Trenetatik gatzera: ondare industriala turismo bilakatuta

Guztira 34 bat errekurtso dira egun EAEn historia industriala kontatzen dutenak

Burdinbidearen Euskal Museoko pieza bat Burdinbidearen Euskal Museoko pieza bat

Industria da euskal ekonomiaren zutoinetako bat. Urteak —are mendeak— dira hala dela. Horrek ondare industriala balioan jartzeko errekurtso ugariren garapenera eraman ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, esaterako, eta nolabait jarduera kultural eta turistikoaren parte bilakatu dira lantegi zaharrak, minak, tren geltokiak eta bestelako leku horiek.

2018az geroztik EAEko txoko bakoitzean egindako horri sare forma ematea bilatu dute Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak eta IOHLEE Industri Ondarearen eta Herri Laneko Euskal Elkarteak. “Lehenagotik zeuden errekurtsoak ziren, eta guk lehenengo fase batean sarean jarri eta promozionatzea bilatu genuen. Hala, ondare industrialari lotutako 34 errekurtso sare batean jarri genituen”, azaldu du Iker Urcelay, Basquetourreko Produktu sailetik.

Saretze hori urte horretan garatutako plan estrategikoaren parte izan zen, baina horrekin batera halako proposamenak lantzen ari ziren zenbait lurraldetara bidaia egin zuten, tartean Alemaniako Rhur lurraldera, eta Industrialdia izeneko jarduera antolatu dute birritan, honi buruz hausnartzeko. Gainera, geroztik, Euskadi ERIH ondare industrialaren Europako ibilbidearen parte da, eta 2023ko sare horren konferentzia hartuko du. Tokia, oraindik, definitzeke.

Bidaiariak, trenera!

“ERIH horretan ondare industrialari lotutako elementu pila egoteaz gain, anchor point edo aingura puntua delakoak dituzte, nolabait zenbait toki nabarmentzen dituena”, azaldu du Urcelayk. EAEn hiru daude, lurralde bakoitzean bana: Araban, Añanako Gatz Harana; Bizkaian, Balmasedan, La Encartada Fabrika Museoa; eta Gipuzkoan, Azpeitian, Burdinbidearen Euskal Museoa. “Izena, berez, Burnibidearen Euskal Museoa da. Urolako bailaran horrela esaten zaio trenari, eta horregatik hartu genuen izena. Gainera, Urolako trenaren kartelak euskaraz zeuden.1926an, inauguratu zenean, erabaki zuten txartelak euskaraz eta gazteleraz egitea, eta hor hala azaltzen zen idatzita”, adierazi du Juanjo Olaizola museoko zuzendariak.

Bertan, euskal trenaren historia jasotzen da, hastapenetatik gaur egunera arte. “Museoaren instalazioak tren geltoki zahar baten daude kokatuta, Azpeitiko geltoki zaharrean, Ramon de Cortazar arkitektoak diseinaturikoa. Bere garaian ez zen bakarrik herri bateko geltokia, Urolako trenbidearen bihotza ere bazen. Hor zeuden bulego administratiboa, kotxetegiak eta lantegiak. Era berean, azpizentral elektrikoa ere bazen”, kontatu du Olaizolak. Hain zuzen, hiru esparru horiek bisitatu daitezke egun, lantegi originala barne, bertako tresna eta tramankulu guztiekin. “70 tren desberdin ere dira hemen: lurrunezkoak, dieselak, elektrikoak, bidaiari kotxeak... Trolebus bat ere badugu, Espainiako trolebus bakarra dena”, azaldu du zuzendariak. Horrekin batera, Europako tren erloju bilduma ere du museoak, baita uniformeena ere.

Juanjo Olaizola: “Museoaren instalazioak tren geltoki zahar baten daude kokatuta, Azpeitiko geltoki zaharrean, Ramon de Cortazar arkitektoak diseinaturikoa”

Aste Santutik azarora bitarteko asteburuetan aukera eskaintzen dute tren zahar baten 5 kilometroko ibilbidea egiteko. “Trenak ez dira jaio kontenplatzeko, bidaiatzeko edo kargak mugitzeko baizik. Horregatik, guretzat proiektuaren alderdi garrantzitsuenetako bat izan da hasiera-hasieratik gure bisitariei aukera ematea tren historikoetan ibiltzeko”, azpimarratu du Olaizolak. Urtero, 30.000 eta 35.000 bisitari inguru jasotzen dituzte.

7.000 urtez lanean

Handik 100 kilometrora dago gutxi gora behera Añanako Gatz Arana. “Munduko gatz fabrika aktibo zaharrena gara. Azkeneko 7.000 urteetan gatza ekoitzi da hemen etengabe”, azaldu du Kristina Arregi Acilu bisita gidatuetako koordinatzaileak. Gatz haranak, bere horretan, 13 hektarea ditu. “Baina sistema hidrogeologiko konplexu baten barruan gaude, 1.948 hektarea dituena”, esan du Arregik.

Milaka urteko historia horretan, “oso paisaia kultural bakana gara munduan. Egun ikusten dugun arkitektura erromatarren garaikoa da. Urte osoan zehar gaude zabalik, eta gatza maiatzetik irailera ekoizten dugu”, gaineratu du. Teknika tradizionalak erabiltzen dituzte gatz hori egiteko, eta guztira, bost mota ekoizten dituzte: Gatz Lorea, Iturburuko Gatza, Gatz Txuzoa, Gatz Likidoa eta Gatz Fina.

Gatz haranak, bere horretan, 13 hektarea ditu. “Baina sistema hidrogeologiko konplexu baten barruan gaude, 1.948 hektarea dituena”, dio Kristina Arregik

Hain zuzen, bisitariaren interesaren arabera askotariko bisita gidatuak ditu museoak. “Orokorrak ordubete irauten du, eta bisitariak aukera du ezagutzeko nola egiten den gatza egun, nola egin den historian zehar eta abar”, esan du Arregik. “Beste bat iturburuetara doa, eta Añagako gatzaga paisaia moduan ezagutzeko aukera ematen du”, adierazi du ondoren. Gatz dastaketak, errealitate birtualeko bisitak... Askotariko aukerak dira. Pandemiagatik iaz 75.000 bisitari izan bazituzten ere, aurten 100.000 inguru lortzea aurreikusi dute, 2019an 90.000 lortu zituztela abiapuntu hartuta.

Memoria historikoa

Bi adibide izanik ere, ondare industrialak duen indarra balioan jartzen dute. Lantegiek itxi edo zaharkituta geratu ondoren, “askotan ikusi da beharra fabrikak bota eta gauza berriak egiteko, aurrera egiteko modu gisa. Nire uste ez da hori egin behar. Zenbait lekuk merezi dute balioan jarri, eta jendeak ikustea zer egiten zen”, nabarmendu du Urcelayk. “Hau ere bada memoria historikoa”, gehitu du.

Burdinbidearen museora eramanda, Olaizolak adierazi du:”Burdinbideek garrantzia handia izan dute Euskal Herrikoko historia modernoan. Azken finean esaten dugu gurea gizarte industriala dela. Baina industria hori lortu genuen zentzu askotan trenari esker. Zabaldu zuen gure merkatua penintsula guztira. Langileak ere ekarri zituen. Eta gainera trena bihurtu zen gure industriaren bezero ia-ia garrantzitsuena”. Zentzu horretan, aldaketa bat nabari da. “Duela 100 urte dena kanpotik ekartzen genuen: AEB, Herbehereak, Belgika, Suezia... Egun bost kontinenteetan ibili zaitezke Euskal Herrian eginiko trenetan, CAFengatik”, gaineratu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK