Oliba olioaren prezioa goranzko joeran

Pasa den urtean oliba olio birjina estraren prezioa % 42 igo zen. Nolanahi ere, egoera ikusita, aurten olioaren prezioa altua izaten jarraituko duela aurreikusten da

Jaenen ekoizten da mundu mailako oliba olioaren % 30 baino gehiago | Argazkia: iStock Jaenen ekoizten da mundu mailako oliba olioaren % 30 baino gehiago | Argazkia: iStock

Oliba olioaren uzta bilketa urritik otsailera ematen da. Behin amaituta, aurtengo bilakaeran aurreikuspena egiteko garaia iritsi da; izan ere, produkzioaren balantzea egin eta nolako urtea datorren finkatu beharra dago. Euskal Herrian, bilketa Arabako Errioxan eta Nafarroan bukatzen da lehen, eta Mikel Izagirrek, Lantziegoko Erroiz olio-dolareko jabeak, aurten espero baino hobea izan dela jakinarazi du, nahiz eta normaltasunetik urrun egon oraindik: “Bi urteetako lehorte honek uzta murrizketa handi bat eragin du”. Agerikoa denez, Espainiako hegoaldean jasaten ari diren lehorteek ez dute egoera hobetzen laguntzen; izan ere, oliba ekoizleen arabera, inoizko uztarik txarrenetakoa eman da.

Pasa den urtean oliba olio birjina estraren prezioa % 42 igo zen. Nolanahi ere, egoera ikusita, aurten olioaren prezioa altua izaten jarraituko duela aurreikusten da. “Prezioak igoko direla uste dugu, batez ere gutxi dagoelako, eta salmenten erritmoa jaisten ez delako”, adierazi du Izagirrek. Antza, prezioak igotzen diren bitartean, eta salmenten erritmoa geratzen ez den heinean, igoera mantendu egingo da.

Oro har, prezioa finkatzeko faktore asko kontuan hartu behar dira. “Gu ekoizle txikiak gara, eta bezero zuzenekin egiten dugu lan. Beraz, gure prezioak egonkorragoak dira edo hala izaten saiatzen gara”, esan du Izagirrek. Hala ere, badago beste merkatu handi bat, hots, supermerkatuekin edo saltzaile handiekin lan egiten dutenena, eta horiek beti dabiltza “jolas” desberdinetan: zer prezioetan erosi, nola mugitu, nola botilatu, zer markarekin atera… “Errentagarriena” dena bilatzeko xedez. Erroizek, aldiz, prezio bat jarri eta urtean zehar mantentzen du, bere jabearen arabera, merkatu handiaren “jolas” horretan ez daudelako.

Mikel Izagirre: “Gu ekoizle txikiak gara, eta bezero zuzenekin egiten dugu lan. Beraz, gure prezioak egonkorragoak dira, edo hala izaten saiatzen gara”

Bestalde, olioaren prezioa finkatzeko, kontuan hartu behar da Espainia hegoaldeko egoera, batez ere, Jaengoa; Jaenen ekoizten da mundu mailako oliba olioaren % 30 baino gehiago, eta han daude olio ekoizle eta marka handiak. Aurten Jaenen uzta eskasa izan da. Gainera, Espainiako estatuak munduko oliba olioaren % 70 ekoizten du; beraz, uzta txarrak izaten jarraitzen duen heinean, prezioek goranzko joera izaten jarraituko dute. “Ekoizle lurraldeak ez gara hainbeste, eta Jaengo probintziak % 30etik gora bakarrik sortzen baldin badu, ez dago munduan hainbeste oliorik”, ohartarazi du Izagirrek. Gainera, nazioartean gero eta eskaera handiagoa dago; oliba olioa inoiz erabili ez duten herrialde askok orain eskatzen ari dira. Berebiziko erronka da hori: estatu mailan ekoizten den olioaren ekoizpen maila asko jaitsi baita, eta horrela, prezioak gora egiten jarraitzen dute.

