Olatuz olatu

Gero eta gehiago dira surf egitera animatzen direnak. Haur zein heldu, uda honetan ere surf eskoletan ez da ikaslerik falta izan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Taularen gainean olatu artean dabilena maiz ez da ohartzen kirolik zaharrenetariko bat praktikatzen ari denik. Duela 500 urte baino gehiago hasi ziren Hawaiin ‘he ‘e nalu’ deitzen ziotena egiten, euskarara itzulita olatuen gaineko irristatzea litzatekeena praktikatzen. XX. mendean etorri zen, hala ere, surfaren ospea, Hawaiiko turista eta militar estatubatuarren interesa piztu baitzuen, eta Kalifornia zein Australiako kostaldean hasi baitziren praktikatzen, gero beste herrialde batzuetara hedatuz.

1950 eta 1960ko hamarkadetan gertatu zen hori. Orduan, oholak egur trinkoko objektu handiak ziren, eta surfa praktika erraza zen. Geroago, zailagoa bihurtu zen, olatu handietako surf modernoa hasi baitzen, akrobazia eta mugimenduetan oinarritzen dena. Era berean, taulak ere arinagoak eta tamaina txikiagokoak izatera igaro ziren.

Egun, ia mundu osoan praktikatzen den kirola da surfa, nahiz eta taula fabrikatzailerik ospetsuenak Australian, Hego Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan dituzten beren egoitzak. Bidaiariek surf egiteko gehien eskatzen dituzten helmugen artean, berriz, Australia eta Asiako hego-ekialdea daude.

Surfa Euskal Herrian

Ez da kasualitatea surfa Euskal Herrira ere iristea, kirol hori praktikatzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen baititu euskal kostaldeak. Alde batetik, herria itsasora ohituta dago, eta, bestetik, olatu tamainak ere surferako aukera eskaintzen du.

Claude Durcudoy, Claudet ezizenez ezagun egin zen surflaria, eta bere lagunak izan ziren 1950eko hamarkadan euskal kostaldean surfa ezagun egin zutenak, eta Euskal Herria surfaren norako bilakatu zen Europa mailan. Ondoren, 1980ko hamarkadan hasi ziren lehen lehiaketak Euskal Herrian, eta nazioarteko surflarien arreta piztu zuen.

Surfa praktikatzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen ditu euskal kostaldeak

Orduz geroztik surfaren praktika handituz joan da, eta egun, Euskal Herriko hondartza bat baino gehiagotan ohikoa den praktika da. Mundu mailan ospea lortu du, esaterako, Mundakako surf lehiaketak eta Zarauzko hondartza, Donostiako Zurriola, Bakioko hondartza edota Miarritzekoa ere surflariz beteta ikus daitezke.

Hala, Aritz Aranburu, Axi Muniain, Leticia Canales, Natxo Gonzalez edota Garazi Sanchez bezalako surflariak ditugu Euskal Herrian, mundu mailako txapelketak irabazten dituzten surflari ezagunak. Baina, surflari orok dio, lan handia dagoela garaipen horien guztien atzetik.

Ezagutzaren beharra

Moda kontua ere bada surfa, janzteko era bat, orrazkera bat, bizitzeko modu bat. Surfean jakitea, ordea, ez da hain erraza. Hala diote euskal surf eskoletako arduradunek. Itsasoko korronte, marea, haize edota olatuen inguruan gutxieneko jakintza izatearen beharra azpimarratu dute, baina, ikasi nahi duenarentzat aholku bat ere badute: “pazientzia izatea ezinbestekoa da surf egiten ikasteko”, diote, “ezinezkoa baita egun batetik bestera ikastea”. Garbi diote onena surf egiteko eskola egokia aukeratzea dela, adituen eskutik beharrezko guztiaren ezagutza lortu ahal izateko.

Bestelakoan, olatu motak ikastea ere garrantzitsua dela diote. Hasiera batean abiadura handiegirik eskatzen ez duten olatu leun eta tamaina txiki samarrekoak aukeratzea gomendatzen dute, taula gainean lehen zutitzea konplikatuegia izan ez dadin. Lehen zutitze horretarako, lehendabizi uretatik kanpo praktikatu beharko dela azaldu dute, itsasotik kanpo zenbat eta gehiago praktikatu, uretan zutik era egoki batean jartzea errazagoa izango delako. Hurrengo pausoa da olatuaren atalak ezagutu eta olatua era egoki batean hartzea. Maniobrak eta trikimailuak, berriz, azkenengorako utzi behar dira.

“Uda partean, bereziki, adin guztietako ikasleak izaten ditugu, askok zerbait berria probatzeko gogoa izaten dute eta surf egitera animatzen dira”

Adinak, berez, garrantzirik ez duela adierazi dute surf eskoletan. Are gehiago, ikastaroetan ume askok izena ematen badute ere, helduak ere animatzen direla diote: “uda partean, bereziki, adin guztietako ikasleak izaten ditugu, askok zerbait berria probatzeko gogoa izaten dute eta surf egitera animatzen dira. Guk ikasi beharreko gako guztiak irakasten dizkiegu euskal kostaldean zehar banatuta ditugun 20 surf eskoletan”. Hala, uda honetan ere, surf eskoletan ez dute lan faltarik izan.

Surf egitera edota ikastera eraman beharreko gauzen artean, berriz, neoprenoa, taula, berari lotzeko soka eta eguzkitako krema leudeke ezinbestekoen artean. Garrantzitsuena, hala ere, olatuz olatu ibiltzeko irrika da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK