• LAN ETA BIZI
  • Panpi Olaizola (Piper ekoizlea Ezpeletan): "Egokitu behar dugu, kalitatea eskainiz beti"

Panpi Olaizola (Piper ekoizlea Ezpeletan): "Egokitu behar dugu, kalitatea eskainiz beti"

Aurtengo uztaren datua urte amaieran ikusiko bada ere, ona izatea espero du Ezpeletako piperraren sindikatuko presidenteak

Panpi Olaizola, Ezpeletako piperraren sindikatuaren presidentea | Argazkia: Franck Dolosor
Panpi Olaizola, Ezpeletako piperraren sindikatuaren presidentea | Argazkia: Franck Dolosor
Kazetaria
2025eko urriaren 25a - 05:30

Gaur eta bihar piperraren urteroko besta handia ospatuko dela-eta Ezpeletan, Panpi Olaizola lanean aritu da azken asteetan buru-belarri. Ezpeletako piperraren sindikatuaren presidenteak 24 hektareako eremuan lan egiten du eta piperraz gain, ardiak dauzka bildotsak sorrarazteko. Sagarrak, gereziak eta gaztainak ere ekoizten ditu. Bere burasoek erretiroa hartu zutelarik baserriaren segida hartu zuen duela 15 urte.

 

Aurreko urte latzen ondoren, zer moduz daude aurten Ezpeletako piper ekoizleak?

Zeruari begira gaude beti. Piperra Ameriketatik Lapurdira ekarri zuten XVII. mendean, eta geroztik bere ekoizpena hedatu da gurean. Saila egituratzen hasi zen 1983an, 2002an sormarka lortu zen eta gaur egun Ezpeleta inguruko 15 herritan 200 ekoizle inguru gara. Aurtengo uzta iraila hasieran hasi genuen, ohi baino goizago. Izan ere, hezetasunaren ondotik bero sapa jasan genuen. Oro har, pozik gaude aurtengo bilketarekin, baina ekoizle batzuek galtzeak pairatu dituzte beroarengatik. Bero egiten duelarik onddo bat garatu da, eta horrek galtzeak eragin ditu.

 

Aurtengo uzta ez da beraz hain ona? 

Kopurua zenbatekoa den ikusiko dugu urte hondarrean. Beroak loreak eta fruta txikiak erorarazten ditu, baina itxaropena dugu ona eta baikorra izatea oro har. Edozein gisaz, urte guzitan bada zerbait. Bero handiek kezka sortzen dute beti, ez baitakizu sekula zenbat iraunen ote duten. Joan den udan landak ureztatzeko salbuespen baimena eskatu genion Frantziako Gobernuari. Baimen hori lortu genuen, baina egun horretan berean euria hasi zuen, eta beraz azkenean biziki gutxi ureztatu behar izan genuen. Azken urteetan, urte guzietan arazo bat edo beste gertatzen da, eta aurten uztaila-abuztu hastapenean batzuek uztaren %30-40 galdu genuen. Kolpea da, eta horrek dudak sortzen dizkizu. Balio ote du segitzea?

20250826 101429
XVII. mendean iritsi zen piperra Ameriketatik Lapurdira. Egun Ezpeleta inguruan 200 ekoizle inguru dira | Argazkia: Franck Dolosor

Horregatik ekoizleen kopurua apaltzen da urtez urte? 

Batzuek beste lanbide bat dute ondoan eta batzuetan, azkenean, amore ematen dute zailegia baita. Uzten dutenen artean ez daude bakarrik erretiroa hartzen dutenak. Laborari horien soslaiak aztertzen ditugu. Egoera zehazki zein den hurbiletik begiratuko dugu eta ondotik aztertuko dugu zer egin. Geroari begira ondorioak atera behar ditugu hobeak izateko.

Arazoei eta aldaketei nola egin buru?

Klima aldaketa sentitzen dugu. Azken lau urteetan beroak eta idorteak izan ditugu, iaz barazuza-kazkabarra eta gero euriteak. Argi dago egokitu behar dugula. Munduan zehar jendarteak jakin du egokitzen dituen baldintzei.

