Sonia Guinea 33 urteko iruindarrak Tu Boda con Sonia sortu zuen 2024 urtean. Proiektu eta erronka pertsonal bezala hasi zen: “Ezkontza batzuk aurretik antolatu nituen eta ia konturatu gabe egin behar diren kudeaketa guztiak egin nituen. Lan hori egiterakoan konturatu nintzen lehen aldiz benetan izugarri gustatzen zaidan zerbait dela".
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Esperientzia horren bitartez, bikote askok modu berezi eta pertsonalean ezkondu nahi zutela ikusi zuen: "Beste ezkontza batzuk kopiatu edo zirku bat antolatu ordez, beste zerbait nahi zuten. Horretarako, prozesu osoan zehar patxadaz lagunduko zituen norbait behar zuten". Behar horiek ikusi ostean, ekimenaren filosofia zehaztu zuen: arima, patxada eta asmoa dituzten ezkontzak.
Hazkunde jasangarria helburu
Iruindarra bakarrik hasi zen: “zazpi ezkontza antolatu nituen lehen urtean”, esan digu. Egindako lanari esker, esperientzia hartu du eta "gero eta bikote gehiago iritsi dira gurera". Gaur egun, talde bat dira eta urtean 15-30 ezkontza inguru antolatzen dituzte.
Guineak adierazi du proiektua “modu naturalean eta oso zainduta" hazi dela. “Talde txiki bat gara, eta kide berriak prestatzen jarraitzen dugu. Gure funtsa galtzen ez dugula ziurtatzen saiatzen gara, ahalik eta bikote kopuru handienera iritsi ahal izateko”, gehitu du wedding plannerrak. Horrez gain, “gure nortasunaren ezaugarrietako bat da urtean egiten dugun ezkontza kopurua mugatzen dugula, bikote bakoitzari gure arreta eta zaintza guztia eskaintzeko", azaldu du Guineak.
Albiste on bat jaso dute aurten. Bodas.net webguneak eskaintzen dituen Wedding Awards 2026 sarietan Nafarroako irabazleen artean dago Tu Boda con Sonia. “Guretzat oso errekonozimendu berezia da, bikoteek webgune horretan partekatzen dituzten iritziei esker lortzen delako sari hau. Gure bezeroen balorazio hau jasotzea guretzat saririk onena da", esan du proiektuaren bultzatzaileak.
Bezeroaren erosotasunean oinarritutako zerbitzua
Sonia Guinea eta bere taldeak lan egiteko modua “oso zintzoa eta gertukoa” dela aditzera eman dute. Bezeroa beraiekin kontaktuan jartzeko "aldez aurretik ez dago inolako galdetegirik; nahiago dugu bikoteek euren nahiak guri kontatzea eta haien arteko historia ezagutzea. Informazioa modu horretan jasotzen dugunean, hobeto ezagutuko ditugu ezkonberriak".
Hortik abiatuta, hurrengo urratsa izaten da diseinatzea “ezkontza bat, zeinetan bikote jakin hori benetan islatuta sentitu daitekeen”. Antolakuntzaren atal horretan, “hornitzaileez, aurrekontuaz eta kronogramaz arduratzen gara, eta eguna iristen denean, hantxe gaude, bikoteak gozatu besterik egin behar ez izateko”, gehitu du Guineak.
Atlantikoaren beste aldetik ekartzen diren berritasunak
Ezkontzen antolakuntzaren sektore honetan aurkitu daitezkeen moda eta nobedadeetako askok Estatu Batuetan daukate jaioterria eta gero beste herrialdetara iristen dira. Wedding plannerraren figura bera adibide ona da.
Horren ondorioz, "gero eta zeremonia sinboliko pertsonalizatu gehiago" ikusten direla antzeman du Guineak, besteak beste: First looka, hau da, zeremonia hasi aurretik ezkongaiek lehen aldiz elkar ikusten duten unea; ezkontza aurrekoak edo welcome parties deitzen direnak; eta lagun eta familiek prestatu dituzten diskurtsoak. “Guk bikote bakoitzarekin bat datorrena hartu eta gure ospatzeko modura egokitzen dugu, hemengo esentzia galdu gabe”, zehaztu du wedding plannerrak.
Esate baterako, bere proiektuan Osasuna futbol taldearen Sadar estadioan “bere ezkontza aurrekoa egin nahiko lukeen lehen bikotearen bila” dabiltza. Gune pribatua eta enblematikoa izanik, horrelako zeremonia errealitate bilakatzeko aukera edukitzea “mugarri garrantzitsua" izango da. Helburua, hala ere, oraindik gauzatzeko prozesuan dago.
Gertutasuna negozio-ereduaren funtsa
“Era guztietako ezkontzak egiten ditugu, betiere errealistak badira eta ondo egin baditzakegu, garrasi egiteko moduko ideiaren bat proposatu digute eta!”, ziurtatu du wedding plannerrak. Ezkontza bakoitzak haren ezberdintasunak dauzka, baina kasu guztietan espazioa eta data dira gehien baldintzatzen duten elementuak. "Hortik aurrera, zeremonia, giroa eta dekorazioa bikotearen inguruan eraikitzen dira”.
Guineak eta bere lankideek “prezio pertsonalizatuen paketeekin” lan egiten dute, “ezkontza egunaren koordinaziotik hasi eta antolakuntza integraleraino, antolakuntza partziala, diseinua eta dekorazioa edo aholkularitza barne”. Horren ondorioz, bikotearekiko harremana oso hurbila da; asko "ia lagunak" izatera iristen direla aitortu du. “Ez dugu egoitza fisikorik, eta horrek dena gertuagokoa eta malguagoa egiten du”, ondorioztatu du.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta