• LAN ETA BIZI
  • Turismoa eta zibersegurtasuna: oporrak lasai igarotzea xede

Turismoa eta zibersegurtasuna: oporrak lasai igarotzea xede

Sektoreak astean 2.200 zibereraso jasaten ditu mundu mailan, aste honetan bertan argitaratutako datuen arabera

Argazkia: Fagor Multimedia Perspectives
Argazkia: Fagor Multimedia Perspectives
2026ko ekainaren 27a - 05:30

Sarri bezeroei zuzenean eragiten dieten erasoak dira, QR kodeen, Wi-Fi sareen edo eduki digitalen plataformen bidez gauzatzen direnak. Turismoaren digitalizazioak aurrera egin ahala, bezeroen esperientzia, konektibitatea eta datuen babesa gero eta estuago lotuta daude.

 

Turismoaren sektorea eraldaketa digital sakon batean murgilduta dago, eta horren ondorioz, hedapen digital etengabearen gazi-gozoak nozitzen ditu. Gaur egun, hotel batean ostatu hartzea ez da logela bat erreserbatzea soilik: bezeroek mugikorraren bidez egiten dituzte erreserbak, QR kodeekin kontsultatu zerbitzuak, hotelaren Wi-Fi sareetara konektatzen dira eta streaming plataformak erabiltzen dituzte gelako telebistetan. Erosotasuna eta konektibitatea irabazi arren, arrisku berriak ere agertu dira.

Check Point Researchen azken txostenaren arabera, ostalaritza, bidaia eta aisialdiaren sektoreko erakundeek batez beste 2.291 zibereraso jasaten dituzte astero mundu mailan. Azken hiru urteetan, gainera, sektorearen aurkako erasoen kopurua %122 hazi da. Izan ere, hotelak informazio ugari kudeatzen du: bezeroen datu pertsonalak, ordainketa-sistemak, bidaia-ohiturak edota enpresa-bezeroen informazioa.

 

Check Point Researchen azken txostenaren arabera, ostalaritza, bidaia eta aisialdiaren sektoreko erakundeek batez beste 2.291 zibereraso jasaten dituzte astero mundu mailan

Ander Perez Achustegi-Echate, Fagor Multimedia Perspectiveseko Business Development managerra da, eta hotel eta jatetxeen zibersegurtasuna bermatu ahal izateko geroz eta erronka gehiagori egin behar die aurre. “Aste honetan argitaratutako datuok oso altuak dira, baina kontuan izan behar da turistak inguru arrotzean izaten direla, eta ez dakitela bereizten heltzen zaien informazioa egokia edota segurua den. Ez da ezer arraroa, egunerokoan jasaten den zerbait da”, adierazi du.

Iruzurrezko QR kodeak

Zibereraso gehienak QR kodeen bitartez gertatzen dira. Iruzurrezko pegatinak jartzen dituzte iruzurgileek, bai jatetxeetako menuetako informazioaren bila dabiltzan bezeroei, bai esku-paperetan eta hoteletako beste zerbitzu-eskaintza ezberdinetan. “Hoteleko gelara sartzean, esaterako, bezeroak edozein lekutan ikusten ditu QRak. Asko hedatu da haien erabilera hotelei zein jatetxeei eskaintzen dien erosotasunagatik. Horrez gain, oso merkeak dira, eta leku guztietara zabaldu dira. Horren ondorioz, oso erraza zaie iruzurgileei kode faltsuak ezartzea”, gehitu du.

Lantaldea, euren produktuak azoka baten aurkezten | Argazkia: Fagor Multimedia Perspectives
Lantaldea, euren produktuak azoka baten aurkezten | Argazkia: Fagor Multimedia Perspectives

Delitugileek jatorrizko QR kodeak ordezka ditzakete bezeroa webgune faltsu batera bideratzeko. Bertan, erabiltzaileari banku-datuak, pasahitzak edo bestelako informazio pertsonala eskatu ahal zaio. Erabiltzaile askok ez dute susmorik hartzen, QR kodea hotelaren instalazioen barruan aurkitu eta fidagarritzat jotzen baitute. Perezen arabera, badira zenbait neurri hotelek eta jatetxeek hartu ditzaketenak, eta ez dute berebiziko inbertsioa eskatzen: zurezko QRak ezartzea adibidez. Hartu beharreko beste neurri bat QRak pantailen bidez erakustea litzateke, zenbait hotelentzat eskuragarri litzatekeena, baina ez hain erraza jatetxeentzat, kostu ekonomikoagatik.

Ander Perez (Fagor Multimedia Perspectives): “Hoteleko gelara sartzean, esaterako, bezeroak edozein lekutan ikusten ditu QRak. Asko hedatu da haien erabilera, bai hotelei, bai jatetxeei eskaintzen dien erosotasunagatik"

Beste arrisku ohikoenetako bat hotelen Wi-fi sareetan jasaten da. Bidaiari gehienek automatikoki konektatzen dituzte telefonoak, ordenagailuak edo tabletak sare horietara, askotan segurtasun-neurriei erreparatu gabe. Zibergaizkileek hotelaren sare ofiziala imitatzen duten sare faltsuak sor ditzakete. Behin erabiltzailea konektatuta, erasotzaileek datu pertsonalak lapurtu edo erabiltzailearen nabigazioa zelatatu dezakete. Adituek gomendatzen dute hotelarekin baieztatzea sare ofizialaren izena eta VPN zerbitzuak erabiltzea, ahal izanez gero. “Hotelek geroz eta gehiago eskatzen digute bezeroen datuak ahalik eta denbora gutxienean erabiltzea, eta check out egin ondoren, datuok desagertu ahal izatea", adierazi du Perezek.

IPTV plataforma

Gero eta hotel gehiagok IPTV (Internet Protocol Television) plataformak erabiltzen dituzte bezeroei esperientzia digital aurreratua eskaini ahal izateko. Telebista adimendun horien bidez, bezeroek kanal tradizionalak ikusteaz gain, streaming zerbitzuetara sartu, hotelaren zerbitzuak kontsultatu edo informazio turistikoa jaso dezakete. Hala ere, konektatutako sistema horiek guztiek zibersegurtasun neurri zorrotzak eskatzen dituzte, bezeroen datuak eta pribatutasuna bermatzeko.

Fagor Multimedia Perspectivesekoak ezinbestekotzat jotzen du tresna hori segurtasun osoz eskaintzea. Aurki, IPTV Xperience delakoak, Tayko Hotelen katean ezarriko dituzte, Donostian. Haren ustetan, segurtasun maila oso altuak eskainiko ditu. Hala ere, aipatu managerraren ustez, sektoreak kontu ugari ditu egiteke oraindik. Are gehiago, zenbait enpresek ez dituzte serio hartu mehatxuak. “Irailean indarrean jarriko den lege berri bati jarraiki, interneten bidez eskainiko diren zerbitzu guztiak segurtasun osoz eskaini beharko dira. Denbora zehatz batean konponduta izan beharko da edozein zibersegurtasun ahuldade. Gure ekipoak Internetera konektatuta daude, baina, halaber, Chorus plataformari esker, etengabe monitorizatzen ditugu ekipo guztiak. Gauza bat da Internetera konektatua egotea, eta beste bat segurtasun osoa izatea”, gehitu du.