Guk ere jasan behar dugu. Guk eragin txikia eta mugatua dugu, baina gure ekarpena egin dezakegu. Aldaketak bidean direnez, guk moldatu beharko dugu ahal bezain indartsuak izateko. Munduan barna diren hautetsi batzuek alimaleko diskurtsoak botatzen dituzte, baina gakoa herritarren baitan dago. Jendeek kontzientzia hartu behar dute. Gaur egun errateko ez dela deus aldatzen itsua, elkorra edo fede txarrekoa izan behar da. Iaz Valentzia aldean gertatu zena ikusi, eta bakoitzak behar ditu bere ardurak hartu. Milioika herritar mugitzen bagara zerbait aldatzen ahal dugu.

"Lan aski interesgarria egiten hasi gara Gernika, Lodosa eta Ibarrako piper ekoizleekin. Batzuek elkar ezagutzen genuen, baina lehen aldia da harreman ofizialak egia bilakatzen ditugula"

Horretarako elkarlana hasi duzue Euskal Herri osoko piper ekoizleekin... 

Lan aski interesgarria egiten hasi gara Gernika, Lodosa eta Ibarrako piper ekoizleekin. Batzuek elkar ezagutzen genuen, baina lehen aldia da harreman ofizialak egia bilakatzen ditugula. Bakoitzak gure erronkak ditugu, baina hurbiletik begiratuz gero, argi da arlo berak lantzen ditugula, eta elkarlana ona izan litekela teknologia sailean, klima aldaketa dela eta, edo iruzuarri buru egiteko. Denak pozik gaude ofizialki elkarlanean aritzeaz. Euskal Herri osoko ekoizleak ordezkatzen ditugu. Piper eztia falta dugu, sormarkarik ez baita oraindik. Dena den, loturak sortuko ditugu haiekin ere. Gure indarrak elkartzea gauza ona da. Pentsatzen dugu denok elkarrekin indar gehiago izan dezakegula. Izan ere, trukatzeek aterabideak ekar ditzakete.

Ezpeletarrek mundu osoan duzuen ospeak laguntza eman diezaieke hegoaldekoei komertzializazioan? 

Gu oso ezagutuak gara Frantziako estatuan bakarrak garelako. Horrek ainitz lagundu gaitu. Komerzialki onak izateko kalitatea eskaini behar dugu beti. Lehen etaparen ondotik elkar ezagutuko dugu, eta hori hobea da denentzat.

20250826 115947
Olaizolak 24 hektareako eremuan egiten du eta piperraz gain, ardiak dauzka bildotsak sorrarazteko. Sagarrak, gereziak eta gaztainak ere ekoizten ditu | Argazkia: Franck Dolosor

Azaro hasieran Lurrama azokan ikusiko zaituztegu... 

Ipar Euskal Herriko baserri handiena Miarritzeko erakustazokan ezartzen dugu hiru egunez, aireportuaren ondoan. Aurten, azaroaren 7, 8 eta 9an egingo da. Hirigunean antolatzen dugu, bertan bizi baita jende gehiena. Helburua da erakustea barnealdean zer laborantza daukagun eta zein nahi dugun: herritik hurbil dagoena, ingurumena eta herritarrak errespetatzen dituena. Hitz baten: laborantza jasangarria sustatu nahi dugu. Lurramak balio du laborariak eta ekoizleak ezagutzeko, kontsumitzaileekin solas egiteko eta eztabaidatzeko ere bai.

Lurrama baino lehen zure herrian, Ezpeletan bertan, ikusiko zaitugu asteburu honetan, ezta?

Milaka lagun biltzen dituen piperraren bestak ainitz ekarri digu, batik bat ospe handia munduan barna. Gaur egun ekoizleek salmentak bestalde ere egiten dituzte, beraz, batzuk gutiago doaz azoka horretara. Harreman zuzena dugu publikoarekin, erosleekin eta biharko kontsumitzaileekin. Asteburu osoan piperraren etxea zabalik egongo da, eta bihar Ezpeletan izanen dira Lodosa eta Gernikako lankideak. Dastaketak proposatzeaz gain, gure burua ezagutaraziko dugu.