Oliba olioaren sektorea oso zaharra da, eta bere pisua kalkulatzea ez da erraza, balio katea handia delako; baina kalkulatzen da estatuko BPGaren % 3 inguru izan litekeela. Espainian oliba olioak garrantzia handia du; izan ere, 350.000 nekazari aritzen dira produktuaren laborantzan. Halaber, sektore oso atomizatua da; hau da, sektoreak ekoizpen sistemak moldatu ditu, orain autonomogoak dira, batez ere, landaketa motari dagokionez; izan ere, gaur egun, lanaren % 90 makineriak egiten du. “Orain badaude landatzeko modu batzuk oso intentsiboak direnak, eta baliabide asko erabiliz funtzionatzen dutenak”, dio Erroiz dolareko arduradunak.

Espainiako estatuak munduko oliba olioaren % 70 ekoizten du; beraz, uzta txarrak izaten jarraitzen duen heinean, prezioek goranzko joera izaten jarraituko dute

Uzta txarrak prezioen igoera azaltzen du. Baina prezioen bilakaera ulertzeko beste faktore batzuei ere erreparatu behar zaie; adibidez, nola saltzen duen estatuko industriak olioa. Espainian produkzioaren % 80 inguru esportatzen da. Historikoki Espainiak ontziratu gabe esportatu du bere olioa (granelean). Zer esan nahi du horrek? Besterik gabe, beste batek ekoiztutako olioa erostea, baina norberaren markarekin saltzea: “Adibidez, norbaiti Erroizeko olioa saldu eta bere markarekin saltzen du. Erosketa hori granelean egiten da”. Normalean, granelean olioa kiloka saltzen da. Esate baterako, Italia da Espainiari gehien erosten dion herrialdea; hau da, Espainiari granelean erosi, ontziratu eta gero berea balitz bezala saltzen du prezio altuagoan.

Oliba olioa Euskal Herrian

Nekazal elikagaien industriaren pisua asko aldatzen da erkidegoaren arabera; esate baterako, Andaluzian eta Extremaduran pisua askoz handiagoa da. Euskal Herriaren kasuan, Nafarroako hegoaldea da ekoizle garrantzitsuena, eta Arabako Errioxan, ardoaren indarra dela eta, olioa ekoizten jarraitzen dutenak oso gutxi dira.Hala ere, poliki-poliki sektorea indartzen ari da, eta bertan murgilduta Erroiz enpresa aurki daiteke. Bere olibondoetatik, eta herriko beste nekazari batzuen olibekin oliba olio birjina estra ekoizten dute, Arroniz barietatea erabiliz olioak sortzeko.

Olibondoak Etxemaduran | Argazkia: iStock
Olibondoak Etxemaduran | Argazkia: iStock

Dena den, prezioetan desberdintasun handiak aurki daitezke Europan. Herrialde askotan, hemen ez bezala, oliba olioa ez da masazko kontsumorako produktua; horretarako, beste produktu batzuk erabiltzen dituzte (hala nola koipe begetalak, gurina…). Oliba olioa atzerrian nahiko ondo kontsideratuta dagoen produktua da: “Han beste maila bat dauka, oliba olioa goi mailako produktua bezala hartzen dute, eta, hemen, aldiz, egunerokotasunean erabiltzen den produktua bezala hartzen dugu”. Ondorioz, Espainiako oliba olio ekoizleek gehiago irabazten dute atzerrira salduta (hobeto onartzen dutelako), eta horrek ere prezioen igoera azaltzen du.

Euskal Herriaren kasuan, Nafarroako hegoaldea da ekoizle garrantzitsuena, eta Arabako Errioxan, ardoaren indarra dela eta, olioa ekoizten jarraitzen dutenak oso gutxi dira

Aurten eta hurrengo urtean prezioak behera egitea zaila ikusten den arren, ezinezkoa da jakitea zer gertatuko den. “Salmentak egonkortzen baldin badira, prezioak berriro jaistea harrituko lidake”, dio Izagirrek. Halaber, Erroiz Olioen jabeak aurreratzen du ekoizle lurraldeetan landaketa garrantzitsu batzuk emango direla, eta prezioei begira, ikusteko dago horiek nola eragingo duten.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK