Turismoaren azokatik, zifretara

Fitur gaurtik aurrera irekita izango da bisitari ororentzat. Askotariko herrialdeentzat erakusleihoa izateaz gain, turismoak utzitako zifrez hitz egiteko aitzakia ematen du Iberoamerikako azoka nagusiak. Baina zein puntutan dago sektorea Hego Euskal Herrian?

Fiturreko EAEko erakustokia, gastronomiaren agertoki kontzeptua helarazi nahi duena | Argazkia: Basquetour Fiturreko EAEko erakustokia, gastronomiaren agertoki kontzeptua helarazi nahi duena | Argazkia: Basquetour

Iberoamerikako turismo-azoka nagusia da Fitur. Asteazkenean hasi bazen ere —sektoreko profesionalentzat—, gaur zabalduko ditu ateak publiko orokorrarentzat. Madrigo Ifema erakustazokako zortzi pabilioiek 755 erakustoki dituzte 2023ko edizio honetan, Ekialde Hurbileko, Asiako, Afrikako, Europako, eta Ameriketako herrialdeen eskaintza turistikoarekin. Guztira 200.000 bisitari izatea espero da, horietatik 120.000 profesional eta 80.000 bat publiko orokorrekoa.

Erakustokien artean dira Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako eskaintzak. Izan ere, turismoa geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari da bi lurraldeetan. EAEren kasuan, Barne Produktu Gordinaren % 4 da, Eustaten azken datuen arabera, eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak adierazi bezala "berreskuratzen" ari da, 2019tik 2022ra %10 hazi baita urtarrila eta azaro bitarteko datuetan. 4 milioi bisitari baino gehiago jaso ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak kontuan hartuz gero, eta atzerriko bisitariak % 11,8 hazi dira, pandemian % 34 jaitsi ostean.

Nafarroaren kasuan, BPGren % 5,6 da. Azarora bitartean 1.700.000 bisitari inguru jaso zituen foru erkidegoak "erregulatutako establezimendu turistikoetan", 2019an baino % 22 gehiago. Atzerriko bisitariak % 23 inguru hazi ziren.

Gastu turistikoa

Zifra horiek, baina, zer esan nahi dute gastu turistikoari dagokionez? 2021ean 3.143 milioi euro utzi zituen EAEn turismoak, Eustaten arabera. Gastu horretan gehiena Gipuzkoan egin zuten, guztiaren % 43,4, eta lurralde honen BPGn du pisu gehien sektore horrek, % 5,2. Bizkaian, berriz, % 41,1ekoa izan zen gastua, eta gainontzeko % 10,5 Araban. Nafarroari dagokionez, aldiz, guztizko zifra ofizialik ez du eskaini Nastatek, baina atzerriko bisitariek 60 milioi euroko gastua egin zutela jaso dute.

2021ean 3.143 milioi euro utzi zituen EAEn turismoak, Eustaten arabera. Gastu horretan gehiena Gipuzkoan egin zuten, guztiaren % 43,4

2022ko datu bateratuak falta badira ere, urrira bitarteko Nafarroako Turismo Behatokiko datuek aditzera ematen dute Erriberriko gaztelua izan dela iaz bisita gehien jaso dituen Nafarroako errekurtsoa —2021ean 173.357 bisitari—. Horren atzetik, Zugarramurdiko kobak —132.700 bisitari 2021ean—, Urederraren Iturburua —88.399 bisitari 2021ean—, edo Bardeak —76.388 bisitari 2021ean— dira bisitari gehien jaso ohi dituztenak. EAEko datuei dagokienez, berriz, hedabide honek ez ditu datu ofizialak topatu, baina Donibane Gaztelugatxe, Kontxako badia, Guggenheim museoa eta Itzuruneko hondartza izan ohi dira bisitatuenen artean.

Estrategiak Fiturren

Arestian aipatu bezala, Fitur feria garrantzitsua da helmuga turistikoak saltze aldera. Nafarroaren kasuan, Agencia Evol Publicidad SAU enpresari esleitu zitzaion erakustokia egiteko kontratua, 207.899 euroko kostuarekin —azoka honetarako eta beste lauetarako—. Nafarroako iparraldeko paisaia berdeak eta basoz beterikoak ditu protagonista 500 m2ko erakustokiak. Izan ere, jasangarritasun kontzeptua nabarmendu nahi izan dutela adierazi dute Nafarroako gobernutik. Horretarako, besteak beste, material berrerabilgarriak erabili dituzte espazioa sortze aldera, askotariko pantailekin uztartuta.

Nafarroako iparraldeko paisaia berdeak eta basoz beterikoak ditu protagonista 500 m2ko erakustokiak. Izan ere, jasangarritasun kontzeptua nabarmendu nahi izan dute

EAEren kasuan, erakustokiak 900 m2ko espazioa hartzen du. Estrategiaren erdigunean gastronomia jarri dute, eta erakustokia bera gastronomia horren "agertoki" bilakatu dute. Horrekin batera, Frantziako Tourra da aurtengo espazioaren beste protagonista, 1992tik lehen aldiz irteera egingo baitu erkidegotik, zehazki, Bilbotik. Horrekin batera, apustu berezia egin dute Japoniatik turismoa erakartzeko. Gainera, Helmuga Turistiko Adimendunen saria jaso zuten asteazkenean Goierri, Uribe eta Arabako Errioxak, esparru horretan emandako aurrerapausoengatik.

Eta euskaldunok, zenbat?

INEk emandako datuen arabera, 2022ko lehenengo hiru hiruhilekoetan nafarrek batez beste 296 euro utzi zituzten bidaietan; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleek, berriz, 419 euro. Zifren arteko aldea azaldu daiteke batez ere bidai horietan igarotako egun kopuruagatik: foru erkidegoko bidaiarien kasuan 4,89koa da; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarenean, berriz, ia bikoitza —8,54koa—. Hala ere, Nafarroan 1.000 biztanleko 1.388 bidai egin dira; EAEn, datu hori 1.265ekoa da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK