laburretan oinez eta autoz ibiltzen direnak, eta garraio motorizatuaren menpe daudenak. Auzoko dendak, berdeguneak, jolastokiak eta garraio publikoaren geltokiak 15 minutu baino gutxiagoan oinez iristeko modukoak dira guztientzat. Lantokia eta unibertsitatea, aldiz, 15 minututik gorako eta garraio motorizatuko helmugak dira beti, baita ospitaleak eta zahar-etxeak ere. Hurbiltasuna, beraz, ez da nahikoa: lana eta zerbitzu espezializatuak non kokatzen ditugun ere aldatu behar da. 

Etxea erosterakoan, beraz, gaur egungo gure buruari ez ezik, 20 urte barrukoari ere begiratu behar diogu. Eta hor datuek asko dute esateko: mugikortasun urbanoaren ikerketan garatzen diren irisgarritasun-ereduei esker, auzo bat ebalua daiteke bertan bizitzea erabaki aurretik.

Bizilagunak eta natura: iragarkian agertzen ez diren aktiboak

148 ikerketa eta 300.000 pertsona baino gehiago bildu zituen meta-analisi baten arabera, harreman sozial sendoak dituztenek %50 aukera gehiago dute bizirauteko; tabakoa bezalako arrisku-faktore klasikoen pareko efektua da. Auzoak ez ditu bere horretan lagunak sortzen, baina topaketarako aukerak biderkatu edo murriztu egiten ditu: plazak, auzoko dendak, itzalpeko bankuak, oinez joateko moduko ikastetxeak...

Natura hurbila da beste aktibo handia. Ingalaterran ia 20.000 pertsonarekin egindako ikerketa batek aurkitu zuen astean gutxienez 120 minutu natura-inguruneetan ematen zituztenek osasun hobea eta ongizate handiagoa adierazten zutela, izan txango luze baten bidez lortuta, izan hainbat paseo txikitan lortuta. Parke, ibai edo mendi baterako oinezko distantzia, beraz, osasun-aldagaia ere bada, ez aisialdikoa soilik.

Erresilientzia: auzoa sistema sozioekologiko gisa

Hiri bizigarrien sailkapenek batez bestekoak neurtzen dituzte, baina bizigarritasuna ez da ez estatikoa, ez unibertsala. Bizi-zikloan zehar aldatu egiten da: seme-alabak hazten direnean, erretiroa hartzean, mugikortasuna galtzean edo bakarrik bizitzera igarotzean, beharrak ere aldatzen dira. Eta ingurumen-mugak ditu: muturreko fenomeno klimatikoak maizago eta bortitzagoak izango dira, eta azpiegitura zahartuek eta hornidura-kate hauskorrek ahultasuna areagotzen dute. Hiriak, aldi berean, klima-aldaketaren biktima eta eragile dira.

Auzo anitz, berde eta oinezkoentzako egokia ez da atseginagoa soilik: ezustekoei aurre egiteko tarte handiagoa du

Sistema sozioekologikoen ikuspegitik, horrek bi irakaspen uzten ditu etxe bila dabilenarentzat. Lehenik, erresilientzia soziala da: elkar ezagutzen duten bizilagunek elkarri abisatzen diote, elkar zaintzen dute eta baliabideak partekatzen dituzte. Bigarrenik, fisikoa eta ekologikoa da: zuhaitzek eta berdeguneek udako tenperatura jaisten dute eta euri-ura xurgatzen dute; erabilera-nahasketak eta oinez eskura dauden zerbitzuek autoarekiko mendekotasuna murrizten dute energia garestitzen denean. Auzo anitz, berde eta oinezkoentzako egokia ez da atseginagoa soilik: ezustekoei aurre egiteko tarte handiagoa du.

EAE eta enpresentzako irakurketa

Ez dago urrutira joan beharrik ideia hauek praktikan ikusteko. Gasteiz Europako Hiriburu Berdea izan zen 2012an, neurri handi batean Eraztun Berdeari esker; gaur egun 1.000 hektarea inguru ditu azpiegitura berde horrek. Superetxadiak ardatz hartuta, hiriko mugikortasun-planak trafikoa berrantolatu zuen barruko kaleak askatzeko. 2006tik 2014ra, autoak eta motoak joan-etorrietan zuten pisua %36,9tik %24,7ra jaitsi zen, eta bizikletarena %3,3tik %12,3ra igo.

Euskal enpresa-ehunarentzat, ikuspegi horrek hiru ondorio ditu:

  • Talentua erakartzea eta atxikitzea. Bizilekuaren kalitatea eta joan-etorriaren iraupena soldata emozionalaren parte dira. Lantoki baten kokapenak baldintzatzen du langileak non bizi ahal izango diren.
  • Lanerako mugikortasuna. Lantokia da 15 minutuko hiritik kanpo geratzen den helmuga nagusia. Enpresen kokapen-erabakiek eta mugikortasun-planek, beraz, eragin zuzena dute langileen ongizatean eta produktibitatean.
  • Inbertsioa eta higiezinak. Sustatzaileek, finantza-erakundeek eta aseguru-etxeek irisgarritasun-, berdegune- eta klima-arriskuen adierazleak txerta ditzakete aktiboen balorazioan.

Sinatu aurretik egin beharreko galderak

Zientziak ezin digu esan zein kaletan bizi, baina bai zer galdera egin hipoteka sinatu aurretik:

  1. Zenbat denbora emango dut egunero joan-etorrietan, eta nola? Hobe 20 minutu oinez 20 minutu auto-ilaran baino.
  2. Zer egin dezaket oinez 10-15 minututan? Ikastetxea, osasun-etxea, elikadura-dendak, garraio publikoa...
  3. Zenbat trafiko dabil nire kalean? Bisitatu egunaren ordu desberdinetan.
  4. Non dago natura-gune hurbilena? Oinez iristeko moduko parke, ibai edo mendi bat.
  5. Ba al dago auzo-bizitzarik? Jendez betetako plazak, tokiko merkataritza eta auzo-elkarteak, kasu.
  6. Balioko al dit auzo honek 20 urte barru, neguan eta goizeko zazpietan?

Handiagoa den eta urrunago dagoen etxe batek inbertsiorik onena dirudi askotan. Ebidentziak iradokitzen du, ordea, familia askorentzat aktiborik onena denbora, osasuna eta bizilagunak itzultzen dizkien auzoa dela.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain