Opor osteko depresioa?

Oporretatik lanera itzulerak nekea, antsietatea eta zorigaitza eragin ditzake eta uste baino ohikoagoa da, adituen arabera

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Zer moduzkoa ari da izaten oporretatik lanerako itzulera? Duela ez asko, agian astebete baino gutxiago, baliteke oporretan egon izana, hondartzan edo landan deskantsuan, lagunekin kalean edota urruneko lurralderen bateko kultura eta natura esploratzen. Hala egon izana espero dut edo, behintzat, oporrak disfrutatu izana, funtsezkoak baitira bizimodu osasungarri baterako.

Orain, lanean ariko zara berriro, ikasturte berria hasita, errutina martxan jarrita. Halako aldaketa batek nekea, antsietatea eta zorigaitza eragin ditzake. Opor osteko depresioa esamoldea horretarako sortu zen, eta ez alferrik, adituen arabera uste baino ohikoagoa baita.

Sara Amenabar psikologoak dio, oporren ostean errutinara bueltatzea tokatzen zaigula eta horrek egokitzapena eskatzen duela. Gehienetan ez da "depresio" bat izatera heltzen, normalean egokitzapen prozesuan ematen den arazo edo zailtasuna izaten baita. Azaldu digunez, deskantsatzeko eta gozatzeko denbora izan ondoren, gure ardurak, ordutegiak edota ohiturak berreskuratzea zaila egiten zaigu eta, okerrenean, depresioa izatera iris daiteke.

Sara Amenabar: “Deskantsatzeko eta gozatzeko denbora izan ondoren, gure ardurak, ordutegiak edota ohiturak berreskuratzea zaila egiten zaigu eta, okerrenean, depresioa izatera iris daiteke”

Halako egoera batera iristeko arrazoi ugari egon daitezkeela dio, baina normalean lan arloarekin zerikusia izaten duela: lanpostua gogoko ez izatea, lankideekin ditugun harremanen kalitate eskasa, edota eguneroko errutinarekin aspertuta sentitzea. Halakoetan, eta orokortasun batean hitz eginda, tristura, estresa, antsietatea, lanean hasi aurretiko nekea, lo egiteko ezintasuna, eta kontzentratzeko zailtasuna izan ditzakegula baieztatu digu Amenabarrek. Baina, argi dio, tristuran eta halabeharrean erortzea erantzun normala dela, gizatiarra, eta sinetsi ala ez, denok dugula une zail horri edo benetan nahi ez dugun beste edozein egoerari nola aurre egin aukeratzeko gaitasuna. Horretarako, ordea, garrantzitsua litzateke norbere burua ondo ezagutzea, hala gorputzak emandako seinaleak entzun eta kontuan hartu ahal izateko.

Sara Amenabar: “Norbere burua goxotasunez zaindu beharra dago. Egin dezakegun hoberena geure burua lehenengo lekuan ipintzea da”

Horra hor Sara Amenabar psikologoaren aholkurik handiena: norbere burua goxotasunez zaintzea. Bere ustetan, ez dago guztioi balioko digun erantzun zuzenik eta, beraz, egin dezakegun hoberena geure burua lehenengo lekuan ipintzea da. ‘Zein ekintza gustatzen zaizkit?’; ‘Zer egin dezaket une honetan lasaiago sentitzeko?’; edota ‘Nola antolatuko naiz?’ bezalako galderak norbere bururi egitea oso garrantzitsua dela azaldu du. Hori bai, betiere bakoitzak bere erritmoa errespetatu behar duela dio, pixkanaka pausoak emanez. Horrez gain, laguntza eskatzeko beldurrik ez izatea ere ezinbestekoa dela dio.

Sentsazio kontua

Lanera itzulera beti egoera zail eta sentsazio txarrekin lotzen bada ere, Sara Amenabar psikologoak azaldu du sentsazioak aldatu egiten direla pertsona batetik bestera eta oporretatik itzulera guztiek ez dutela zertan txarrak izan behar. “Norbanako bakoitzak bizipen eta sentsazio ezberdinak izaten ditu egoera baten aurrean. Oporretatik pozik eta indarberrituta itzuli gaitezke, deskonektatzeko aukera izan dugulako eta orain errutina beste energia batekin hasi nahi dugulako. Aldi berean, oporrak ez dute zertan beti zoragarriak izan behar. Pertsona batzuk bakardadearekin egiten dute topo eta nahiago izaten dute lanean egon. Dena da posible”, azaldu digu adituak.

Ikusi, beraz, oporretatik lanerako itzulerak pertsona bakoitzarengan izan ditzakeen ondorio ezberdinak. Eta, horren aurrean, oporrak era batekoak zein bestekoak izanda ere, psikologoak egiten digun proposamenen artean, oporretatik bueltari norabide positiboa ematea: “Oso baliagarria eta motibagarria izan liteke egoera berriak dakartzan gauza eta aukera on guztiak kontuan hartzeko denbora bat hartzea. Has ditzakegun proiektu guztiak aztertzeko denbora bat hartu beharko genuke egunero. Horrek ez du esan nahi iragana erabat ahazten dugunik, baina ahalegin handiagoa egiten dugu etorkizuna nola kudeatu jakiteko, positiboki pentsatzeko erabaki kontzienteen bidez. Izan ere, pentsamendu positiboa da guztiok dugun tresnarik indartsuenetako bat”.

Sara Amenabar: “Oso baliagarria eta motibagarria izan liteke egoera berriak dakartzan gauza eta aukera on guztiak kontuan hartzeko denbora bat hartzea”

Aholkuak aholku, Amenabarrek argi du gaur egun lan-munduan dagoen presioa handiegia dela, arau asko daudelako eta langileek iritzia emateko edo zerbaitetan parte-hartzeko aukera gutxi izaten dituelako. Gaizki egiten dena seinalatzeko joera bai, baina ondo egindakoak ahaztekoa ere badagoela dio. Ondorioz, kalitatezko erlazioak bermatzeaz gain, gakoa errespetuan oinarritutako komunikazioa lantzean dagoela uste du. Orokorrean, dio, bizitzako arlo guztietan ardura emozionalarekin jokatuko bagenu, oporren osteko sindromea ez litzateke horrenbeste aldiz azalduko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK