Plazer krematsua

Uda betean, izozkia da arrakasta gehien duen produktuetako bat

Argazkia: Shutterstock Argazkia: Shutterstock

Izozkia, udako bero-sentsazioa murrizteko bereziki pentsatutako plazer krematsu eta zapore bizikoa da. Euskal Herria tenperatura altuengatik nabarmentzen ez bada ere, euskaldunok ere mokadu fresko zaleak garela esan liteke, egoera horixe erakusten dute, egunotan behintzat, gure herri eta hirietako kaleek, esku ugari ikusten baitira izozkia hartuta.

Izozkia urteko edozein garaitan gehien kontsumitzen den produktuetako bat da, ez bakarrik izozki-dendetan, baita jatetxeetan, hoteletan edota kafetegietan ere. Batez ere udan, baina baita egun hotzetan ere.

Baina, zehazki zer da izozkia? Funtsean, airez eta likidoz (ura, esnegaina, esnea) osatuta dago, baina solidoak ere baditu: azukrea nagusiki, izozkiari gorputza, gozotasuna eta zaporea emateko. Frutak, fruitu lehorrak, gatz mineralak, emultsionatzaileak eta egonkortzaile naturalak ere izaten ditu, hala nola, algarroba-irina edo agar-agarra. Dena nahastu, pasteurizatu eta mantekadoreetan izozki bilakatzen da.

Izozkia, funtsean, airez eta likidoz (ura, esnegaina, esnea) osatuta dago, baina solidoak ere baditu: azukrea nagusiki, gorputza, gozotasuna eta zaporea emateko

Izozkigileen lana artea dela esaten duenik ere bada, oinarri bera izanagatik ere, izozki bakoitzak bere estilo, formula eta zapore enblematikoa dituelako. Eta hori hein handi batean izozkigilearen meritua da, beren sorkuntza, azukrea, koipea eta zaporearen intentsitatea kontrolatzen baitituzte, eta kimikaz, zenbakiez eta kudeaketaz baitakite. Beganoak, intoleranteak, zeliakoak edo diabetikoak zaintzen ere badakite eta ongi baino hobeto ezagutzen dituzte tokiko gustuak. Beren mundua artisautza da, zientzia.

Mihi ororentzako zaporeak

Beste gauza askorekin gertatu bezala, izozkigintzaren sektorea ere aldatuz doa urteak pasa ahala. Gero eta errazagoa da zapore ugariko izozkiak aurkitzea, gutxien espero ditugunak ere bai. Hala, milaka forma eta koloretako izozkiak aurki ditzakegu.

Hala ere, izozki tradizionalak dira oraindik ere arrakastarik handiena dutenak. Hala diote euskal izozkigileek, marrubi, txokolate eta banillazko izozkiak direla Euskal Herrian gustukoen ditugun zaporeak: “Ohitura batzuk ez dira inoiz aldatzen. Marrubizko izozkiaren kasuan, frutaren azido ukitu arinak eta prestatzeko teknikaren gozotasun eta leuntasunak, hiru zapore gogokoenen artean egotea eragiten du. Txokolatea, berriz, bere esne eta mikatz ukituarekin, ahosabai guztien gustukoa da oraindik. Banillazkoa, klasikoena, gozogintzako aromatizatzaile gogokoena da, eta esnearekin nahasteak ukitu berezia ematen dio izozkiari”, azaldu dute izozkigileek.

Era berean, jogurt, esnegain, limoi, kafe edota hur zaporeko izozki klasikoek ere arrakastatsuenen artean jarraitzen dute.

“Marrubi, txokolate eta banillazko izozkiak dira Euskal Herrian gustukoen ditugun zaporeak”

Baina, tradizionalez haratago, zapore berriak ere aurki ditzakegu. Euskal izozki-dendetan argi dute oreo, gaileta, kinder edota txokolate zuria direla gehien saltzen dituzten zapore berriak. Zapore arruntak edo esperotakoak horiek, baina arraroagoak ere aurki daitezke, tartean, paella, zainzuri, tortilla edota mostaza zaporekoak. Azken horiek ez hain arrakastatsuak.

Izozkigileen arabera, eguraldiak ere eragina izaten du zaporea aukeratzerako garaian. Bero handiko egunetan, gehiago saltzen dituzte zapore arinak, limoia, marrubia, txokolatea edota jogurta kasu. Halakoetan, kinder edota oreok arrakasta galtzen dutela azaldu dute, pisutsuagoak direlako. Bestela, momentuak ere badu eragina; gauean, esaterako, gintonic zaporea ere eskatzen diete, egunez arrakastarik ia ez badu ere. Eta izozki gehien saltzen duten uneei buruz galdetuta, Donostian argi dute Aste Nagusia dela lanik gehien izaten duten astea, ohitura bilakatu baita su artifizialak ikusi bitartean izozkia jatea.

“Zintzotasunean, formulan, kalkulatzen jakitean, pentsatzean, ordezkatzean, gehitzean eta ezabatzean dago sekretua”

Era berean, izozkiekin engainatzea erraza dela aitortu dute, aromen erabilera, kolore artifiziala eta aurrez prestatutako produktuak erabiltzen direlako askotan. Hala ere, euskal izozki-dendak serioak direla uste dute eta denbora eta maitasun prozesuen emaitza ongi islatzen dutela diote. Zintzotasunean, formulan, kalkulatzen jakitean, pentsatzean, ordezkatzean, gehitzean eta ezabatzean baitago sekretua, eta euskal izozkigileek ezin hobeto ezagutzen dute sekretu hori. “Azukreaz jabetzen gara, gantz-materiaz ere bai, baina gehiegikeriarekin egin gabe. Azkenean, kapritxo bat da, gozatzeko egiten den kapritxoa, sufritzeko hobe da ura jatea”, azaldu dute barre artean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK